Denis Kozhukhin pianista, Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriaren protagonista
Date
13.01.25 - 16.01.25
Lieu
Bizkaia - Bilbo

Gabonetako geldialdiaren ostean, Euskadiko Orkestrak Denboraldi Sinfonikoarekin jarraituko du eta hurrengo egunetan programa berri bati ekingo dio, Brahmsen ‘Pianorako 1. Kontzertua’ izango duena plater nagusi Denis Kozhukhin errusiarraren eskuetan.
Alexandre Bloch orkestra-zuzendari frantsesak hartu du Robert Treviñoren lekukoa urtarrilaren 10etik 16ra Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean izango diren kontzertuetan. Sarrerak salgai daude 10 eta 40 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak ostiral honetatik aurrera 24/25 Kontzertu Denboraldiko bosgarren programari aurre egingo dio, ‘Brahms / Dvorak’ izenekoa. Alexandre Bloch-ek zuzenduko dituen kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostiralean, urtarrilak 10, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehen eta ostegunean, urtarrilak 13 eta 16, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, urtarrilak 14, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; eta asteazkenean, urtarrilak 15, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19.30ean izango dira.
Lehen orkestra-lan handia
Johannes Brahmsen Pianorako 1. Kontzertua bere lehen orkestra-lan handitzat jotzen da, eta, gainera, Erromantizismo alemaniarraren pianorako kontzertu handienetako bat ere bada. «Hizkuntza sinfoniko oso garatua du eta, gainera, sakona da, bere noten artean Brahmsek Schumannen heriotzagatiko mina eta Clara Schumannekiko adiskidetasunaren eta maitasunaren arteko harreman sutsuaren zailtasunak islatu zituela esaten baita», adierazi dute Euskadiko Orkestrako ordezkariek.
«‘Pianorako 1. Kontzertua’-k une gogoangarriak ditu bakarlariarentzat, hala nola bere hirugarren mugimendua, zailtasun eta birtuosismo handiko zati pianistikoa duena», gaineratu dute.
Hori horrela, Euskadiko Orkestrak pianojole aparta gonbidatu du, Denis Kozhukhin, 2010ean Belgikako Isabel Erregina Lehiaketa irabazi zuena eta nazioarteko ibilbide arrakastatsua izan duena.
Bere biografiaren arabera, kritikak goraipatu du bere emanaldiak «liluragarriak, premiazkoak eta hipnotizatzaileak» direla. «Teknika bikaineko piano-jotzailea da, sakontasun emozionala eta sofistikazioa ditu eta bere interpretazio boteretsuei esker errekonozimendu esanguratsua irabazi du, bere belaunaldiko musikari garrantzitsuenetako bat bezala sendotuz», esan dute.
Brahmsen ’Pianorako 1. Kontzertua’-ren ostean, Alexandre Bloch eta Euskadiko Orkestrak Antonin Dvoraken 6. Sinfoniari egingo diote aurre, hasiera batean aurreikusita zegoen Schoenbergen ‘Pelléas et Mélisande’ ordezkatuko duen obra, Brahmsen ‘Bigarren Sinfonia’ modu argian omentzen duena. Dvorak eskertuta sentitu izan zen beti Brahmsekin, haren ibilbidea nazioartekotzen lagundu ziolako.
Alemaniarra bere garaiko konpositorerik handiena zela esan ohi zuen, eta bere lanetako batzuetan haren musikarekiko keinu zuzenak txertatu zituen. Dvoraken lanaren tonua re maiorra da, Brahmsen Bigarrenaren kasuan bezala. Dena den, Brahmsen eragina izan arren, ‘6. Sinfoniak’ bere ahots propioa du. «Protagonismo nabarmena dute Dvorakek maisutasunez erabiltzen zituen egurrezko eta metalezko haize-instrumentuek, eta talentu melodiko handia du, musika herrikoi bohemiarraren espontaneotasuna eta freskotasuna gogora ekartzen dituena», diote.
Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.
Emplacement
Euskalduna Jauregia
Abandoibarra, 4
Bilbo. Bizkaia