Gorka Urbizuk Iruñean, Bilbon eta Donostian aurkeztuko du ‘Hasiera bat’
Date
31.10.25 - 16.11.25
Lieu
Gipuzkoa - Donostia

‘Hasiera bat’. Bakarkako lan berriaren izenburuak garbi islatzen du Gorka Urbizuk bizi duen etapa berria. Hamar kantuz osatutako lana ondu du eta aurkezpen bira betean dabil.
Urriaren 31n eta azaroaren 1ean Bilbon eskainitako zuzenekoen ostean Iruñearen txanda da. Ostiral eta larunbat honetan –azaroak 7 eta 8– Baluarten du hitzordua jarraitzaileekin. Datorren astean –azaroak 10 eta 11– berriz Bizkaiko hiriburuan arituko da, oraingoan Kafe Antzokiaren 30. urteurrenean. Eta Donostian esango dio agur birari lau emanaldirekin. Azaroaren 13an hasi eta 16an bukatu Victoria Eugenia Antzokian. Sarrerak di-da saldu ditu biran. Berri Txarraken ondorengo ibilbidea gozo ari da bizitzen lekunberriarra.
‘Hasiera bat’ (Only In Dreams, 2024) lanarekin ibilbide berriari ekin zion Gorka Urbizuk, NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan luze eta zabal azaldu zigun bezala. Berri Txarraken agurretik ia bost urte beranduago abiatu zuen etapa berria, eta ibilbide emankorra ari da izaten orduz geroztik. Berriki euskarazko urteko diskorik onenaren saria eskuratu du MIN sarietan Euskarazko Diskorik Onena izendatu dute. Hatortxu Rock jaialdian egon da.
Lleida inguruko 1904ko antzoki zahar bat eta zortzi-pistako analogiko xume bat izan ditu ardatz diskoaren prozesuan. Kendu eta kendu muinera iristeko. Hauxe Urbizuren lan filosofia.
«Egungo gure bizitzeko modu frenetikoaren ifrentzua da Gorka Urbizuren ‘Hasiera bat’ lana, hitzaren eta kantuaren sortze lanak eskatzen duten patxadaz ondua. Barnera biltzeko gonbite bat eta deslilurarentzako lekurik ez dagoen toki sekretu bat. Munduaren basakeriaren aurrean edertasun dosi bat eskaintzeko ahalegin gordin bat. Jordi Matasek ekoitzia, bere biluzian erpin ugari erakusten duen diskoa da hau. Maitasunez eta maitasunaz egina. Ez alde egin denbora baino lehen. Helduko da. Heldu da. Eta hau, hasiera bat baino ez da», hitzekin aurkeztu zuten lan berria.
«Osorik entzuteko aukera eman nahi nizuen, aurrerapenik gabe», nabarmendu zuen musikariak Instagramen zabaldutako mezuan. Sare sozialetan gaineratu zuenez, «maitasun osoa jarri dut hamar doinuotan. Espero dut kantuok modu batean ala bestean zuekin konektatzea. Eta alderantziz».
Birari hasiera ere Donostian eman zion Urbizuk 2024ko otsailean, baina aurretik GARAren 25. urteurrenaren karira elkarrizketa akustikoa eskaini zuen egunkariaren Donostiako erredakzioan, urtarrilaren 30ean.
Emplacement
Victoria Eugenia antzokia
Argentinar Errepublika, 2
Donostia. Gipuzkoa