EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikertaldearen erakusketa Bilbon

Date

18.03.25 - 16.04.25

Lieu

Bizkaia - Bilbo

Erakusketaren irudia.
Erakusketaren irudia. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikertaldeak erakusketa ireki du Bilbon. Apirilaren 16ra bitartean EHUren Bizkaia Aretoan dago ikusgai.

EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldea 2011n jarri zen abian. Memoria historikoaren arte-errepresentazioen ikerketara, hezkuntzara eta dibulgazio ekintzetara bideratu ditu bere jarduerak, bereziki kontuan hartuta XX. eta XXI. mende hasierako euskal kulturaren eta eremu iberiarraren esparruak.

Taldeak hezkuntzara bideratutako jardueren testuinguruan kokatzen da erakusketa. 2023 eta 2024 bitartean garatutako hezkuntza ekintzak erakusteko sortua da. Bi esku-hartze didaktikoren berri ematen da: batetik, gaztetxoentzako Memoriaren Artea eta Artearen Memoria Hezkuntzan proiektuaren pausoak jarraitu daitezke, eta, bestetik, Arte Ederretako ikasleek Gernika(k) biltzarrerako sortutako kartelen irudiak ikusi.

Mari Jose Olaziregi irakasle katedraduna buru duen taldearen helburuak hauek dira une honetan: Gernikako bonbardaketak (1937) eta Picassoren ‘Guernica’ (1937) koadroak euskal artegintzan utzitako aztarnak erregistratzea eta trauma historiko horrek izandako birsemantizazioak sakonean aztertzea.

«Bide horretan antolatu zen, adibidez, Gernika(k)/Guernica(s) Nazioarteko Kongresua, EHUko Udako Ikastaroen programaren baitan Gernikan bertan egin zena eta memoria gaietako erakundetako ordezkarien mahaingurua zein askotariko hizlarien hitzaldi eta aurkezpenak bildu zituena», adierazi dute taldekideek.

Xabier Erkiziaren ‘Aire errea’ soinu-instalazioa eta erakusketa ere orduantxe egon zen ikusgai Gernikako Bakearen Museoan, gerraren zaratari buruz hausnartzeko.

Taldeko arduradunek iragarri dutenez, biltzarrean aurkeztutako ekarpenek laster ikusiko dute argia, eta ez da aurkeztuko duten argitalpen bakarra: berriturik dakarten webgunean Gernika(k) datu-basea elikatzen ari dira dagoeneko. Bertan jasotzen dira Gernikako bonbardaketa zein Picassoren koadroa ageri duten artelanen fitxak: eleberri, kantu, ipuin, irudi, ikus-entzunezko, ekitaldi eta abarrak.

Ikertaldeko EHUko Hezkuntza Fakultateetako eta Letren Fakultateko irakasle talde batek bideratu du Memoriaren Artea eta Artearen Memoria Hezkuntzan proiektua, unibertsitatea-gizartea programa bati esker unibertsitateko kideen eta kanpo eragileekin elkarlanean sortua. «Haur eta gazteentzako proposamen didaktiko interartistikoa da, Euskal Herrian, beren historia hurbilean zehar, eragin sakona izan duten gizarte gatazkak haur eta gazteengana hurbiltzeko, eta horien inguruan kritikoki eta sormenez hausnartzeko. Laster ikusiko du argia, Erein argitaletxearen eskutik eskolarako material horrek. Erakusketan eskolarako materiala sortzeko prozesua eta pausoak zein izan diren azaltzen da, bai eta gaztetxoekin pilotatzeetan egindako esku-hartzeen bideoak eta  irudiak erakutsi ere», adierazi dute.

MHLIko Arte Ederren Fakultateko MHLIko ikertzaileek sustatu dute Gernika(k)/Guernica(s) Kongresuaren kartelgintza izeneko proiektua, ikastegiko Diseinuko Graduko zenbait irakasleren lankidetzari esker. MHLI taldeak 2024ko ekainean Gernika-Lumon antolatutako kongresuaren kartela sortzeko, hezkuntza-jarduera bat garatu zen Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinua Graduko 3. mailako ikasleekin, eta jardueran sortutako irudiak dira, hain zuzen ere, Bilbon erakusten direnak. Ikasle horietako baten irudia, Amets Leriarena, aukeratu zen lehenago aipatu nazioarteko biltzarra iragartzeko.

10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara dago zabalik. Sarrera doan.

Emplacement

Bizkaia Aretoa
Abandoibarra 3
Bilbo. Bizkaia