Etsaiak Eroak, Yakovlev 42 eta Zirt-Zart Errenterian

Date

04.05.24 - 04.05.24

Lieu

Gipuzkoa - Erreneteria

Yakovlev 42 taldeak disko berria aurkeztuko du Niessen kulturgunean.
Yakovlev 42 taldeak disko berria aurkeztuko du Niessen kulturgunean. (YAKOVLEV 42)

Oarso Musika kolektiboak kontzertu berri bat antolatu du maiatzaren 4ko gauerako. Errenteriako Niessen kulturgunean izango da hitzordua eta Etsaiak Eroak, Yakovlev 42 eta Zirt-Zart taldeek osatuko dute afixa. Sarrerak dagoeneko salgai daude, eta 12 euroren truke eskura daitezke Kultura Kreatiboa atari digitalean. Emanaldia arratsaldeko 19.50ean hasiko da eta sarrerarekin batera Etsaiak Eroak eta Yakovlev 42 taldeen disko berriak oparituko dira.

Etsaiak Eroak

Etsaiak taldeko Auo abeslari mitikoak gidatzen duen banda da honakoa. Etsaiak taldearen errautsetatik sortzen da Etsaiak Eroak, eta Lekeitioko taldearen musika bidea errepasatzen dute zuzenekoetan nagusiki, maketa garaiko kantuetatik estudioko azken diskorako bidean. Etsaiak taldearen diskografia oparoarekin batera berriki kaleratu duten ‘Destroy the Silence’ disko berriko kantuak entzungo dira Errenterian. Diskoaren aurkezpen biran murgilduta, asteburu beroa izango du taldeak, eta bide horretan Laudioko Drumgorri aretoan joko dute ostiral gauez.

Yakovlev 42

Yakovlev 42 taldea albiste iturri da azken aste hauetan. Alde batetik disko berria dutelako besapean, labetik atera berri duten ‘Adierazpen Askatasuna’ lana. Bestetik, taldeko musikari batzuek Donostiako Instrukzio Epaitegira joan beharko dutelako maiatzaren 6an, epailearen aurrean deklaratzera, Guardia Zibilak taldearen hitzak ikertu eta ‘gorroto delitua’ leporatu ondoren. Izan ere, taldearen disko berria adierazpen askatasunaren aldeko aldarri bat bezala sortu da, errepresio politiko eta kulturalari hortzak erakusteko punk giro oldarkorretan.

Zirt-Zart

Gaueko hirugarren taldea eta emanaldia zabalduko duena Zirt-Zart izango da. Musikari beteranoak biltzen dituen banda berria da honakoa, betiko punk doinu borrokalariak ardatz hartuta bidea egiten ari dena. Anti-Regimen, Malos Tiempos Bastardos edota Ezin Izan taldeetako kideak topa daitezke talde berri honetan.

Emplacement

Niessen kulturgunea
Niessen kulturgunea
Erreneteria. Gipuzkoa

Liens