Euskadiko Orkestraren Musika Gela, desberdintasunari eta bazterketari aurre egiteko bidea
Date
25.10.25 - 14.02.26
Lieu
Gipuzkoa - Donostia

Musika Gela zikloaren edizio berria aurkeztu du ostiral honetan Euskadiko Orkestrak. Lau ekoizpen propio ditu. Aurreko denboraldian aurkeztutako bi –‘Musika tantak’ eta ‘Logelan logale’–, eta bi estreinaldi –‘Nire ama antzara’ eta ‘Arriaga bizi da’–. «Euskadiko Orkestraren ekoizpen hauek eta beste batzuk erreferente dira sektorearentzat eta jardunbide egokien bidea markatzen dute; horren erakusgarri, horietako batzuk beste jaialdi batzuetan eta beste orkestra batzuekin programatu dira», adierazi dute.
«Hezkuntza eta gizarte zikloa urrunago doa Euskadiko Orkestra ongizate, osasun eta bizi-kalitate pertsonal eta sozialaren bektore bihurtzeko erabakian, eta proposamen berritzaile, aitzindari eta ausarten bidez egingo du hori, desberdintasunari eta bazterketari aurre egiteko modu gisa», gaineratu dute.
Zikloak 70 jarduera baino gehiago aurrikusi ditu guztira, eta horien artean daude ‘Musikazaleak’ tailerren bigarren edizioa eta kolektibo eta ikastetxeei zuzendutako Entsegu Irekiak.
Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. «Azken urteotan, inoiz baino gehiago, zikloak arreta berezia eskaintzen dio gizarteko sektore zaurgarrienari. Kolektibo zaurgarrien inklusioa eta kulturarako irisgarritasuna sustatzeko helburuarekin, ekintza ugari txertatu dira Musika Gelaren ziklo berrian», diote.
Hain zuzen ere, egunotan Miramonen ikusgai dagoen ekoizpenak (Musika tantak) bereziki bilatzen du kulturarako irisgarritasuna eta kolektibo kalteberen ikusgarritasuna. «Proposamen berritzailea, aitzindaria eta ausarta da. Musika tantaken, gure orkestraren musikariek eta gaitasun desberdinak dituzten musikari gazteek eszenatokia partekatzen dute unibertso magiko bat sortuz, non talentu bakoitzak bere lekua aurkitzen duen, aniztasunak pertsona guztiak aberasten gaituela erakusteko», adierazi dute.
Ekoizpen hau joan den denboraldian estreinatu zen Kursaalen eta orain inklusiboagoa izateko asmo bikoitzarekin itzuli da. ‘Musika Tantak’ egun hauetan (urriaren 23tik 30era) Eskola Kontzertu gisa eskaintzen ari da eta Musika Gelaren adar honetan jarduera inklusibo bat txertatzen den lehen aldia da. Gipuzkoa osoko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 2.800 ikaslek hartuko dute parte ekoizpen horretan, inklusio sozialaren baitan beharrezkoa den ariketa batean.
Gainera, ‘Musika Tantak’ ekoizpenak Musika Familian kontzertu bat du urriaren 25ean Miramonen, saio lasai gisa proposatzen dena. Formatu hori joan den denboraldian estreinatu zen eta zikloan geratzeko etorri da. Saio lasaiek elkarbizitza inklusiborako ateak irekitzen dituzte, non familia guztiek besaulki-patioa partekatzen duten, desgaitasunen bat duten kideak dituzten familiak zein halako kiderik ez dutenak. Elkarteek astegunetan antolatzen dituzten jardueretatik kanpo desgaitasunen bat duten pertsonek gehien nahi dutenarekin banaka parte har dezaten sustatzeko modu bat da, gainerako pertsonek beren portaera epaitzeko beldurrik gabe.
Beren beharretara hobeto egokitzeko asmoz, saio lasaiek ohiko kontzertu bateko errutinak baino toleranteagoak diren baldintzak betetzen dituzte, ohiko protokoloa hain zorrotz jarraitu gabe. «Kontzertu-aretoko ateak irekita egongo dira saio osoan zehar, gure publikoa ekitaldi osoan zehar sartu eta irten ahal izateko, nahieran. Aretoa beti argiztatuta egongo da, ilunpean gera ez dadin, eta arreta berezia jarriko da argi distiratsurik, zarata gogorrik eta ezusteko elementu sentsorialik egon ez dadin. Ikus-entzule guztiek jarrera lasaia izango dute ikuskizunean zehar edozein zarata edo mugimenduren aurrean. Aretotik irten behar izanez gero, sarrerako hall-a espazio alternatibo bat izango da, gure publikoak atseden hartu ahal izateko eta, prest dagoenean, berriz ere ekitaldiarekin bat egin ahal izateko. Eta artistak eta langileak sentsibilizatuta egongo dira inklusio-praktika onenekin», azaldu dute.
‘Nire ama antzara’ ekoizpenak ere saio lasai bat izango du, 2026ko otsailaren 14an Miramonen egingo den Musika Familian kontzertuan.
Sarrerei eta ordutegiei buruzko informazio gehiago webgunean.
Emplacement
Euskadiko Orkestra
Miramon Pasealekua, 124
Donostia. Gipuzkoa