Euskal Metalheads Fest, gure metalaren topaketa «bakarra, mitikoa eta kolosala»

Date

18.10.25

Lieu

- Bilbo

Esker eskuin, Dani Alvarez, Mikel Kazalis, elkartaren bozeramalea eta Sergio Ruiz.
Esker eskuin, Dani Alvarez, Mikel Kazalis, elkartearen bozeramalea eta Sergio Ruiz. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Su Ta Gar, Anestesia, Eraso!, Soziedad Alkoholika, Angelus Apatrida eta Crisix taldeak bilduko ditu urriaren 18an, eta Bilboko Miribillako Bilbao Arena pabiloian, Euskal Metalheads Fest jaialdiak. ‘Mitikoa’, ‘kolosala’, ‘historikoa’... adjektibo dexentez definitu daiteke jaialdi hau. Eta zer dela-eta? Sei talde indartsu bilduko dituelako, horietatik lauk euskal metalaren historiaren banda beteranoenak... eta, harrigarria badirudi, lehen aldiz elkartuko dira lau hauek kartel batean, ez baitute sekula elkarrekin jo. 

6.000 bat lagun espero dituzte –7.500eko edukiera du guneak– eta sarrerak 66,6 eurotan ezarri dira. Bilbao Arenan bertan aurkeztu dute ostegunean hitzordu hau Mikel Kazalisek (Anestesia), Sergio Ruizek (Eraso!), Euskal Metalheadseko bozeramaileek eta Dani Alvarez kazetariak. 

Jaialdi honek garai baten bukaeraren ‘usainik’ ez al du?, galdetu diogu musikariei. «Gaur egun metala ez da popularrena –aitortu du Mikel Anestesiak–. Zentzu batean, jaialdi honek eduki dezake azken hamarkadetan bizi izan dugun musika baten islaren kutsua, baina ez da despedida bat, zeren gu bizirik gaude eta jarraituko dugu gauzak egiten. Baina egia da Eraso! taldekokideak justu justu iritsi direla hona [agur bira batean sartuta daude] eta jaialdi hau ezin izango litzatekeela egin hurrengo urtean. Gauza bera gertatu daiteke datozen urteetan, Su ta Gar, AHH eta gu beteranoak garelako, 30 urte eta piku daramagulako musikan. Ez nuke despedida bezala ikusiko, baina bai itxi dezakeela azken hamarkadeetako euskal metalaren istorioa».

Garai historiko baten itxiera bezala irakur zitekeen jaialdi honen antolaketa Euskal Metalheads Kultur Elkartekoaren erantzukizuna da. Lagun talde bat, metalaren zaletu sutsuez osatuta.

Elkarteak bi hamarkada bete ditu uda honetan, eta urteurren hori ospatzeko, antolatu dute jaialdia. Helburu argi batekin jaio da ekimen hau, gainera: «Metal musika gizartean sustatzeko behar adina bideragarri izatea, kalitatezko hitzordu baten bidez, non taldeei zein publikoari eskaintzen zaien arreta nagusi izango den, eta ohiko agentzia zein promotorren interes merkantilistetatik urrun kokatuta», ostegunean aipatu dutenez.

Zaleek sortu eta zaleentzako egindako jaialdi autogestionatua da, gastuak estaltzea baino ez du helburu, inolako irabazi ekonomikorik lortu gabe. Horregatik, iazko azaroan, kartel osoa ezagutu aurretik, sarreren salmenta abiatu zuten (kudeaketa-gasturik gabe); egun, pistako sarrerak jada agortuta daude.

Horrez gain, merchandising mota askotako salmentarekin lagundu dute. Antolakuntzak berak nabarmendu du: «Gu ere zaleak gara, zuen moduan, promotorren gainetik; badakigu zer behar den gozatzeko eta jendeak iruzur-sentsaziorik izan ez dezan. Ez dugu dirua irabazi nahi; galdu ez egitea besterik ez». 

Eta ezustekorik egongo al da? Hau da, bandeen arteko elkarlana, kolaborazioak...? «Ezustekoren bat egongo da, bai. Aurrerapen bat emango dizuegu –antolatzaileak–: datorren astean taldeek kontzertu honetarako espreski prestatu dituzten set list bereziak emango ditugu jakitera».

Agur bat, gero arte asko 

Sergio Ruiz Glez.-Txabarri ‘Sertx’, Eraso! taldeko ahotsa eta kitarrak hauxe adierazi du: «Guretzat oso berezia izango da kontzertu hau. Berezia eta bakarra, zeren gu agur esaten ari gara, agur bira baten bidez gure 30. urteurrenean, eta nahiz eta talde guztiak ezagutu, eta askotan egon gara batera jotzen, lau talde euskaldunek ez dugu inoiz egun berdinean eta oholtza berdinean jotzeko aukerarik izan, eta horrek xarma berezia emango dio». 

Zarauzko Eraso! izango da, beraz, taula gainean; ia 30 urteko ibilbidearen ostean, agur bira emango dute, dotorezia eta maila handiz, euren zortzigarren diskoarekin: ‘Azken batean’.

Eibarko Su Ta Gar izango da ere, 1987an hasitako ibilbidean hamaikagarren estudioko lanarekin; kritikaren txalo zabala jaso duen ‘Alarma’ diskoarekin biran jarraitzen dute. 

Zarauztik bertatik egongo da baita ere Anestesia, 1988an sortu zenetik egiten dutena egiteko gogo biziz: euren Thrashcore bereizgarriaren bidez gure entzumenak astintzea.

Bestalde, Kataluniatik –Igualadatik zehazki– etorriko da Crisix thrash taldea. 16 urteko jardun etengabearen ondoren, 2025eko urtarrilaren 1ean hartu zuten atsedenaldi mugagabean eten berezi bat egingo dute urteurreneko ospakizun honetan egoteko. Zalantzarik gabe, generoko talde handienetako bat dira.

Ez da faltako, gainera, 25. urteurrena ospatzeko, Albaceteko Angelus Apatrida ere. ‘Aftermath’ disko sendoa argitaratu ondoren, zalantza oro desegin dute, mundu mailan Thrash Metal estiloko estatuko erreferenterik handiena zergatik diren argi utziz.

Eta, azkenik, kartela osatuko du Gasteizko Soziedad Alkoholikak, benetako indar-garraiagailuak. Estatu mailako crossover thrash-aren erregeak dira: zazpi hamarkadetan zehar agertokiak astindu dituzte, eta euren jarraitzaile leialen olatu handi bat eratu dute, bai Euskal Herrian, bai nazioartean.

Informazio praktikoa 

Informazio gehiago eskuratzeko, www.euskalmetalheads.com webgunea kontsulta daiteke, baita euren sare sozialak ere. Hor, jaialdiaren xehetasun guztiak argitaratzen dituzte eta sarreren zein merchandising-aren erosketa estekak aurki daitezke.

Halaber, www.divertisenvivo.com webgunean erreserbatu daitezke jaialdira hurbilduko diren autobusetako plazak; ibilbideak toki askotatik aterako dira, besteak beste, Altsasu, Arrasate, Beasain, Donostia, Eibar, Errenteria, Gasteiz, Irun, Iruñea, Ordizia, Tolosa eta Zarauztik.

Antolakuntzak gogorarazi nahi izan du, gainera, aukeratutako data (2025eko urriaren 18a) beste Heavy Metal ekitaldiekin bat ez etortzeko pentsatua izan dela eta aukeratutako kokalekua (Bilboko Miribillako Bilbao Arena) komunikazio eta ostatu eskaintza zabala bermatzeko, eta era berean Bilboko Alde Zaharraren gertutasuna kontuan hartuta hautatua izan dela.

«Hasierako ordua 17.00etan izango da, ateak 16.00etan irekita, jendeak aurretik poteatzeko eta bazkaltzeko tarte nahikoa izan dezan; amaiera-ordua, berriz, horrela ezarriko da: alde batetik, Alde Zaharreko Metal tabernetan gaueko aisialdia bermatzeko eta, bestetik, garraio publikoetara iristeko aukerak errazteko», adierazi dute amaieran.

Emplacement

Bilbao Arena

Bilbo.