‘Everything Near Me’, Laida Lertxundi eta Ren Ebelen erakusketa Artiumen

Date

24.06.23 - 24.09.23

Lieu

Araba - Gasteiz

‘In a Nearby Field’ filmaren fotograma.
‘In a Nearby Field’ filmaren fotograma. (ARTIUM MUSEOA)

‘Everything Near Me’ erakusketa ireki dute Laida Lertxundik eta Ren Ebelek Gasteizko Artium Museoan, Z aretoan, zehazki. 

‘Everything Near Me’ [Nigandik hurbileko guztia] instalazioa bi filmek osatuta dago: ‘025 Sunset Red’, Laida Lertxundirena, eta ‘In a Nearby Field’, Laida Lertxundi eta Ren Ebelena. Lehenengoan, paisaia afektibo desberdinak ikertzen ditu egileak, bi testuinguru soziopolitiko jakini dagozkienak, Euskal Herriari eta Kaliforniari. Bigarrena bi urtez Euskal Herrian filmatua da,  eta bertan uztartzen dira egunerokotasuneko eszenak paisaia oparoekin, bizitza osatzen eta eusten duten une iragankorrak.

Laida Lertxundik (Bilbo, 1981) landscape plus (paisaia eta zerbait gehiago) izeneko metodologia batekin lan egiten du, talde ariketak, behaketa argazkiak, musika, ekintza eta ausazko ekitaldiak uztartuz.

«Lurraren eta gorputzaren artean paralelismoak ezartzen ditu, berarentzat atsegin eta esperientzia guneak, biak», adierazi dute Artium Museotik.

Bere lanak ondoko erakundeetan egon dira ikusgai: High Line Art, New York (2023), Whitney Biennial, New York (2012), Hammer Museum (2016), LIAF Biennial (2013), Biennale de Lyon (2013), Frieze Projects New York (2014), MoMA, New York (2022, 2017) eta Tate Modern, London (2016), besteak beste. Pedagogia oso garrantzitsua da Laidaren praktikan, eta gaur egun Lyongo Ecole Nationale Superieure des Beaux-Arts-eko irakaslea da.

Ren Ebel Kaliforniako (AEB) artista da. Bideoa, soinua, idazketa eta marrazketa lantzen ditu. Kaliforniako San Diegoko Unibertsitatean jaso zuen bere Arte Ederretako lizentziatura eta masterra, berriz, Kaliforniako ArtCenter College of Design-en, Pasadenan.

Bere lanak Gattopardo Gallery (Los Angeles), Now Instant Image Hall (Los Angeles), Spectacle Theatre (New York) eta Azkuna Zentroan (Bilbo) erakutsi dira. Eta idatziak Artforum, Mousse, X-TRA eta Frieze aldizkarietan agertu dira

Zinema eta artea

Artium Museoko Z aretoa zinema eta artea elkarrekin lotzeko modu berriak ikertzen dituen espazioa da. Ez da zinema areto batean egindako zikloa , ezta ohiko erakusketa ere. «Museoan hirugarren espazio bat eraikitzen duen proiektu bat da, lurralde zinematografikora hurbiltzen diren artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanak erakusteko eta aztertzeko. Museoan mugimenduan dagoen irudia pentsatzeko sortutako programa da, ta narrazio forma berriak bilatzen dituzten autoreak ezagutarazten ditu, historikoki hizkuntza zinematografikoa definitu duten konbentzioak, generoak eta kategorizazioak zalantzan jarriz», kontatu dute.

Irailaren 24ra bitarte dago ikusgai erakusketa asteartetik ostiralera 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Larunbat eta igandetan 11.00etatik 20.00etara.

Emplacement

Artium Museoa
Francia, 24
Gasteiz. Araba