‘Faux départ. Buru ezabatzailea’ proiektua paratu du Iñaki Garmendiak Oteiza Museoan

Date

13.02.25 - 25.05.25

Lieu

Nafarroa - Eguesibar

Erakusketaren irudia.
Erakusketaren irudia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Oteiza Museoak eta Uharte Zentroak ‘Faux départ. Buru ezabatzailea’ aurkeztu dute, Iñaki Garmendiak (Ordizia, 1972) garaturiko sorkuntza proiektua. Egitasmo hori bi erakundeen lankidetzaren emaitza da, eta bereziki sortua Oteiza Museoan ikusgai jartzeko.

Egitasmoaren abiapuntua Jose Sarriegi (Ordizia, 1911-1967) margolariaren busto galdua da, Jorge Oteizak 1934an zizelkatua. Gaur egun, jatorrizko busto haren irudi batzuk baino ez zaizkigu gelditzen. Presentzia sinboliko baina immaterial hartatik abiaturik, Garmendiak obra multzo bat garatu du, desagerturiko piezaren inguruko gerturatzea eta harekiko elkarrizketa proposatzeko. Hala, eskulturagintzak gure memoria aktibatzeko duen gaitasuna nabarmentzea du helburu.

Hain justu ere, egiazko bustoaren absentziak baina haren irudiaren eta irudikapenaren iraunkortasuna eta edukia dira erresonantzia beteko proiektu horren muina. Ildo horretan, gai erabakigarriak jorratzen ditu eskulturagintzaren esentziarekin loturik, eta Oteiza eta Sarriegiren obra eta bizitza gorabeheratsuekin lotzen ditu, biak ere arte hizkuntzen berrikuntza prozesuko protagonista izan baitziren XX. mendeko 30eko hamarkadan.

Prozesu horretan, Garmendiak proiektua osatzen duten material multzo zabal bat landu du, hala nola jatorrizko buruaren axonometriak –haren argazki-erreprodukziotik eta bustoaren inguruko hurbilketa eskultorikoetatik abiatuta egindakoak– eta marrazkiak.

Horiek guztiak ikusgai daude erakusketa honetan, HEAD izena duen hiru kanaleko bideo instalazioarekin batera (JAI–Jardun Artistikoentzako Institutuko bosgarren edizioko partaide-taldeak gauzatua). Bertan, herri kulturako erreferentzia garaikideek esku hartzen dute desagerturiko bustoaren arrastoari kontrasoinu egiteko.

«Hurbilketa horietan guztietan, errepikapenak eta malenkoniak zehazten dute erabat agertuko ez den pieza baten inguruabarra, zeinaren arrastoa aztarna baino ez baita izanen. Hori horrela, obraren auratasuna ez da hezurmamitzen erabat eta osorik, baizik eta modu partzial eta sinkopatuan; horrek areagotu egiten du irudiaren eta objektuaren arteko urruntzea, eta nabarmendu egiten du arteak esanahi-irristatze ugariren bitartez errealitatera gerturatzeko daukan gaitasuna», adierazi dute museoko arduradunek.

Hazitegia

Hazitegia programaren barruko zazpigarren proiektua da ‘Faux départ’. Tractora Koop elkartearen lankidetza izan du. Programa horren testuinguruan, artistak tailer bat eman zuen joan den urtearen amaieran Huarte Zentroan, proiektu horren ekoizpen prozesuari lotuta.

Ikuspuntu jaialdiarekin eta Iruñeko Udalarekin izandako elkarlanari esker, Ziudadelara eraman da proiektua. Zehazki, jaialdiaren Kontaktuak sailak S.T. Orbea (Orduña) instalazioa programatu du otsailaren 24tik apirilaren 27ra arte bisitatu ahal izateko (Iruñeko Ziudadelako 6. kasernan).

Instalazio hori egileak 2007an egindako bideo sorkuntza da, 42 minutukoa, Orbea euskal enpresak 1970 eta 1980 artean egin zuen Orduña izeneko lasterketa bizikleta berdearen grabaketari buruzkoa. Aldi berean, Oteiza Museoak Antonio Menchen artista bisual eta idazlearen eta Garmendiaren beraren arteko elkarrizketa antolatuko du otsailaren 25ean (11.00), Ikuspuntuk programatuta. Solasaldi horren ondotik, Altzuzako museoko erakusketa bisitatuko da, eta, jarraian, erakusketa-instalazioa inauguratuko da Ziudadelan (13.00).

Bisita ordutegia da asteartetik ostiralera 11.00etatik 15.00etara. Larunbatetan 11.00etatik 19.00etara eta igandetan 11.00etatik 15.00etara. Informazio gehiago hemen

Emplacement

Oteiza Museoa
Altzuza
Eguesibar. Nafarroa