Frankismoaren osteko aldarrikapenen leloak jaso ditu Nerea Lekuonak ‘Idealak’ erakusketan

Date

22.09.23 - 10.12.23

Lieu

Araba - Gasteiz

Nerea Lekuona, errotuluen muralaren aurrean.
Nerea Lekuona, errotuluen muralaren aurrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Asesinos», «asamblea», «etxera», «burguesia», «euskara», «dimite», «nuclear» eta «empleo» dira Frankismoaren ondorengo mobilizazioetan esaten ziren hitzetako batzuk. Hemerotekatan murgildu ostean bildu ditu Nerea Lekuona diziplina anitzeko artista gasteiztarrak garai hartako leloak ‘Idealak’ erakusketan, Artium museoan.

Askotariko tipografiak eta errotulazio deigarria erabilita sortutako mural batean biltzen dira hitz horiek. «Garai hartako errotulazio tradizionalean inspiratu naiz», azaldu du Lekuonak ostiral honetan erakusketaren aurkezpenean. Foru Aldundiko Photo Araba artxibo digitalean arakatu zuela esan du, argazkietan fatxadak eta kartelak bilatuz. Bide batez, gaur egungo idazkunen iraunkortasun txikiarekin alderatuta «iraun dezaten nahi izan dut», azaldu du.

Aldarrikapen horien eta Frankismoaren ostean boteretik zetozen lelo eta hitzen arteko «arrailan» dago erakusketaren muina, Enrique Martinez Goikoetxea komisarioak argitu duenez. Alegia, errotuluz jositako muralaren eta «atado y bien atado» edo «la calle es mía» bezalako esaldiak jasotzen dituzten mapa eta beste obra batzuen artekoa. ‘Laboratorio en Transicion’ lanetik datoz azken hauek.

Atzo, gaur eta bihar

Jose Ramon Cuesta historialariarekin batera hemeroteka eta artxiboetan miatzearen lan neketsua azpimarratu du artistak, funtsean iraganean oinarrituta dauden lanak dira eta. Izan ere, «memoria-ontzi bat» eraiki nahi du izan, orduko aldarrikapenak gogoratzeko eta berriak sortzeko, Lekuonaren esanetan.

«Leloetako batzuk gaur egun ere ohiukatzen» direla erakusteko, egungo bideo batek girotzen du erakusketa hartzen duen Artiumeko gela. Frantzia kalean grabatutakoa da, museoaren ondoan, Lekuonak azaldu duenez, handik igarotzen direlako Arabako hiriburuan egiten diren manifestazio guztiak.

Gaurkoak eta duela 45 urteko aldarrikapenak alderatuz, baina, «feminismoaren falta» sumatzen dela uste du Nerea Lekuonak. «Orduan abortuaz eta berdintasunaz hitz egiten zen, baina gaur egun aldarrikapen feministak egunkarietako orrialde asko hartzen ditu», gaineratu du.

A3 aretoan egongo da ikusgai ‘Idealak’ ostiral honetatik datorren abenduaren 10era arte. Horrekin batera, ostiral honetan bertan artistarekin topaketa egingo da 18.00etan eta, jarraian, 19.00etan, ‘Martxoaren 3ko abestiak: ahanzturaren eta inpunitatearen kontrako musika’ emanaldia. Azken hau Memoria Gara ekimenaren eskutik antolatu dute, Lander Gartziaren ardurapean.

Urriaren 27an 18.30ean Nerea Lekuonaren eta Sejo Carrascoren arteko solasaldia hartuko du museoak, Juan Ibarrondo moderatzaile dela.

Emplacement

Artium Museoa
Frantzia Kalea, 24
Gasteiz. Araba