‘Gernikak. Begiradak’, Xanti Arrietaren gogoeta guden zentzugabekeriaz

Date

07.02.25 - 24.10.25

Lieu

Gipuzkoa - Bergara

Xanti Arrieta, bere erakusketan.
Xanti Arrieta, bere erakusketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Picassoren ‘Guernica’ obratik abiatu eta gerren zentzugabekeriaz gogoeta egin du Xanti Arrietak. ‘Gernikak. Begiradak’ proiektuan artista bergararrak alboan izan ditu hainbat bidaide, hausnarketa kolektiboa bihurtuz. «Kolektiboa, polifonikoa eta poliedrikoa», zehaztu dute.

Picassoren obra unibertsala zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu du proiektuak, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta egun euskal kulturan erreferentzialak diren zenbait pertsonaren begiradak jasoz.

Izan ere, artistaren obrekin batera, erakusketan zehar, euskal kulturan erreferentziazkoak diren hamar kulturgileren gogoetak txertatu dira. Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariak, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleak, Eñaut Elorrieta kantugilea, Patxi Ibarzabal hezitzailea, Maite Aristegi nekazaria eta Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariak dira parte hartu duten kideak. Azken hau arduratu da testuen eta kolaboratzaileen koordinazioaz.

‘Nahiz eta irudiek listua garraztu/ misilek beti bide berbera marraztu/ mila bider ikusi mila bider ahaztu/ albistegiak ezin omen du zehaztu/ zenbat hil diren eta zenbat aberastu’, idatzi du Nerea Ibarzabalek.

‘Munduak armak ekoizten ditu, Euskal Herriak ere bai,/ hor ez dago ez zoru etiko, ez damu eske, ez epai,/ merkatuaren logikak dauka ingurua odolez blai,/ beharrezkoak dira Gernika, Gaza, Mariupol ta Tigray,/ hildako asko izan daitezen gutxi batzuen bizigai,/‘ bere aldetik, Amets Arzallusek.

«Aurrean duzuna ez da atseden gunea. Ezta begiratoki ederra ere. Burdinazko aulki txatar batean zaude jesarrita. Deseroso, ipurdia jarlekuaren pleguetara egokitu ezinik. Parean duzun errealitatea ez duzu gustuko. Entzuten duzun garrasiaren gordinak bihotza urratzen dizu, baina ez dakizu zer egin, zer esan, nola jardun. Orrialdea pasa? Telebista itzali? Munduari bizkarra eman?». Erakusketaren sarreran irakur daitekeen testuak garbi adierazten du bai Arrietaren bai Ramirez de la Piscinaren asmoa. 

‘Gernikak. Begiradak’ erakusketa ezinegonetik sortu den begirada kolektiboa da. «Gernikan 1937an izandako bonbardaketatik gaur arte zein gutxi ikasi dugun ikusarazten digun oihu erdiragarria. Izan ere, guk ezagutzen dugun Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude. Gehienak askoz ere bortitzagoak, askoz ere odoltsuagoak. Laztura. Izua. Heriotza. Basakeriaren oihartzun bipila helarazten dizkiguten toki-izenak dira: Malaga-Almeria errepidea, Tokio, Hiroshima, Dresde, Varsovia, Gaza... Guretzat, akaso, ezezagunagoak. Urrutikoegiak, agian? Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza berri jasateko prest gaude, gu —XXI. mendeko lehen laurdenera iritsi garen munduko hiritar modernook— gure besaulkitik zirkinik ere egin gabe?», diote. 

Teknika eta material desberdinak –eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmalte, zura...– erabiltzen ditu Arrietak. Ibilbide luzea du atzean artista bergararrak.

Bisita ordutegia: Asteartetik ostiralera 18.00etatik 20.30era. Larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30era. Igandetan 12.00etatik  14.00etara. Sarrera doan.

Otsailaren 23ra arte dago ikusgai Bergarako Aroztegi aretoan. Ondoren Gasteiz (martxoaren 4tik 27ra IAK Izaskun Arrue Kulturgunean); Altsasun (apirilaren 1etik 27ra Iortia aretoan) eta Gernikan (urriaren 3tik 24ra Astra eraikinean) izango da.

Emplacement

Aroztegia Aretoa
Barrenkalea, 7
Bergara. Gipuzkoa