Gero arte, Agur

Date

15.08.25 - 15.08.25

Lieu

Bizkaia - Gernika

Dela, Martin eta Toni dira Agur.
Dela, Martin eta Toni dira Agur. (AGUR)

Agur taldeak bere musika bidean etenaldi bat egitea erabaki du lau urtez agertokiak aztoratzen izan eta gero. Bidean iraupen luzeko bi disko grabatu dituzte, eta dozenaka emanaldi bero eskaini Euskal Herriko gaztetxe, txosna gune, kale kantoi eta taberna ezberdinetan. Azken emanaldia abuztuaren 15 arrats gauean eskainiko dute Gernikako Arrano tabernaren aurrean, gaueko 21.00etan hasita, eta herriko jaien barnean. Lagunartean egingo dute, kale giroan, eta milaka wattio eta argi ikusgarrietatik at, jende artean joko dute anplifikagailuen indarrez soilik ‘Gero arte’ izena jarri dioten emanaldi berezian.

Iparragirre Rock Elkartea

Beste dozenaka musika taldea bezala, Gernikako Iparragirre Rock Elkartean sortu zen Agur egitasmoa, bertako entsegu lokaletan eta tabernetan bat egiten zuten hiru lagunen artean. Izan ere, horrelako guneak ezinbestekoak dira musika taldeak sortzeko, eta segur aski, Agur taldea ez zen gauzatuko Iparragirreren babesik gabe. Hasierako musika jolasek, egitasmo sendo bati eman zioten bide, eta konturatzerako agertokian ziren egurra banatzen. BackBone, Myotones edota Primeros Auxilioss taldeetan arituak, laster ekin zioten kantuak zirriborratzeari, eta horrela sortu ziren taldeak argitaratu dituen bi diskoak: ‘Garena Gara’ (2023) eta ‘Hil egingo zara’  (2024), biak Tough Ain't Enough Records diskoetxearen eskutik editatuak binilo ederrean.

Azidoak eta zirikatzaileak

Musikalki punk rock azkar eta melodikoa jorratzen du Agur taldeak, kantu zuzen eta koloretsuak landuz, letra azido eta zirikatzaileekin. Hala ere, taldearen indargunea zuzeneko emanaldietan dago, eta bertan egiten dute eztanda kantuak, estudioan ganoraz landutakoa zuzeneko energiaz bustiz. Ostiralean azken aldiz taularatuko dituzte kantuak, nork daki, epe luze baterako, edo betirako akaso. Beraz, aukera paregabera Agur taldeari merezi duten ‘Gero Arte’ emateko.

Emplacement

Arrano tabernaren kanpoaldea
Juan Kaltzada, 4
Gernika. Bizkaia

Liens