Goxua'n Salsa, Barasoainen eta Itsasun
Date
23.08.25 - 23.08.25
Lieu
Nafarroa - Barasoain

Uda iristearekin batera, erritmo beroak nagusitzen dira gure agertokietan, eta musikalki doinu dantzagarriak dira errege amaigabeko gaualdi beroetan. Euskal Herria jaietan murgildua da, eta ugariak dira han-hemenka diren emanaldiak, musika talde askoren joan etorrian.
Horietako bat Goxua'n Salsa talde nafarra da, eta abuztuan sei kontzertu eskainiko ditu gurean, bigarren diskoaren aurkezpen biraren barnean. Dagoeneko Donostiako Aste Nagusi Piratan eta Tafallako jaietan jo dute, eta aste honetarako beste bi emanaldi hitzartu dituzte Barasoain eta Itsasu bisitatuz abuztuaren 23 eta 24an hurrenez hurren. Gaueko 00.00etan igoko da taldea agertokira Barasoainen, eta Itsasuko emanaldia 19.00etan hasiko da. Azken emanaldi honetan Kalume, Janus Lester eta Buzbuu taldeak ariko dira ere. Bi emanaldiak doakoak izango dira.
Goxua'n Salsa
2020. urtean sortu zen Goxua’n Salsa musika egitasmoa Iruñea zaharrean, musika abentura ezberdinetan ibilitako musikariek osatua, eta nagusiki, Euskal Herriko zein Kolonbiako musikariak batuz proposamen ausartean. Nagusiki Puerto Rico eta Kolonbiako salsa tradizionala lantzen dute, eta era berean euskal ukitu eta ezaugarriek tarte handia dute konposizioetan. Gainera, cumbia, salsa, edota boleroek ere toki nabarmena dute taldearen musikan.
Bost urteko bidean iraupen luzeko bi disko kaleratu dituzte, kantu propioak eta abesti ezagunen moldaketak uztartuz. Horietako azkenak ‘Urak eginen du bide’ izena du. Aurreko lanaren bidetik jarraitzen du euskaraz eta gazteleraz abesturiko giro bero eta dantzagarrietan barna. Taldearen azken kantua elkarlanean egin dute, Iruñeko Peñen Federazioarentzako ‘Hamasei Taupada’ abestia sortuz.
Emplacement
Plaza
Plaza
Barasoain. Nafarroa