Hitzetatik Ekintzetara, kultura eta hizkuntza aniztasuna sustatu nahi duen egitasmoa

Date

19.05.25 - 20.06.25

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Aurtengo edizioaren kartela.
Aurtengo edizioaren kartela. (KUTXA FUNDAZIOA)

Martxan da Hitzetatik Ekintzetara, kultura eta hizkuntza aniztasuna sustatu eta hedatzeko asmoz Kutxa Fundazioak abiatu duen egitasmoa. Hirugarren edizioa maiatzaren 19an abiatuko da, eta ekainaren 20ra arte, Gipuzkoako eragileekin elkarlanean antolatutako KLIK agendan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek.

Egitasmoaren nondik norakoak aurkezteko eta KLIK agendaren berri emateko, zuzeneko bideopodcasta egingo dute maiatzaren 7an (18.30) Kutxa Fundazioa Kluba aretoan, Tabakaleran. «Saio irekia izango da, eta interesa duten herritarrei ez ezik, prentsari ere luzatu zaio deialdia, aurtengo edizioaren nondik norakoak ezagutzeko eta galderak egiteko aukera izango baita», iragarri dute. Leire Palacios kazetariak gidatuko du, eta podcastean hartuko dute parte Garbiñe Etxezarreta Kutxa Fundazioko proiektuen zuzendariak, Onintza Olaizola Taupa Mugimenduko kideak, Andoitz Gutierrez sortzaile bisual eta Tinc kolektiboko kideak, eta Blanca Zaragüeta, Zaragüeta Zulaika Fundazioa ikus-entzunezkoen trebakuntzarako zentroaren sortzailea.

Kutxa Fundazioak 2023an sortu zuen ekimena, helburu argi batekin: herritarrak 2030 Agendara hurbiltzea eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan parte hartzea. «Urtez urte, 2030 Agendako helburu bati heldu zaio: 2023an bigarren helburua landu zen, Goserik eza; 2024an, aldiz, hamaikagarren helburuan jarri zen fokua, Hiri eta komunitate jasangarriak; eta aurten, 17+1 helburua izango da oinarri, hau da, Kultura eta hizkuntza aniztasuna», azaldu dute.

Horretarako, lurraldeko hirugarren sektore ekosozialeko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera biltzen dituen KLIK agenda prestatu du Kutxa Fundazioak.

Garbiñe Etxezarretaren hitzetan, «gizartea, oro har, bat dator garapen jasangarrirako Helburuekin eta ekarpena egiteko prest dago, baina ez daki nola lagundu. Horixe izan da hasieratik Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren helburua, herritarrei aukera ezberdin eta errazak eskaintzea ekarpena egin dezaten. Agenda osatzeko, ko-sorkuntzaren formula funtsezkoa izan zaigu; hutsetik hasi beharrean, lurraldeko eragileekin elkarlanean aritu gara, eta haien ezagutza, esperientzia eta lan egiteko modua baliatu ditugu egitasmoari merezi duen indarra emateko».

Aurtengo edizioan GJHen 17+1 helburuari heldu zaio, hau da, Hizkuntza eta Kultura aniztasunari. Nazio Batuen Erakundeak 2015ean adostu zituen milurtekoaren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak, baina horiek ez zioten hizkuntzari eta kulturari erreferentzia zuzenik egiten. Horregatik, 2017az geroztik, hemezortzigarren helburua txertatzeko prozesua abian jarri dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eragileek, eta Hitzetatik Ekintzetara ekimenaren bidez ere indarra eman nahi izan zaio helburu horri.

KLIK programa

Aurtengo KLIK agenda osatzeko, lurraldeko hirugarren sektore ekosozialeko 20tik gora eragilerekin elkarlanean aritu da Kutxa Fundazioa, hala nola, 2025eko Kilometroak antolatuko duen Elgoibarko Ikastolarekin, SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundearekin, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiarekin, Bagera Euskara Elkartearekin, Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Jatorkin etorkin magrebiarren integraziorako elkartearekin, Jakinmin praktika filosofikoen elkartearekin, Etiopia Utopia elkartearekin eta Emaus Fundazioarekin. Zerrenda osoa KLIK agendan kontsultatu daiteke.

KLIK edo jarduerei dagokienean, urtero bezala, adin eta kolektibo ezberdinei zuzendutako proposamen sorta prestatu dute. «Bagera Euskara Elkarteak atondutako Euskara eta Harrera topaketaren bidez, esaterako, gaur gaurkoz euskaratik egiten den harrera aztertuko da, asetzen ez diren beharrak identifikatzeko eta jarrera konkretu batzuen inguruan hausnartzeko. Eta Artaziak elkarteak eta EUSLE gelak prestatutako Gorputz tantak proiektuaren bidez, etorri berri diren ikasleek eskolan, hizkuntza ezagutu gabe, elkarbizitzeko dituzten zailtasunak landuko dira Donostian», diote.

Haur eta gazteei zuzendutako jarduerak, hain zuzen, hainbat izango dira. Aranzadi elkarteak, bere aldetik, Zerupe berean izeneko saioa antolatuko du familientzat ekainaren 5ean Donostian, unibertsoa ulertzeko modu anitzak ezagutzeko, eta Elgoibarren UAU eta KRAK gymkana interkulturala egingo dute ekainaren 10ean, herriko kultura-aniztasunari lotutako estereotipoak jolas eta erronken bidez hausteko. Elgoibarren bertan, KRAK bideo-laburren txapelketa egingo dute DBH4ko ikasleekin, eta Hizkuntzen zubia elkartrukea Bretainiako
ikastetxe batekin, hizkuntza gutxituen inguruan hausnartzeko.

Adinekoei zuzendutako jardueren artean, aipagarria da hilaren 23an Matia Fundazioak kantak taldean abesteko tradizioari eusteko asmoz antolatu duen KantuKLIK ekimena, Donostiako Intxaurrondo auzoan. Eta Taupa Mugimenduak, bere aldetik, auzotarren arteko elkarrizketa sustatzeko espazio bat sortuko du Egian, auzoko hizkuntza eta kultura aniztasunaren inguruan modu kolektiboan
hausnartzeko.

Jaialdi kutsuko hainbat jarduera ere aurreikusi dira: kultura anitzeko kontzertuen eta dinamika parte-hartzaileen bidez, kultura eta hizkuntza aniztasunaz sentsibilizatzeko Divercity Jamm arratsaldeak antolatuko ditu ekainean Lleno de Naranjas kolektiboak, eta EtioBask jaialdiaren bidez, Etiopiako biztanleriari eta kulturari buruzko datu gehiago jakiteko aukera izango da ekainaren 14an. Azkenik, Emaus Fundazioak antolatutako Maniklik esku-hartze artistikoak itxiko du agenda, espazio publikoa arte galeria bilakatuta.

Egitarau osoa webgunean.

Emplacement

Tabakalera
Andre Zigarrogileen Plaza
Donostia. Gipuzkoa