Izaki Gardenak, Berrizko kultur etxean
Date
21.11.26 - 21.11.26
Lieu
Bizkaia - Berriz

Izaki Gardenak taldea Berrizko kultur etxeko oholtzara igoko da azaroaren 21 arratsean, 'Orube' diskoa aurkezteko biraren barnean. 20.00etan hasiko da kontzertua, eta aukera ederra izango da Gasteizko bandaren zuzenekoa gertutik bizitzeko, agurtu aurretik. Emanaldirako sarrera guztiak amaitu dira dagoeneko, eta egunean bertan ez dira gehiago salgai jarriko. Biraren azken emanaldia Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango da Azaroaren 27an, eta kontzertu honetarako sarrera bakan batzuk geratzen dira oraindik. Aretoaren atari digitalean eskura daitezke 15 euroen truke. Bi emanaldi hauek eskaini eta gero, Izaki Gardenak agertokietatik urrunduko da denbora tarte batez.
Bira amaiera
Jon Basaguren musikariaren kantuei banda formatuan gorputza emateko asmoz sortu zen Izaki Gardenak taldea 2012 urtean inguruan. Sortu eta berehala 'Itsasargiak' EP-a kaleratu zuten, bost kantuz osatua, eta harrezkero bide oparoa egin du taldeak, diskoak eta zuzenekoak tartekatuz. Lehen hamarkadan 'Amaieratik hasi' (2013), 'Aurri gara' (2015) eta 'Dena oskol' (2018) diskoak plazaratu zituzten. Lau urteko etenaldiaren ondoren 'Orube' (2024) lanarekin itzuli ziren, zortzi kantuz osatutako diskoarekin. Urtebete geroago 'Sitsak' (2025) argitaratu zuten, lau kantu berri eta diskoetatik kanpo geratutako beste bost bilduz. Azkenik, berriki bi kantu zintzilikatu ditu taldeak sarean, 'Itzal handi bat' abesti berria, eta 'Aingura hegodunak', Anari-ren bertsioa.
Musikalki, poparen eta rockaren arteko mugan kokatzen da Izaki Gardenak taldea, batzuetan folk-rock giroetan barna murgilduz eta besteetan gitarra elektrikoak zorroztuz. Denboraren poderioz taldearen musika garatuz joan da, eta 'Orube' diskoarekin, esaterako, norabide berria hartu du banda gasteiztarrak: 80ko hamarkadako soinuak, efektuak, elektrizitate gehiago eta orain arteko kutsurik britainiarrena. Hala ere, melodiak zaintzea eta dotorezia dira bandaren ezaugarri nagusiak, eta zuzenekoetan are gehiago nabarmentzen dira.
Emplacement
Kultur etxea
Kultur etxea
Berriz. Bizkaia