Kutixik jaialdia larunbatean Donostian

Date

24.10.26 - 24.10.26

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Xabier Badiolak disko berria aurkeztuko du emanaldi honetan.
Xabier Badiolak disko berria aurkeztuko du emanaldi honetan. (ENEKO CAOS)

Balio Dute kolektiboak bere urteko musika festa antolatu du larunbat honetarako Donostiako Intxaurrondo kultur etxean. Arratsaldeko 19.00etatik aurrera Xabier Badiola, Gartxot, Eire, Ithaka, Harat eta Mäirü taldeak ariko dira zuzenean. Sarrerak dagoeneko salgai daude on line erosketan 15 euroen truke. Ez badira aurrez amaitzen 18 euroko balioa izango dute leihatilan. 

Balio Dute

Donostian sorturiko musika kolektiboa da Balio Dute, eta helburuetako bat antzeko koordenadetan diren musika taldeen artean harremanak sendotu eta era kolektiboan antolatzea da, indarrak batuz musika industria basatiaren aurrean. Egun hamalau musika talde eta bakarlariek osatzen dute kolektiboa,  eta guztira hogeitalau disko baino gehiago argitaratu dituzte. Kutixik jaialdia, berriz, urteroko topagunea da, zigiluko taldeak eta talde lagunak batzeko aitzakia. Aurtengoa laugarren edizioa izango da, eta aurten ere afitxa koloretsu eta erakargarria osatu dute.

Xabier Badiola

Kolektibora batzen azkenetarikoa izan da Xabier Badiola musikaria. Eibarren sortua, musika talde anitzetan ibili izan da, eta gaur egun ere bere bakarkako bidea Sugramas taldearekin tartekatzen du. 2024 urtean ikusi zuen bere debuteko diskoak, eta 2026 honetan argitaratu du estudioko bigarrena, 'Leiho Ondoan Xori Bat' izenekoa. Kantu biluziak jotzen ditu musikari gipuzkoarrak, gitarra eta ahotsez soilik, folketik eta popetik edaten duten melodiak sortuz.

Gartxot

Gaztea izan arren, musika ibilbide luze bezain interesgarria du Gartxot Unsain musikari donostiarrak. Nerabe garaitan Yaw taldean abiatu zuen bidea, eta gerora, Madeleine, Grises, Bananas, edo Bi Zaldi bezalako taldeetan aritu da. Bakarkako bidea ere aspaldi abiatu zuen bere izenpean, eta Ghau bezala disko bat kaleratu eta gero, Gartxot izenpean argitaratu du berriz bere estudioko azken emaitza den 'Bizirik gaude'. Xabier Badiolak bezala ahotsa eta gitarra akustikoa ditu lanabes, eta ahots melodiek garrantzi handia dute bere kantutegian.  

Ithaka

Oriotik dator Ithaka taldea, eta 2021 urtetik daude martxan.  Musika bidean garatu dira laukotearen erritmoak, baino sustraiek tinko irauten dute 90 hamarkadako rock alternatiboan. Betepaeta kolektiboko kideak dira, musika, eta musika eszena beste era batera bizi daitekela erakusten duen beste elkarte interesgarri bat. Berriki 'Beste behin' kantua zintzilikatu du taldeak sarean, Ithakaren bigarren diskoa izango denaren lehen aurrerapen abestia.

Mäirü

Mäirü taldea, berriz, Ziburutik dator, musika abentura ezberdinetan ibilitako sei musikariez osatua. Anitza eta koloretsua da taldearen musika unibertsoa, kasik agertoki gainean erabiltzen dituzten instrumentuen zerrenda bezain luzea. Instrumentu tradizionalak, gitarrak, sintetizadoreak eta soinu organikoak uztartzen dituzte kantuetan, eta laster izango dute disko berria kalean. 

Eire

Aspaldiko partez agertoki gainean izango da Eire banda. Eire Salegi eta Eire Maia musikariek osatzen dute egitasmoa eta elektronika lanabesak dituzte lagun nagusiki musika egiterako garaian.  'Bedroom pop' bezala definitu izan dute beraien musika, izan ere, etxeko logelan abiatu baitzuten musika bidea.

Harat

Bera herritik eta rock giroetan dator Harat taldea. 2021 urte inguruan eman zituen lehen pausoak Ibai Gogorzaren (Borrokan, JIEL, Mice…) ideia zirriborro batzuk kantu bilakatzean. Intentsitate handiko musika da, post rock eta noise koordenadetan mugitzen dena. Bakarka landutako abestiak izan arren, taula gainean lau kidek osatutako talde sendo bat da Harat egun.

Emplacement

Intxaurrondo K.E.
Intxaurrondo K.E.
Donostia. Gipuzkoa

Liens

Balio Dute

Sarrerak