Kutixik festibala Intxaurrondoko Kultur Etxean
Date
25.10.25 - 25.10.25
Lieu
Gipuzkoa - Donostia

Balio Dute kolektiboak Kutixik festibala antolatu du Intxaurrondoko Kultur Etxean urriaren 25 arrats gauerako. Honakoa laugarren edizioa izango da, aurtengorako ere kartel erakargarria osatu dute. 19.00etatik aurrera Xak, Nize, Kulata, Mihise eta Physis Versus Nomos ariko dira zuzenean, proposamen berriak eta musikari arituak batuko dituen gaualdian. Balio Dute kolektiboak antolatutako jaialdiak tokiko artisten talentua nabarmendu eta ikusgai jartzeko helburua du. Sarrerak 15 euroren truke eskuratu daitezke donostiakultura atari digitalean, eta egunean bertan erosis gero 18 euroko balioa izango dute.
Balio Dute
Balio Dute kolektiboak urteroko zita prestatu du Donostian, non zigiluko taldeekin batera hainbat talde gonbidatu dituzten musika festara. Mihise taldeak disko berria aurkeztuko du emanaldi honetan, Balio Dute zigilupean argitaratu duten ‘Ahaldatu’ lana. Usurbilgo taldearen bigarren estudioko emaitza da honakoa, eta debuteko lanaren bidetik doa, beti ere, gauza berriak proposatuz ere. Pasa den astean etxean bertan aurkeztu zuten lan Sutegi antzokian, eta larunbatean, Kutixik jaialdian gauza bera egingo dute, honakoan, ikuslego zabalago baten aurrean.
Physis Versus Nomos taldeak ere, disko berria du besapean: ‘Burdin gozoa eta arrabioa’. Balio Dute kolektiboko sustatzaile eta kide dira ere, eta diskografia oparoa batu dute azken urte hauetan guztietan. Beñat Antxustegi musikariaren ekimenez sortu zen egitasmoa, hasera batean, bakarlari eran, eta azken garaian banda formatuan. Kantu xumeak lantzen dituzte, batzuetan folkera gerturatu eta besteetan giro poperoagoetan barneratuz. Beñaten ahots bereziak eta berak sorturiko hitzen unibertso propioa, Physis Versus Nomos taldearen identitate markak dira.
Paxkal Iriroyen baxenafartarrak gidatzen du Xak egitasmo berria. Duela zenbait hilabete debuteko diskoa plazaratu dute, eta geroztik errepidean dira zuzenekoetan murgilduak. Sei kantuz osaturiko disko txikia nahikoa izan da jendearen harretan pizteko, non musikalki folkean eta popean sakontzen dute kantu eder bezain goxoekin.
Kulata taldeak, berriz, ez du hainbesteko musika bidea. Oihana Vesga (ahotsa, sintetizadorea, teklatuak), Alba Fernandez (ahotsa, sintetizadorea, metalofonoa, teklatuak) eta Laida Zapre (ahotsa, biolina, sintetizadorea, sanplerrak) musikariek osatzen dute, eta lanabes elektronikoetatik abiatzen dira musika sortzeko. Larunbatekoa taldearen lehen kontzertu handia izango da, saiakera txiki batzuk egin ostean.
Nize taldea, azkenik, Bilbo aldetik dator. Andrea Plaza (gitarra eta ahots nagusia), Niko Bortolini (baxua) eta Intza Arakistain (bateria eta ahotsa) musikariek osatzen dute hiruko banda eta 90. hamarraldiko rock alternatiboko doinuak lantzen dituzte kantu ilunetan. Musika bidean hiru lan argitaratu dituzte, horietako azkena 2024ko neguan argia ikusi zuen ‘Gaur ez naiz’ diskoa. Zuzeneko indartsua duen banda da honakoa, distrortsioa eta zarata tartekatuz, intentsitate handiko kantuekin.
Emplacement
Intxaurrondo Kultur Etxea
Intxaurrondo Kultur Etxea
Donostia. Gipuzkoa