La Txama Bergarako Kartzela Zaharrean
Date
24.01.25 - 24.01.25
Lieu
Gipuzkoa - Bergara

La Txama taldeak abian du lehen diskoa aurkezteko ‘Txirulaz Txirula’ kontzertu bira, eta ostiral honetan Bergarako Kartzela Zaharrean arituko dira zuzenean. Emanaldia Egubakoitzak Berreskuratzen ekimenaren barnean kokatzen da, eta gaueko 22.30etan hasiko da musika festa. Ez da aurre salmentarik izango, eta emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira ateak sarrerak eskuratzeko 8 euroren truke.
Mexikar doinuak
Youtube kanalean zintzilikatu zituzten kantu batzuei esker eman zen ezagutara La Txama taldea 2024 urteko maiatzean, eta urte bereko azaroan kaleratu zuten iraupen luzeko lehen diskoa Mauka musikagintza zigiluaren babesean. Bertan, mexikar giroak dira nagusi, garai bateko korrido eta rantxeretatik, egun Mexikon bogan diren erritmo berrietara.
Debuteko diskoan taldeak sorturiko zortzi kantu biltzen dira, Eskorbuto taldearen ‘Adios reina mia’ kantuarekin borobiltzeko lana. Egun boskote bezala taularatzen da banda, eta Val, Afu, Tuli el Bachatuli, CompaLuis, eta JonVi dira taldeko kide ofizialak, baino emanaldietan ez dira falta festara gehitzen diren lagun musikariak, horrela, emanaldi bakoitza bakarra eta errepikaezina bilakatuz. Bergaran ere horrela izango da, eta festa eta parranda segurtatuak daude. Gaualdia borobiltzeko taldekideak ariko dira musika jartzen ordu txikiak bitartean.
Txirulaz Txirula
Bilboko Kafe Antzokian hasi zuten bira, eta datozen aste eta hilabeteak beroak izango dira taldearentzako. Bergarako emanaldiaz gain, Legution, Gasteizen, Durangon (40 minutu rock jaialdia), Donostian edo Atarrabian hitzartu dituzte lehen kontzertuak, eta seguraski data gehiago gehituko dituzte agendara. Euskal Herritik kanpora ere ariko dira, eta bide horretan Bartzelona eta Madril bisitatuko dituzte, bi emanaldi hauetan Chill Mafia taldearentzako emanaldiak zabaltzen.
Emplacement
Kartzela Zaharra
Kartzela Zaharra
Bergara. Gipuzkoa