Lapuebla Rock larunbatean
Date
24.05.25 - 24.05.25
Lieu
Araba - Lapuebla de Labarka

Maiatzaren 24 arrats gauean Lapuebla Rock jaialdia ospatuko da Arabako La Puebla de Labarka herrian, eta Porco Bravo, Marte Lasarte eta Horas Muertas taldeak ariko dira zuzenean, rocka nagusi izango den festibalean. 19.30etan hasiko dira lehen akordeak eta goizeko ordu txikietan amaituko da musika festa. Kontzertua guztiak doakoak izango dira.
Porco Bravo
Barakaldotik dator Porco Bravo taldea, eta egun gurean den rock talde arriskutsuena dira. 2004 urtetik martxan, rock oldarkorra lantzen du bandak, punk gitarra zikin, base erritmiko trinko, eta ahots zuzen bezain gordinaz. Hogei urteko musika bidean disko andana plazaratu du bandak, eta ehunka emanaldi eskaini Euskal Herrian, zein estatu espainolean zehar. Izan ere, Porco Bravo zuzeneko taldea da, eta hori erakutsiko dute larunbateko emanaldian. Taldeak ‘En el mismo sitio’ diskoa aurkeztuko du zuzeneko honetan, labetik atera berri duen estudioko azken emaitza.
Marte Lasarte
Topera dabil Marte Lasarte taldea. 2024 urte hasieran sortu zen banda, eta urte bereko neguan ikusi zuen argia estudioko lehen diskoak. Geroztik, agertokiz agertoki dabil banda, eta azken boladan emanaldi asko eskaintzen ari da gaztetxe, areto eta herriko jaietan. Debuteko ‘Ez da besterik’ lana Balaunka zigiluaren babesean ikusi du argia, eta bertan taldearen lehen zortzi kantuak biltzen dira musikalki elektronika eta rocka uztartuz. Pello Armendariz, Borja Anton, Lore Nekane Billelabeitia eta Alex Alonso dira Marte Lasarte
Horas Muertas
Jaialdia Horas Muertas taldeak zabalduko du. Arabar taldea 2012 urtetik dabil martxan, eta musika bidean hiru disko argitaratu ditu, Punk, Rock&Roll eta Heavy Metal koordenadetan. Horietako azkena, ‘Pienso, Luego insisto’ izenpean ikusi zuen argia 2022 urtean, eta lan hori taularatuko dute Labarka Rock festibalean.
Emplacement
Herriko plaza
Heriko plaza
Lapuebla de Labarka. Araba