Zizurkilgo 23. Blues Gaua

Date

28.02.26 - 28.02.26

Lieu

Gipuzkoa - Zizurkil

El Oso y Sus Sabandijas taldeak  'Be Careful' diskoa aurkeztuko du.
El Oso y Sus Sabandijas taldeak 'Be Careful' diskoa aurkeztuko du. (GAZTELUPEKO HOTSAK)

Otsailaren 28an burutuko da Zizurkilgo 23. Blues Gauaren edizio berria, eta honakoan bi emanaldi nagusi izanen dira. Urte hauetan guztietan zehar erreferentea bihurtu den Blues jaialdi txiki bezain handia da honakoa, non herriko tabernak diren agertoki nagusi. Zuzenekoak gertu-gertu bizi ahal diren leku zoragarri horiek, non ikuslegoa eta musikariak parez-pare diren, akorde bakoitza sakonki sentituz.

Horrela, beste urte batez musika beltzaren moldeen hotsak entzuteko parada izango da Zizurkilen goi mailako musikariekin. Bi emanaldiak doakoak izango dira.

El Oso y Sus Sabandijas

19.00etan hasiko da musika festa Atxulondo tabernan, eta El Oso y Sus Sabandijas taldea izango da protagonista. Granada hiritik datorren musika egitasmoa da honakoa, Toni Trave musikariak gidatzen duen banda eroa.

Blues arima dute, eta swing eta boogie woogie lantzen dute. Emanaldian ‘Be Carefull’ diskoa aurkeztuko dute, 2025 urteko abenduan argia ikusi zuen lana. Izan ere, taldeak badu Euskal Herriarekin lotura berezia, lana Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak zigiluan argitaratu baitute.

The 44 Dealers

23.00etan, berriz, The 44 Dealers taldea Egarri tabernan ariko da zuzenean. 20 urteko musika bidea egin du banda madrildarrak, eta egun talde formazio berriaz taularatzen dira, taldea sortu zuten zakur zahar eta odol berria diren taldekide gazteekin osatuz egungo banda.

The 44 Dealers-ak bluesaren tradizio osoa biltzen du bere kantuetan: Larreko jatorritik hasi, Chicagoko bluesa eta West Coast soinuan sakondu, beti ere, 50eko hamarkadako R&B erritmoak ahaztu gabe.  

Emplacement

Atxulondo eta Egarri tabernak
Plaza
Zizurkil. Gipuzkoa

Liens