Lau erakusketaz osatutako uzta dakar Zarauzko Argazki Bilerak

Date

15.04.25 - 29.06.25

Lieu

Gipuzkoa - Zarautz

Eskaintza anitza eskaini du aurtengo Argazki Bilerak.
Eskaintza anitza eskaini du aurtengo Argazki Bilerak. (Silvia AYERRA)

Zabaldu ditu ateak Zarauzko Argazki Bilerak. Lau erakusketaz osatuta dago    aurtengo egitaraua. Batetik, Jorge Oteizari (1908-2003) buruzko erakusketa dago ikusgai Sanz Enean. Torre Luzean, Martin Del Bustoren ‘Flych’ argazki proiektuko lanak eskegi dira. Photomuseumen, lehenik, Silvia Ayerraren ‘Esne-hortza’ proiektua erakutsiko da, eta ondoren, Asuntzi Martinezen ‘Munstroak’. Biak lan pertsonal eta artistikoak dira.

Sanz Enea: Oteiza

«Jorge Oteizak aztarna ezabaezina utzi zuen arte garaikidean eskultore, saiakeragile, arkitekto, poeta, zinemagile eta antropologo gisa egindako lan multifazetikoari esker», nabarmendu dute Argazki Bileraren sustatzaileek. Erakusketa honek ‘Oteiza argazkiz argazki’ du izenburua eta sortzaile berezi honen bizitzaren eta obraren ibilbidearen kontakizun bisuala eskaintzen du. Oteizaren ibilbide artistikoa ez ezik, bere testuinguru historiko eta kulturala ere eskainiz.

Photomuseum: Silvia Ayerra

«Proiektu hau lan dokumental bat da, eta bertan, osaba Jose Antoniorekin dudan loturaren bidez, denboraren joanari, giza izaerari, errugabetasunari eta helduaroko ontasun-galerari buruzko hausnarketa egiten dut. Ibilaldi bat oroimenean zehar bazterretatik. Gure elkarrizketak entzunda, errealaren eta fikziozkoaren arteko mugak aztertzen ditut, irudimen bisual fantastikoa sortuz». Silvia Ayerraren hitzak dira ‘Esne-hortza’ proiektuaz.

Jose Antoniok 76 urte ditu, eta ez katalogatutako dibertsitate funtzionala. «Denborak aurrera egin ahala, haren portaera nola aldatzen zen ikusi dut, eta lotsagarriagoa eta lotsatiagoa bihurtu da. Blokeatu egin duten emozioak bizi izan dituen uneak identifikatu ditut, kanpoko kontrol gehiegi izateagatik gerta zitezkeen egoerak, edo denboraren joanagatik eta horrek gorputzean izan dituen ondorioengatik, hala nola bere mugikortasun txikia edo pairatzen duen itsutasuna», adierazi du.

Mendekotasunaren ikuspegi zehatzagoa eman nahi du Ayerrak. «Pertsona guztiok behar dugun gauzarik garrantzitsuena laguntza eta aliantzak direla agerian utziz. Ihes egiten diet sozialki otredadea kokatzen den ereduei, subjektu eragile bat bere bizitzatik erretratatuz, bere nortasunaz, keinuez edo pentsamenduez gabetu gabe. Esne-hortza sendatzeko helburua du. prozesu osoan zehar emozio-adierazpen handiagoa garatzen baitugu biok, eta askeagoak eta zoriontsuagoak izan gaitezke, bakoitzari egokitu zaion baldintzaren barruan».

Photomuseum: Asuntzi Martinez Ezketa

‘Munstroak’ lanak bere burua ikusarazi nahi duen neska bat du ardatz. Emakume batek egindako argazkiak dira, isiluneak isilarazi nahian. Biak, neska eta emakumea, lotzen dituen distantzia zalantzaz, segurtasunik ezaz eta beldurrez betetako bidea da: munstro izugarriak, eguneroko munstroak, inoiz biak ozta-ozta menderatzen dituztenak. Zorionez, argazkilaritzak bi-biak salbatu zituen.

Torre Luzea: Martin del Busto

Euskal Herriaren eta Bizkaiko industria historiaren inguruko hausnarketa aurkeztu du Martin del Bustok ‘Flysch’ proiektuaren bidez. Izenburuak euskal kostaldeko harri sedimentatuen geruzei egiten die erreferentzia. Hitzaren jatorria alemanetik dator eta «jariatu edo irristatu» esan nahi du.

Del Busto Camberwelleko Unibertsitatean (UAL), Londres, Argazkigintzako masterra berriki amaitu duen getxotar argazkilaria da.

Bere ustez, argazkia ez da amaitzen tiragailua estutzean, baizik eta edizioaren edo inprimaketaren bidez eboluzionatzen jarraitzen du. Bere prozesua inguruaren eta historiaren azterketa batetik abiatzen da, ondoren bere esperientzia eta perspektiba propioa gehitzeko. Del Bustok fenomeno geologiko hau Bilboko iragan metalurgikoaren bidez lantzen dituzten artelanak aurkezten ditu, metal edo estaldurarik gabeko paperean inprimatzeko teknika desberdinak aztertuz. Testura hauetako asko antropozenoak inspiratu ditu.

Irudiek anbiguotasuna, efimeritatea edo mugimendua bezalako alderdiekin jokatzen dute. Inprimatze-prozesua ere metalurgiari dagokio. Unibertsitatean hasi zen istripu baten ondorioz, eta proiektuaren funtsezko alderdia izan da azkenean. Estaldurarik gabeko paper gainean inprimatzean, tinta ez da itsasten eta efektu urtu bat lortzen da. Galdaketaren mundura hurbiltzeko asmoz, aluminiozko zenbait pieza ere urtu ziren, flysch-geruzetatik abiatuta.

Photomuseumen bisita ordutegia asteartetik igandera 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Sarreraren prezio orokorra, 6 euro.

Emplacement

Photomuseum
San Inazio
Zarautz. Gipuzkoa