Lekeitioko hiribilduaren 700. urteurrenean, arkitekto gazteak etorkizunari so

Date

02.09.25

Lieu

Bizkaia - Lekeitio

Erakusketaren irudia.
Erakusketaren irudia. (NAIZ)

«Lurraldeak ez dira estatikoak, etengabeko geruza gainjarketa bat dira. Denborarekin eraldatzen doaz, gizarte, ekonomia eta ingurumen dinamikek bultzatuta», irakur daiteke ‘Te¡nk’ erakusketaren eskuorrian. Uztailetik dago ikusgai Lekeitioko Kofradia Zaharrean, urte osoan zehar Lekeitioko hiribilduaren 700 urteurrena ospatzen duen programa-kulturalaren barne.

Irailaren 8 honetan itxiko ditu ateak ‘Teink’-ek, publikoari zabalik egingo den ekitaldi herrrikoi batekin, baina 700 urteurrenaren egitarauak aurrera jarraituko du, urtearen bukaera arte.

Arkitektu gazteen galderak

Donostiako arkitektura eskolan ezagututako zenbait arkitektu gazteek –Iker de La Hoz Garmendia, Ane Escribano Gallastegi, Martin Lasa Bengoa, Mikel Oses Lekube eta Jon Otxoantezana Fernandez, zehazki– sorturiko kolektiboak komisaritu eta diseinatu du ‘Teink’, laborategi bizia bezala defini daitekeen erakusketa.

Gaur egun turismoa Lekeitioren motor ekonomikoa den arren, ez da beti horrela izan. Eta galdera anitz plazaratu dituzte etorkizunari begira. Horretarako Lekeition eman diren jarduera ekonomiko nagusien eta hauen lan eremuen irudiak aurkeztu eta ikertu dituzte lau multzo ezberdinetan antolaturik: ontzigintza, txakolinaren ekoizpena, egurraren ustiapena eta arrantza.

Eta, interesgarriena zera da: hiribilduaren garapenean jarduera produktiboek izan duten garrantziari tiraka, galdera berriak mahaigaineratu dituzte.

Lehenengo jarduera, ontzigintza: 1338. urtetik aurrera dago jarduera honen berri Lekeition, izan ere, hiribilduaren inguruko zenbait dokumentutan ontziak eraikitzeko gune bat aipatzen da. Lea ibarra erriberako ontzigintzan eredugarri izan zen eta Lekeition bost ontziola egon ziren. Haietatik lauk gaur egunera arte iraun dute.

Hemen, arkitektoek bota duten galdera: «Ontziolak eraikin biziak ziren; gaur egun, berriz, Lea ibaiaren inguruko paisaia osatzen duten elementu estatiko bihurtu dira. Ondare industrialtzat sailkatzen dituen legediaren babespean daude, eta horrek haien egungo itxura aldatzea guztiz debekatzen du. Ondorioz, ontziolen gaur egungo erabilera guztiz baldintzatuta dago, eta horrekin batera, haien aldakortasuna eta moldagarritasuna ere bai. Hori horrela, egungo legediak ez al luke baimendu beharko eraikin hauek gaur egungo erabilera berrietara egokitzeko esku-hartze arrazional eta errespetuzko bat? Beti ere haien balio historikoa eta morfologia gordetzen saiatuta».

Bigarren jarduera, txakolinaren ekoizpena: Ezezaguna izan arren, Lekeitioko historiak lotura handia izan duelako txakolinaren ekoizpenarekin. Azken txakolin-upeltegi garrantzitsuenak Itxasgaña eta Pipas izan ziren eta 1935ean desagertu ziren azken mahastiak herrian. «Lekeitioko azken hedapen urbanistikoen mugan mantentzen dira garai batean mahasti izan ziren lurrak –diote arkitektoek–. Lehen mahastiak hartzen zituzten lur horiek, gaur egun, norbanakoen ortuak bihurtu dira. Harlangaitzezko hormez definitutako hainbat bidexka oraindik mantentzen badira ere, eremuaren azalera nabarmen murriztu da, eta dirudienez, etorkizun hurbilean are gehiago murriztuko da. Izan ere, mahastiko harrizko hormek osatutako kaleen antolaketak ez du inolako ondare-babesik, eta etxebizitza berrien garapenek ez dute horrekiko inolako errespeturik adierazten. Hori horrela, ez al litzateke egokia mahastietako hormexken antolaketa-egitura babestea, Lea ibaiko ondare industriala babestuta dagoen bezala?». 

Hirugarren jarduera: egurraren ustiapena. Funtsezkoa izan baita Lekeitioko garapen ekonomikoan. Eiguren eta Maderas de Lekeitio enpresek, esaterako, berebiziko garrantzia izan zuten XX. mendean. Hau arkitektoen hausnarketa: «Gero eta ohikoagoa da iraganeko industria-guneak abandonatuta aurkitzea. Gure herrien ertzetan, garai batean funtsezkoak izan ziren espazio hauek, gaur egun jarduerarik gabe, hustuta eta degradazio egoeran daude. Lekeition, Eiguren eta Maderas de Lekeitio enpresen espazioak horren lekuko argiak dira. XX. mendeko jarduera ekonomikoaren motor izan ziren, baina gaur egun hutsik eta erabilerarik gabe daude, azalera handiak hutsik utzita hiribilduaren mugetan. Nola erantzun daiteke espazio horien egoerari? Zer erabilera berri irudika daitezke industria-gune handi eta abandonatu hauetan?». 

Eta laugarren jarduna: arrantza. «XX. mendearen amaieratik nabaria da arrantzaren beherakada Lekeitioko portuan –diote egileek–. Hori dela eta, portuaren erabilera aldatu egin da, eta horrek zenbait ondorio eragin ditu portuaren morfologian eta antolaketan. Alde batetik, portuaren ebaketa –hau da, kalearen eta itsasoaren arteko harremana– guztiz eraldatu dela aipatu beharra dago; horrek portuaren erabilera guztiz baldintzatuta gelditzea ekarri du. Lehenago, armailek osatutako ebaketak itsasoarekin harremana sustatzen zuen, baina gaur egun ebaketa guztiz aldatu da, eta harreman hori guztiz etenda agertzen da, hesi batek uretatik eta itsasotik urruntzen baititu herritarrak.
Beste alde batetik, portuan egindako azken eraldaketa –pantalan eta zutaben egitura– legedi autonomiko batek arautua eta diseinatua dela kontuan hartuta, euskal kostaldeko portu guztietan moldaketa berdina planteatu nahi dela uler daiteke. Eraldaketa orokortu honek kontuan hartzen al ditu herri bakoitzaren topografia, historia eta paisaiaren berezitasunak?», galdetzen dute. 

Joko bat, ekitaldi ugari

Interesgarria da oso, 700. urteurrenaren inguruan, Bizkaiko herri honek aurten martxan jarri duten web orrialdea. Egin diren eta egingo diren ekimenen informazioa zabaltzeaz gain, informazio ugari eskuratu daiteke... eta baita jolas interaktibo batean parte hartu, ‘Ondar jokoan’ deituriko jolasean. Ezusteren bat hartuko duzue, han murgiltzen bazarete. 

Irailean zehar 700 urteurrenaren inguruan egingo diren beste ekitaldi batzuk: 

‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komikiaren inguruko mahai-ingurua, irailaren 16an, Kultur etxean (19.00), 

‘Denboraren makina’ bisita gidatua, irailaren 20an (10.00etan 12.00etan), Santa Maria Elizara. 

Lekeition grabatutako filmak edo agerraldiak, hilaren 25ean (19.30), Ikusgarri zine aretoan. 

Irailekoak poesia-jaialdia hilaren 26tik 28ra. 

Emplacement

Kofradia zaharra

Lekeitio. Bizkaia