Leonardo Torres Quevedoren ingeniaritza asmakizunak ardatz dituen erakusketa Itsasmuseumen

Date

25.09.24 - 24.11.24

Lieu

Bizkaia - Bilbo

Leonardo Torresn Quevedori buruzko erakusketa Bilboko Itsasmuseumean.
Leonardo Torres Quevedori buruzko erakusketa Bilboko Itsasmuseumean. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

‘Leonardo Torres Quevedoren Itsas Ingeniaritza bere garaiko asmatzailerik miragarriaren lanean’ erakusketa ikusgai dago jada Bilboko Itsasmuseumean. Ingeniari honen bizitza eta obra biltzen dituzten 12 panelek osatzen dute erakusketa, testu eta irudiekin, zenbait maketa eta beste objektu batzuekin.

Jon Ruigómez Matxin Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak eta Francisco A. González Redondo erakusketaren komisarioak izan dira aurkezpenean, eta Torres Quevedoren lana goraipatu eta balioan jarri nahi izan dute, izan ere, bere pertsonari buruzko ezagutza ez da bere asmakizun eta ikerketen garrantzia bezain handia.

Besteak beste, ekuazio aljebraiko konplexuak ebazteko kalkulagailu bat eta konplexutasun handiko xake-jokalari automata bat diseinatu zituen. Aurrerapen teknologiko horiek baliatuta, nabigazioaren arloko asmakizun handiak egin zituen ere. 1930. urtean Le Figaro egunkariak «bere garaiko asmatzailerik miragarriena» bezala deskribatu zuen.

Leonardo Torres Quevedo 1852ko abenduaren 28an jaio zen Santa Cruz de lguñan, gaur egungo Kantabrian. Bere aita, Luis Torres de Vildósola y Urquijo, bide-ingeniari bilbotar bat zen; ama, berriz, Valentina Quevedo de la Maza zuen. Jaio eta bost egunera joan ziren gurasoak Bilbora, eta bertan eman zuen Leonardok haurtzaroa. Aitaren lan-kontuak zirela-eta, ahaide batzuen kargura geratu zen arte; zehazki, Concepción eta Pilar Barrenechea Lapaza, Vargasko markesen eskuetan.

Barrenechea sendiaren jaraunsle unibertsal deklaratu zuten Leonardo, eta 1868an Parisko Chaptal eskolara joan zen bere prestakuntza osatzera. Hain zuzen ere, hiri horrek jasoko, onartuko eta zabaduko zituen haren sorkuntzak hainbat urte geroago. 1871n, Madrilgo Bide Ingeniarien Kidegoaren Eskolan sartu zen, eta 1876an amaitu zituen ikasketak. Aitak bezala, Sevilla-Huelva trenbidean ingeniari jardun zuen hainbat hilabetez. Baina, Barrenechea sendiaren eskutik jasotako herentziari esker, lana utzi eta «bere gauzetan pentsatzen» aritzea erabaki zuen.

Hala, Europan barrena ibili zen bidaiatzen eta ikasten -Frantzian eta Suitzan batik bat-, eta Madril, Bilbo eta Paris izan zituen bizileku. Baita lguñako Harana ere. Bertan ezkondu zen, 1885eko apirilaren 16an, Luz Polanco Navarro-rekin, eta hantxe hasi zen bere lehen asmakizuna lantzen: transbordadorea.

Bere etxearen inguruetan transbordadorearen bi eredu probatu ostean, 1887an sistemaren patentea aurkeztu zuen -eta onartu zuten- Austrian, Alemanian, AEBn, Espainian, Frantzian, ltalian, Erresuma Batuan eta Suitzan, eta honek mundu mailako ingeniari aeronautiko gisa kokatu zuen XX. mendeko lehen hamarkadetan. Lehen transbordadore baten obrak hasi zituen Pilatus mendian (Luzerna, Suitza), baina helveziar politikari eta ingeniarien aldetik gaitzespena eta iseka besterik ez zituen jaso, eta porrot egin zuen proiektuak. Hogei urte geroago, 1907an, pertsonentzako munduko lehen teleferikoa inauguratuko zen Donostian, Ulia mendiko transbordadorea; 1916an, berriz, Nia- garako transbordadorea, pertsonentzako Ipar Amerikako lehen teleferikoa.

1901ean globo gidatuekin aire-nabigazioko arazoari konponbidea ematen saiatu zen Leonardo. Hala, 1902an bi patente berri aurkeztu zituen Frantzian. Lehenengoa, ‘Perfectionnements aux aérostats dirigeables’ izenekoa, ontzitxoaren barruan esekidura duen globo gidatu trilobulatu autozurrun mota berri bat zen, lehengo sistemen abantailak jasotzen eta haien eragozpen gehienak ezabatzen zituena. Bigarrenak, ´Systéme dit Télékine pour commander à distance un mouvement mécanique´, telekinoa delakoaren diseinua jasotzen zuen, historiako lehen urrutiko kontrolagailu osoarena, ur-azaleko ontzien, urpeko torpedoen eta lurreko ibilgailuen maniobrak eta, batez ere, globo gidatuen probak giza bizitzak arriskuan jarri gabe irrati bidez kontrolatzeko asmatua.

1910ean, Torres Quevedok kalkulatzeko lehen makina elektromekanikoaren diseinuak aurkeztu zituen Argentinan: hainbat kalkulu gizakiaren esku-hartzerik gabe egiten zituen gailu horrek, pertsonen lan «adimenduna» kalkulagailuen lan mekaniko hutsarekin ordeztuz.

‘Leonardo Torres Quevedoren Itsas Ingeniaritza bere garaiko asmatzailerik miragarriaren lanean’ erakusketa ikusgai egongo da azaroaren 24era arte Bilboko Itsasmuseumeko Carol Iglesias aretoan. Sarrera librea da.

Bestalde, erakusketa hau Francisco A. González Redondok idatzitako ‘Leonardo Torres Quevedo: su vida, su mundo’ liburuaren argitalpenarekin bat dator. Liburua irailaren 23tik dago eskuragarri liburudendetan, eta bertan, lehen aldiz, itsas ingeniari gisa egindako lanari buruzko kapitulu bat eskaintzen da.

Emplacement

Itasmuseum
Ramón de la Sota kaia, 1
Bilbo. Bizkaia