Los Zopilotes Txirriaos disko berria aurkezten Bilbon
Date
26.04.25 - 26.04.25
Lieu
Bizkaia - Bilbo

Los Zopilotes Txirriaos taldeak ‘Caminos de Guanajuato’ diskoa kaleratu berri du, eta bide horretan kontzertu bira abiatu du banda nafarrak hiru emanaldi errepikaezin hitzartuz aretoetan. Lehen saioa Bilboko Santana 27 aretoan eskainiko dute apirilaren 26 gauean, eta 20.30ean igoko da banda agertokira lehen aldiz disko berria taularatzera. Sarrerak aretoaren atari digitalean eskura daitezke 15 euroen truke.
Maiatzaren 3an, larunbat arratsez, Gasteizko Jimmy Jazz sala bisitatuko dute, eta areto bira amaitzeko Atarrabiako Totem aretoan ariko dira zuzenean maiatzaren 10 gauean. Dagoeneko 'sarrerak amaitu dira' afitxa zintzilikatu duten edukiera osoa betez. Ondoren, Euskal Herriko jai guneak eztandaraziko dituzte uda osoan zehar, napar-mex doinu dantzagarri eta zirikatzaileekin.
Caminos de Guanajuato
Jose Alfredo Jimenez abeslari mexikarraren kantu batetik atera dute ‘Caminos de Guanajuato’ disko berriaren izena. ‘Rantxeren erregea’ bezala ezaguna, mexikar doinuen abeslaririk esanguratsuena izan zen, adituen arabera, musika era honetan handiena. Zopiloteak ere hori dira gurean, napar-mexaren erregeak, eta koroak maite ez badituzte ere, erreferentzia handi bat dira, ezinbestekoak edozein jai ganoraz girotzeko.
Disko berria Beasain herriko Pottoko estudioetan grabatu zen 2024 urtean zehar, Fredi Pelaez soinu teknikariaren aginduetara, eta taldeak sorturiko hamar kantu berri sartu dituzte bertan. Amodioa, desamodioa, borroka kantuak, gaueko istorioak, eta egunsentiko bixaramonek bat egiten dute festa eta parrandara bideratua dagoen Zopiloteen estudioko azken matxinadan.
Hamabost urte bete berri ditu Los Zopilotes Txirriaos taldeak errepidean, eta 2011. urteko lehen diskoa izan zen ‘Hijos de la Txingada’ lanetik kaleratu berri duten ‘Caminos de Guanajuato’ disko berrira ehunka emanaldi eskaini dituzte, Euskal Herria zeharkatuz goitik behera patxaran zaporeko emanaldi ero bezain ederrekin. Bilbon ere horrela taularatuko dira, disko berria aitzakia, musika bidea errepasatzera kontzertu beroan.
Emplacement
Santana 27 aretoa
Santana 27
Bilbo. Bizkaia