‘Lurretik lurrera’, euskal eta amerindiar kulturen artean zubiak eraikitzen

Date

26.03.25

Lieu

Bizkaia - Bilbo

Musika saioa iragartzen duen kartela.
Musika saioa iragartzen duen kartela. (LORALDIA)

‘Lurretik lurrera’ ikuskizuna eskainiko du asteazken honetan Loraldia festibalak. Musika emanaldi berezia da. Darlene Gijuminag mikmak musikariak eta Mixel Etxekopar eta Claudine Arhancet zuberotarrek osatutako hirukoteak ordu beteko bidaia musikala eskainiko dute, XVI. eta XVII. mendeetako euskal arrantzaleen eta Ternuako mikmak komunitatearen arteko lotura historikoan oinarrituta. 


Etxepare Euskal Institutuak sustatu zuen proiektu hau Saison Quebec Pays Basque ekimenaren baitan, eta Montrealeko Centre des Musiciens du Monde-n sortu zen 2022an. Orain, Loraldia Festibalera iritsi da, bi herrien arteko elkarrizketa artistiko eta kulturala publiko zabalarekin partekatzeko asmoz. 
Bilboko Bidebarrieta Liburutegian da hitzordua 19.00etatik aurrera, sarrera doan.     

Euskal arrantzaleek eta mikmak herriak algonkin-euskara pidgina sortu zuten, elkarren arteko komunikazioa errazteko. «Harreman hura, itsasoaren eta lurraren sakontasunetik sortua, oraindik ere inspirazio iturri da».

Lurrak duen garrantzia eta haren inguruko elkarrizketa ditu oinarri ‘Lurretik Lurrera’ proiektuak. «Zuberoako eta mikmak herriko musikariek beren sustraietatik sortutako doinuak elkartzen dituzte, ikusleak iraganeko eta oraingo elkarrizketa horren partaide bihurtuz. Zuberoako musikari eta artisten belaunaldi berrien bultzatzaile nabarmena, euskal kulturaren transmisioan eta berrikuntzan aitzindaria da. Bere ibilbide artistikoan, bertako tradizioak eta nazioarteko elkarlanak uztartu ditu», diote Loraldiatik.

Mikmak herriko abeslari eta musikari ospetsua da Darlene Gijuminag. Bere herriaren tradizioak eta sustrai espiritualak musikaren bidez transmititzen ditu . Montrealeko Centre des Musiciens du Monde-n egindako lanak nazioarteko errekonozimendua ekarri dio.

Sarrera doan da, webgunean aurrez hartzea komeni da.

Emplacement

Bidebarrieta Liburutegia
Bidebarrieta, 4
Bilbo. Bizkaia