Maiatzaren 24tik 26ra egingo da Literaturia Zarautzen, (b)egia gaitzat hartuta

Date

24.05.24 - 26.05.24

Lieu

-

Literiaturia aurkezteko agerraldia.
Literiaturia aurkezteko agerraldia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Loraldiak aurtengo daten eta edukien berri eman du ostegun honetan. Maiatzaren 24tik 26ra hitzordua dute Zarautzen literaturzaleek.

«Aurtengo edizioa ere ilusioz prestatu dugu, eta askotariko ekitaldi eta espazioak antolatu ditugu. Egitarau oparoa eskainiko dugu aurten ere, Zarautz euskal literaturaz betetzeko hiru egunez. Urtero bezala, Euskal Herri osoko literaturzaleei egiten diegu dei asteburu eder honetaz goza dezaten», esan dute», adierazi dute sustatzaileek.

Lege Zaharren Enparantzak hartuko du beste urte batez liburu azoka. Berrikuntzarekin dator egitaraua, larunbatera mugatuko baita azoka. Goizez eta arratsaldez, argitaletxeek beraien postuetan euskal literaturako liburuak izango dituzte. Izango da zer ikusia eta zer erosia. Edizio honetan ere, Ahotsenearekin elkarlanean antolatu ditugu liburu aurkezpenak, azokako karpan bertan.

Ekitaldi gehienak bi gunetan egingo dira: Modelo aretoan eta Lege Zaharren Enparantzan.

Ostiralean, maiatzaren 24an, emango dio hasiera Literaturiak, 20.00etan, Mari Luz Estebanen manifestuarekin. Ondoren, Literaturiarako propio sortutako ‘(B)egira!’ ikuskizuna eskainiko dute Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak. Ekitaldirako sarrera 7 eurokoa izango da, eta erosten duenari liburutan erabiltzeko 3 euroko bonua oparituko zaio.

Larunbatean, maiatzaren 25ean, bi guneetan iragarri dira ekitaldiak. Lege Zaharren Enparantzako karpan 11.30ean irekiko da liburu azoka. 12.00etan, Literaturiak Booktegi kultur elkarteari aitortza egingo dio, Manu Urbieta zarauztar artistak sortutako oroigarria emanez, euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko egiten duen lanagatik.

Liburu azoka 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara egongo da irekita, eta, bestetik, goiz eta arratsaldez Ahotsenea sortzaileen guneko liburu aurkezpenez ere gozatu ahalko dute bertaratutakoek (12.00-14.00/17.00-20.00). Aurkezpen guztiak karpan bertan izango dira. «Datozen egunotan emango dugu liburu aurkezpenen ordutegi, izenburu eta egileen berri», ohartarazi dute antolatzaileek.

Modelo aretoko ekitaldiei dagokienez, larunbatean  hiru ekitaldi egingo dira bertan. 12.30ean, ‘Bunbuiloen atzean ere, itzultzailearen (b)egia’ mahainguruan Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondok hartuko dute parte. 17.30ean, Inuksuit emanaldia izango dugu. Hori ere Literaturiarako sortutako emanaldia izango da: Patxi Zubizarreta, Antton Valverde, Maddi Oihenart, Mintxo Cemillan eta Malen Fernandez de Larrinoa izango dira taula gainean. Ekitaldirako sarrera 5 eurokoa izango da.

Bukatzeko, 22.00etan, beste estreinaldi bat izango da: ‘Galbahe. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko’. Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Lander Bilbao, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco eta Amaia Garcia izango dira Modelon, eta sarrera 7 eurokoa izango da.

Haurrentzako Literattipia atalean, larunbatean, 11.00etan, ipuin kontaketa egingo du Iñaxio Tolosak Etxezabala aretoan.

Literaturia itxiko duen azken ekitaldia igande eguerdian izango da, 12.00etan: ‘Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua’ saioan Gorka Arrese, Harkaitz Cano eta Maite Larburu elkartuko dira.

Ekitaldietarako sarrerak Internet bidez jarriko dira eskuragarri maiatzaren 10ean, 19.00etatik aurrera, Literaturiako webgunean zein Modelo aretoko leihatilan. Horrez gain, asteburuan zehar ekitaldiak hasi baino ordubete lehenago ere erosi ahalko dira, sarrerak bukatu ez badira.

Emplacement



.