Marie Jacquot eta Markus Schirmer, Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berrian

Date

26.04.24 - 03.05.24

Lieu

Araba - Gasteiz

Cartel del nuevo programa.
Programa berriaren kartela. (EUSKADIKO ORKESTRA)

Marie Jacquot zuzendari gaztea eta Markus Schirmer pianojolea izango dira Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonistak.

Vienako Sinfonikoko zuzendari gonbidatu nagusiak gaztetasuna eta heldutasuna aurrez aurre jartzen dituzten bi sorkuntzekin egingo du debuta Euskadiko Orkestrarekin: Mozarten ‘Pianorako 20. Kontzertua’ Markus Schirmer austriarraren interpretazioan eta Brucknerren ‘7. Sinfonia’.

Euskadiko Orkestrak ostiraletik aurrera 23/24 Kontzertu Denboraldiko hurrengo programa aurkeztuko du, ‘Mozart / Bruckner’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostiralean, apirilak 26, Gasteizko Principal Antzokian; astelehenean, apirilak 29, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteartean, apirilak 30, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegun eta ostiralean, maiatzak 2 eta 3, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

«Anton Brucknerren 7. Sinfonia Euskadiko Orkestraren azken aldiko historian nabarmendu den lan bat da: gure zuzendari titular Robert Treviñok lan horrekin egin zuen debuta 2016ko martxoan, eta harreman artistiko sendo bat abiarazi zuen horrela. Hala, orkestrak lorpen handiak erdietsi dituen aldi bat izan da, eta musika-une ahaztezinak eskaini dizkie euskal ikusleei. Orain, partitura paregabe hori Euskadiko Orkestraren atriletara itzuliko da, baina beste batuta baten zuzendaritzapean: Marie Jacquot, etorkizun handiko zuzendari gaztea, Frantziakoa. Vienako Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi gonbidatua eta, datozen denboraldietatik aurrera, Danimarkako Errege Operaren eta Koloniako WDR Orkestraren titularra», adierazi dute Euskadiko Orkestraren arduradunek.

Sinfonia honekin, behingoz, Brucknerrek nolabaiteko arrakasta lortu zuen nazioartean, 60 urte zituenean jada. Ospetsua da sinfonia hori idazten ari zela Felix Mottl musikagile eta zuzendariari bidali zion gutuna: «Bururatu zitzaidan maisua [Wagner] laster hilko zela agian, eta orduan Adagioaren gaia nigana etorri zen». Obraren iraupen amaigabea (70 minutukoa eta eragin wagneriar argikoa), Brucknerrek forma musikal handien bidez azaleratzen zuen espiritualtasun sakon baten zerbitzura jartzen da.

Brucknerren lanean murgildu aurretik, Wolfgang Amadeus Mozarten Pianorako 20. Kontzertua entzungo dugu, tonalitate minorrean idatzi zituen bi kontzertuen artean lehenengoa. Mozartek 1785ean konposatu zuen, ospearen gailurrean zegoenean Vienan. Kontzertu horrek arrakasta lortu zuen estreinatu eta berehala, eta Mozartek berak solista lanak egin zituen, orkestra teklatutik zuzenduz.

XIX. mendean, Mozarten pianorako kontzertu asko jotzeari utzi zitzaion, baina 20. Kontzertua salbuespena izan zen. Errepertorioan mantendu zen, eta, besteak beste, Hummel, Beethoven, Clara Schumann, Johannes Brahms eta Ferruccio Busoni pianojoleek sarritan jo zuten eta kadentziak idatzi zituzten kontzertu horretarako. Oraingoan Markus Schirmerrek joko du, austriar pianojole entzutetsu eta Grazeko Musika Unibertsitateko irakasleak. Jacquotek bezala, debuta egingo du Euskadiko Orkestraren Denboraldian.ç

Programari Gasteizen ekingo diote apirilaren 26an. Ondoren Iruñea (hilak 29), Bilbo (hilak 30), Donostia (maiatzak 2 eta 3) etorriko dira. Kontzertu denak 19.30an hasiko dira. 

Sarrerak salgai daude hemen apirilaren 26tik maiatzaren 3ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako, 10 eta 38 euro bitartean.

Emplacement

Principal Antzokia
San Prudencio Kalea, 29
Gasteiz. Araba