‘Mundo eta Universo’ performance kolektiboa Ean

Date

01.11.25

Lieu

Bizkaia - Ea

Bost pieza ondu dituzte performancean.
Bost pieza ondu dituzte performancean. (Ainara LASA )

XX. mende hasieran Ean bizi ziren bi anaia ziren Mundo eta Universo. Izenek kuriositatea piztu eta haien biografiari tiraka performance kolektiboa prestatu dute HEA elkarteak eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Larunbat honetan da hitzordua emanaldi bakarrean.

HEA kultur elkarteak Metrokoadoka Sormen Laborategiari egindako enkarguaren emaitza da larunbat honetan Ean egingo den performance kolektiboa. Eako herritar taldeak egindako ‘aurkikuntza’ du abiapuntu. Herrian, XX. mende hasieran, Mundo eta Unibertso izeneko bi bizilagun bizi ziren. «Erregistratu daude eta benetako izenak dira, ez dira ezizenak», argitu du Ainhoa Alberdik, Metrokoadoka Sormen Laborategiko kideak.

«Jakinminak bultzatuta, HEA ikertzen hasi zen horren atzean zer zegoen. Pentsatzen zuen anarkista edo izango zela aita, eta zerbait egongo zela kuriosoa istorio horren atzean», azaldu du.

Bilaketa sakonaren ondoren aurkitutako datuen artean ama Zamorakoa zela jakin zuten. «Bertara joan ziren familia zagutzera eta gero familiako 11 pertsona Eara etorri ziren egun pasa larunbat batean», gogoratu du. 

Mundo eta Universoren aitaren inguruan makina bat kontu esan izan dira, egiazkoak batzuk, egiatik urrun daudenak beste hainbat. «Gaizki esaka aritu ziren, semeak ez zituela zaintzen esanez. Kartzelan egon zen hilketa egotzita. Kartzelatik atera zen eguneko dokumentua aurkitu dute. Dokumentu pila bat eskuratu dituzte».  

Esamesen artean aipatu zen Mundo eta Universo gaixorik hil zirela umetan. «Bataiatu gabe zeudenez ezin zien kanposantuen lur eman orduan aitak eraman omen zituen, herriko medikuez lagunduta, karro batean. Herri guztia zeharkatu omen zuten. Baina gezurra da, ez ziren biak batera hil. Bikiak zirela ere bazioten, baina ez da hala, gauza pila bat gezurrak dira. Gizon honek baserria herentzian jaso zuela ere esan zen, bertan gela batean putetxe bat ireki zuela, beste batzuk kontrabandoan ibiltzen zela... Misterio asko daude», dio Alberdik.

Ainara Lasa, Ainhoa Alberdi, Andrea Berbois, Ane Zabala, Arantxa Ezkerra, Asier Sarasola, Edurne Azkarate, Galder Perez, Idoia Beratarbide, Imanol Garcia, Iraia Elias, Javier Barandiaran, Jurdana Otxoa, Jurgi Sarasola, Maite Aizpurua, Oier Guillan, Oihana Vesga, Oscar Picazo, Rakel Salinas. Metrokoadroka artista sareko 19 artistek osatu dute performance hau. Performancearen hasiera eta bukaera artista guztiek elkarrekin egingo dituzte. «Gonbita luzatu zaio Metro Koadrokan inoiz parte hartu duen orori», dio Alberdik. 

Arautik kanpo irteten ziren, ideia honi heldu dio Metrokoadrokak. «Garai hartan Mundo eta Universo izenak jartzeko, ez bataiatzeko... Gurasoak ez ziren ezkondu. Aita hiltzean ama beste gizon batekin elkartu zen eta harekin bai ezkondu zen. Zamorara joan zen berriro bizitzera. Moldetik ateratzen dena kritikatua, juzkatua da, txutxumutxuak sortzen dira bere inguruan. Batzuk egia izango dira eta besteak ez. Bai lehen bai orain, berdin-berdin», esan du Alberdik. Performanceaz parte hartzeaz gain ekoizpenaz arduratu da bera.

Kalez kale ibiliko den desfileak irekiko du ekitaldia. Bi aurkezlek hartuko dute hitza eta istorioa gogoratuko dute. Gainontzeko partaideak eta publikoa atzetik joango dira desfilea osatuz. 

Behin Eskolondo Kultur Etxera iritsita, 17.45etik 19.00etara, bost gunetan sakabanatuko da ekintza performatiboa. Bost pieza ondu dituzte, museoaren kontzeptua landuz. ‘Museo bizia’. «Publikoa alde batetik bestea mugitu ahal izango da, sorkuntza bat eta bestea ikusiz», argitu du Alberdik.

Diziplinarteko saioa izango da. Antzerkia, literatura, dantza, arte plastikoak eta argiak eta soinua, denak eskua emanda. Pieza bakoitza ikerketari geratu zaion ‘hutsune’ bat osatzen saiatuko da, artearen bitartez.

19.00etan amaierako pieza egingo dute artista guztiek elkarrekin, Eskolondoko frontoian. Sarrera librea da. 


Emplacement

Eskolondo Kultur Etxea
Lekuakai Bidea, 2
Ea. Bizkaia