Musika Errebolta Feminista Zarautzen

Date

03.06.23 - 03.06.23

Lieu

Gipuzkoa - Zarautz

Nize taldeak ‘Zu Lo Han’ EP lan txikia aurkeztuko du zuzenean
Nize taldeak ‘Zu Lo Han’ EP lan txikia aurkeztuko du zuzenean (NIZE)

Ekainaren 3an MEFSST jaialdiaren seigarren edizioa ospatuko da Zarauzko Hiruputzu gaztetxean. Egun osoko egitaraua prestatu da ‘Musika Errebolta Feminista’ aldarrikatu nahi den ekimenean. Goizean solasaldiak eta fanzine tailerra burutuko dira, eguerdian Airu taldearen emanaldia, eta ondoren bazkari beganoa. Kontzertuak eta musika jartzaileen sesioak arratsaldeko 19.00etan hasiko dira. Kontzertuen sarrerak 10 euroko balioa izango du eta gaztetxeko atean bertan ordaindu beharko da emanaldia hasi baino lehen.

6. edizioa

Solasaldi batek zabalduko du MEFSST jaialdiaren egitaraua. 11.00etan, eta ‘Sortuz grabitatearen aurka’ lelopean, emakume sortzaileekin solasaldia antolatu da Hiruputzu gaztetxean. Egun MICE egitasmoa gidatzen duen Miren Narbaiza, Eneritz Furyak bakarlaria, eta Nize taldeko Ainhoa Plaza eta Intza Arakistain izango dira parte hartzaileak, musika sorkuntza ardatz izango duen solasaldian. Ondoren Fantzine tailera burutuko da, eta honek bide emanago dio eguneko lehen zuzeneko emanaldiari. Eguerdiko 13.30etan Airu taldearen kontzertua iragarri da Hiruputzun bertan. Bilbon sortutako taldeak ‘Es todo un encierro’ kantua zintzilikatu berri du sarean, Oso Polita diskoetxearen babesean laster kaleratuko duten lehen diskoaren aurrerapen abestia. Musikalki indie pop eta post punk giroetan kokatu izan da banda, imaginario berezi batez inguratua.

15.00etan, bazkari beganoaren ondoren, jokoak eta bingoa antolatu dituzte eta 19.00etan hasiko dira arratsaldeko kontzertuak. Muare bikoak zabalduko du jaialdia, musikalki elektronika eta pop giroak uztartuz. Koban taldean ezagutu ziren elkar Maddi Gerriko eta Eli Beraza musikariak, eta taldea desegin zenean Muare jarri zuten martxan musika egiten jarraitzeko. Biko formatoan taularatzen dira eta agertoki gainean sintetizadoreak, teklatuak eta looperrak erabiltzen dituzte doinuak sortzeko.

Kontzertuak

Bilbotik dator Nize egitasmoa. Andrea Plaza (gitarra eta ahots nagusia), Niko Bortolini (baxua) eta Intza Arakistain (bateria eta ahotsa) musikariek osatzen dute hiruko banda eta 90. hamarraldiko rock alternatiboko doinuak lantzen dituzte kantu ilunetan. Musika bidean bi lan argitaratu dituzte, horietako azkena 2022ko neguan argia ikusi zuen ‘Zu Lo Han’ EP lan txikia. Ginger taldea, berriz, etxean ariko da. Putzuzulo gaztetxearen orbitan sortu zen taldea duela hiru urte, eta musikalki punk doinuak lantzen dituzte, ahotsetan melodia goxoak eta oihuak tartekatuz, 90. hamarraldiko rock gitarreroen eragin argiz. 2022an argitaratu zuten debuteko diskoa eta berriki grabatu dituzte lan berria izango denaren kantu berriak.

Zetkin taldea lapurditik dator eta ‘punk feminista’ bezala definitzen dute euren burua ‘Ahizpatasuna eta Sua’ leloa erabiliz. Emanaldi gutxi eskaini dituzten arren, zeresana eman dute bertako punk eszenan. Aukera ederra martxan jarri berri den taldea gertutik ezagutzeko. Zuzeneko musikarekin batera, disko eta musika jartzaile ugari ariko dira jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen MEFSST jaialdia girotzen. Bide horretan Gurebesta KJ, DJ Oihana eta DJ Sweet Pineapplek borobilduko dute gaualdia.

EGITARAUA

11.00 ‘Sortuz grabitatearen aurka’ solasaldia: Miren Narbaiza, Eneritz Furyak, Ainhoa Plaza eta Intza Arakistain (Nize).
12.30 Fantzine tailerra
13.30 Kontzertua:Airu
15.00 Bazkari beganoa
19.00 kontzertuak eta DJen emanaldiak: Muare, Nize, Ginger, Zetkin, Gurebesta KJ, DJ Oihana eta DJ Sweet Pineapple

Emplacement

Hiruputzu gaztetxea
Bizkaia kalea
Zarautz. Gipuzkoa

Liens