‘Odisea 1937’, bi gudariren eta erizain baten bizitzak Bidarteko ospitale batean gurutzatu zirenean
Date
04.09.25 - 29.09.25
Lieu
Bizkaia - Bilbo

1937tik 1940rako Bidarteko (Lapurdi) La Roseraie luxuzko hotela ospitalea bihurtu zuen euskal Gobernuak. Zauritutako gudari eta milizianoentzat errekuperazio fisiko eta emozionalerako gune bihurtu zen. Bilbo erori ostean, ehunka zauritu eraman zituzten Bidartera; beste batzuk Bordeleko ‘Habana’ ospitale-ontzian artatu zituzten.
Han gurutzatu ziren Federico Gonzalez Santiago erandiotarraren, Manuel Arambarrena galdakoztarraren eta Gotzone Arancibiaren bilbotarraren bizitzak. Lehenengo biak gudariak ziren, eta 1937an Bilboren defentsak zaurituta gertatu ziren; hirugarrena erizain gazte bat zen. Bakoitzak bere odisea propioa bizi zuen ondoren, hain zuzen ere, naziak Estatu frantsesa okupatu eta ospitalea itxi eta denek alde egin behar izan zutenean.
Baina hirurek eta beraien senideek gordetako argazkiak eta dokumentazioa orain arte ezezaguna zen gure historiaren pasarte hori dokumentatzeko balio izan dute. Orain, Zarauzko Photomuseumetik eta Erandiotik pasa ondoren, Bilbora iritsi da ‘Odisea 1937’ izeneko erakusketa. Foru parlamentuaren Bilboko egoitzako erakusketa aretoan dago ikusgai irailaren 4tik 29ra bitartean.
Hiru istorio, ehunka pertsonen isla
Bi urteko lana izan da Aitor Miñambres eta Mauro Saravia komisarioentzat erakusketa osatzea. Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendaria da; Memoria Historikoan eta Giza Eskubideetan aditua da Mauro Saravia argazkilaria. Hiru protagonisten senideak Bilboko erakusketeren irekiera ofizialera joan dira.
Gotzone Aranzibia Bilbora itzuli zen, eta ez zuen jazarpenik jasan. Hori bai, ezin izan zuen inolako ospitale edo antzekoetan lan egin Mugimendu Nazionalaren printzipioioi zin egin ez zielako. Senargaia, Alfonso Mezok, Leioako Mentxaka jauregiko administratzailea zenak gerra garaian, kartzelan eman zituen urteak. Izan zituzten sei seme-alabetatik bi erakusketaren aurkezpenean izan dira.
Erakusketaren ardatz nagusia, 1937tik 1940ra 1.600 euskal borrokalari eta zibil baino gehiago hartu zituen Bidarteko La Roseraie ospitalearen historia da. 40 argazki historiko baino gehiago bildu dituzte, eta informazio-panelek, mapek eta Gerra Zibilaren hasieratik Bigarren Mundu Gerraren eta gerraoste luzearen amaierarainoko gertaerak testuinguruan jartzen dituen denbora-lerroa uztartzen dituen ikusizko muntaia eskaintzen du.
Ameriketara alde egiten baztertu ondoren, elbarrituak zeudelako, Federico Gonzalez eta Manuel Arrumbarrena muga pasatu eta kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten frankistek. Ez zituzten luzaroan izan han, baina urte luzeetan arazoak izan zituzten biek. 10 urtetan, esaterako, Arrumbarrenak Basauriko Guardia Zibilaren postuan ikuskapena pasatu behar zuen. Beste datu bat: 1979ra arte ez zizkioten gerrako mutil izatea ofizialki onartu.
Irailaren 17an, 18.00etatik aurrera, Aitor Miñambres eta Mauro Saravia komisarioek hitzaldi bat emango dute bertan.
Emplacement
Juntas Generales
Bilbo. Bizkaia