‘Oroiterri’, borroka ezberdinetako oroitarriak biltzen dituen erakusketa

Date

08.01.26 - 25.01.26

Lieu

Araba - Gasteiz

Erakusketa, Izaskun Arrue Kulturgunean.
Erakusketa, Izaskun Arrue Kulturgunean. (NAIZ)

‘Oroiterri, oroimenaren euskarriak’. Hala deitzen da Martxoak 3 elkarteak Gasteizko Alde Zaharrean dagoen Izaskun Arrue Kulturgunean antolatutako erakusketa, munduko herrialde ezberdinetako memoria euskarriak biltzen dituena. 

Ostegun honetan egindako agerraldian, Amaiur Arbe eta Josu Santamariak gogoratu dute oroitarri hitzak pertsona edo gertaera gogoangarri bati egiten zaion arkitektura edo eskultura lana adierazten duela, «eta ideia horretatik abiatuta, erakusketak gatazka eta borroka sozial ezberdinen aztarnak, testigantzak eta oroimenak ekartzen ditu Gasteizera».

Nabarmendu dutenez, Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurreneko ekintzen baitan antolatutako erakusketa honek «herrien memoriak kaleetan eta gizarte zibilaren eskutik nola mantentzen diren bizirik erakusten du, eta, era berean, bestelako herrialdeetako esperientziak gure hirira hurbilduz, elkarren arteko ulermen eta oroimen-lana sendotzea du helburu».

Hala, Izaskun Arrue Kulturgunean ikusgai daude Kolonbian egindako oihalezko tximeletak. Erakusketan azaltzen denez, «tximeleta bakoitza izen bati edo pertsona jakin bati lotuta dago, zehazki Bake Akordioa sinatu ondoren eraildako sinatzaileak oroitzeko sortuak baitira». 

Era berean, Perutik ekarritako Ayacuchoko erretaulak daude erakusketan. Edilberto Jimenez Quispek egin zituen indarkeria politikoaren garaiko biktimen ahotsa eta memoria berreskuratzeko, bereiziki komunitate indigenen eta nekazarien aurkako errepresioa eta indarkeria irudikatuz. 

Palestinatik jasotako giltzak dira ere. Izan ere, giltzak palestinarren «erresistentziaren eta memoria kolektiboaren ikur nagusietako bat dira». Santamariak adierazi duenez, «1948an, Nakbaren garaian, Israelgo Estatu kolonilak milaka palestinar beren etxeetatik indarrez kanporatu zituenean palestinar askok haien etxeetako giltzak gordetzea erabaki zuten».

«Keinu horrek esangura sakona hartu zuen eta ordutik, giltza aberrira itzultzeko eskubidearen, itxaropenaren eta desjabetzearen aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtu dira», gaineratu dute antolatzaileek. 

Erakusketan ere ikusi daiteke emakume sahararrek erabilitako melfa, jantzi tradizionala. Diotenez, «ez da jantzi soil bat: Saharako emakumeen identitate kulturalaren ardatz nagusietako bat da, eta erbestean zein okupazio egoeran, memoria, duintasuna eta erresistentzia sinbolizatzen ditu».

Irlandako iparraldeko mural politikoen argazkiak dira ere; baita Argentinatik bidalitako zapi zuriak. Buenos Aires Maiatzeko Plazako amen edota amonen sinbolorik ezagunena. 

Argentinatik heldutako beste euskarri bat dago erakusketan: Siluetazo bezala ezagutzen dena. Diktadura militarraren azken hilabeteetan sortutako ekintza politiko eta artistiko kolektiboa izan zen, bortxazko desagerpenak salatzeko. Siluetazoa Hego Amerikako beste herrialde batzuetan berreskuratu eta baliatu zuten, Estatuaren indarkeria agerian uzteko. 

Atzerritik jasotako azken euskarria Japoniatik dator. Origamiren bidez egindako paperezko txoriak dira eta bakea irudikatzen dute. Izan ere, paperezko kurrilo hauek Hiroshima eta Nagasakiren bonbardaketa atomikoen ondoren hedatu ziren. «Lortu ez zuen arren, origamia oroimenaren, erresistentziaren eta bakearekiko konpromisoaren sinbolo boteretsu bilakatu zen».

Bestetik Martxoaren 3arekin lotura zuzena duten bi euskarri dira erakusketan. Sarraskiaren zazpigarren urteurrenean erabilitako pankarta bat, ‘3 de Marzo. No olvidamos. Seguimos luchando’ leloa duena; eta ‘Kontzientziaren Kanpaiak’ izena duen eskultura, Iñigo Arregik egindakoa. 

Erakusketaren irekiera ekitaldia ostegun honetan izango da, 19.00etan, eta bisita irekiak izango dira ostiral, larunbat eta igandeetan. Gainera, urtarrilaren 10, 17 eta 24an bisita gidatuak antolatuko dira. Eta bi kontzertu izango dira: Paul Pascal, urtarrilaren 15ean, eta Ane, Oihane eta Iker osatutako taldea urtarrilaren 22an. Erakusketari amaiera emateko, bertso-bermuta antolatuko da urtarrilaren 25ean.

Emplacement

Izaskun Arrue Kulturgunea
Errementari kalea 30
Gasteiz. Araba