Bederatzi eguneko zinema festa hastera doa Donostian

Date

22.09.23 - 30.09.23

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Noah Pritzkerren ‘Ex-husbands’ izango da leihan Sail Ofizialean, beste hainbat lanekin batera.
Noah Pritzkerren ‘Ex-husbands’ izango da leihan Sail Ofizialean, beste hainbat lanekin batera. (ZINEMALDIA)

Dozenaka filma zain ditugu ikusleek, kritikariek zein kazetariok ostiral honetatik irailaren 30era. Alfonbra gorria jarrita, dena prest dago bederazi egunez zinemaz gozatzeko. Nork bere Zinemaldia egiteko.

«Makina bat filma ikusi ondoren ohartzen gara harilkatzen dituzten gaiez», kontatu zuen Rebordinosek aurkezpenean. «Ez da prozesu kontzientea izan, baina orain, 21 saioetan banatutako 210 filma ikusita, saihestezina da ondorioak ateratzea», gaineratu zuen Ruth Perez de Anucita Zinemaldiaren komunikazio arduradunak ondotik.

Memoriak zeharkatutako lanak dira asko. «Kolonialismoa, nazionalismoa, erresistentzia frantziarra, Latinoamerikako diktadurak, iragan hurbilean hainbat emakumek izan duten bizitza –Indian, Japonian...–, ikusiko ditugu. Euskarak hainbat hamarkadatan jasan dituen arazoak bildu ditu ‘Bizkarsoro’ filmak, esaterako», gogoratu zuen.

Epaimahaia

Claire Denis zinemagilea izango da Epaimahai Ofizialeko epaimahaiburua, eta ondoan izango ditu Fan Bingbing aktore txinatarra, Cristina Gallego ekoizle, errealizadore eta idazle kolonbiarra, Brigitte Lacombe argazkilari frantziarra, Robert Lantos ekoizle hungariarra, Vicky Luengo aktore espainiarra eta Christian Petzold zuzendari alemaniarra.

Zinemaldiko zuzendariak azaldu zuenez, Estatu Batuetako Aktoreen Sindikatuak (SAG-AFTRA) deitutako grebak ez du eraginik izango Zinemaldiaren programazioan, aukeratutako film guztiak proiektatuko baititu, baina bai alfonbra gorrian, arduradunek gonbidatuta zituzten hainbat zuzendari eta aktore ez baitira Donostian izango.

Zuzendaritzak ez du huts egingo dutenen izenik aipatu. Bai, egongo direnena. Jessica Chastain, Juliette Binoche, Gabriel Byrne, François Cluzet, Emmanuelle Devos, Griffin Dunne, Sandrine Bonnaire, Aidan Gillen, Mads Mikkelsen, James Norton eta Dominic West, besteak beste.

Bertan izango dira Noah Pritzker, J.A. Bayona, Isabel Coixet, Michel Franco, Craig Gillespie, Jonathan Glazer, Kitty Green edo Todd Haynes. Baita Tran Anh Hung, Tatiana Huezo, Ladj Ly, James Marsh, Cristi Puiu, Valeria Sarmiento, Justine Triet, Fernando Trueba eta Javier Mariscal ere.

Euskal izenak

Jaione Camborda eta Isabel Herguera zinemagile donostiarrak Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko dira 71. Zinemaldian. Estrainekoz bi emakume euskaldun Sail Ofizialean nor baino nor. Lehenak ‘El sueño de la sultana’ animaziozko filmarekin hartuko du parte Sail Ofizialean eta Cambordak, aldiz, bere bigarren film luzea aurkeztuko du, ‘O Corno’.

Bi zinemagile donostiarrez gainera, beste bi euskaldun ere izango dira aurtengo Zinemaldian: Irati Gorostidi eta Ion de Sosa, biak Zabaltegi-Tabakalerako atalean.

Isabel Herguera (Donostia, 1961) ibilbide luzeko artista bisuala, ekoizlea eta animaziozko zuzendaria da. Hainbat sari jasotakoak da bere lanengatik, besteren artean ‘Kutxa beltza’ (2016), ‘Amore d'inverno’ (2015), ‘Bajo la almohada’ (2012), ‘Ámár’ (2010) eta ‘La gallina ciega’ (2006) filmengatik. Azken horrekin Goya sarietako animaziozko film labur onenaren sarirako hautagaia izan zen.

‘El sueño de la sultana’ bere lehenengo film luzea da eta bertan Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin batean oinarritutako kontakizun bat aurkezten digu Herguerak. Kontakizun horretan, bere bizipenaz gain, emakumeek gobernatutako Ladyland mundu utopikoaren istorioa azaltzen digu.

Jaione Camborda (Donostia, 1983) Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da bere bigarren film luzearekin, ‘O Corno’ –lehenengoa, ‘Arima’ (2020), Made in Spain sailerako hautatua izan zen, Sevillan eta Gijónen saritua izan ondoren–. Filmak –galizieraz filmatua eta proiektu fasean zegoenean Ikusmira Berriak egonaldi programan parte hartutakoa– erditzeetan laguntzen aritzen den Mariaren (Janet Novas) istorioa kontatzen du. Gertaera ikaragarri baten ondoren, bizi den uhartetik ihes egin beharko du.

Zabaltegi-Tabakalera atalean lehiatuko dira beste bi euskaldunak. Ion de Sosa (Urnieta, 1981) hainbat proiektutan aritu da argazki-zuzendari bezala eta ‘True Love’ (2011) eta ‘Sueñan los androides’ (2014) lanen egilea da. ‘Leyenda dorada’ (2019) film laburraren zuzendarikidea ere bada –film horrek Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuen, Berlinalen lehiatu ondoren–.

Oraingoan, bakarka egindako ‘Mamántula’ film ertainarekin itzuliko da De Sosa sail honetara. Gizakiz trabestitutako armiarma erraldoi baten izena da Mamantula.

Irati Gorostidiren (Eguesibar, 1988) ‘Contadores’ film laburrak ere parte hartuko du Zabaltegi-Tabakaleran –Canneseko Semaine de la Critique astean parte hartu zuen eta iaz Kimuak katalogoan egon zen–. Gaur egun, Gorostidi ‘Anekumen’ izeneko lehen film luzea garatzen ari da. 2022ko Ikusmira Berriak sailean aukeratua izan zen, baita beste mentoretza- eta merkatu-programa batzuetan ere.

Maria Alche eta Benjamin Naishtat, Robin Campillo, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martin Rejtmanek euren film berriak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean. Halaber, Raven Jacksonek bere lehen filmarekin hartuko du parte (Ikusmira Berriak egonaldi-programan egon zen filma bere proiektu-fasean).

Donostia Sariak

Hiru Donostia Sari emango ditu Zinemaldiak: Hayao Miyazaki, Javier Bardem eta Victor Erice. Zuzendari karrantzarra izango da beraz 71. edizioan presentzialki jasoko duen bakarra. Izan ere, zuzendari japoniarrak birtualki –Tokiotik– jasoko du saria eta Bardemek datorren urteko Irekiera Ekitaldira atzeratu du garaikurra jasotzea.

«Hollywoodeko grebaren eraginez bi aldeok horrela adostu dugu», azaldu du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak. «Festa handia izan dadin merezi du Bardemek», gaineratu du.

Pozarren azaldu da Miyazakiri hirugarren Donostia Saria eman izanagatik. «Zuzendari bezala daramatzadan hamabi urteotan sari ederrak eman ditugu baina benetan poztasun handia ematen dit saraietako bat aurten berak jasotzeak. Ametsa da bere film berriaren premier-a izatea eta orain, gainera, saria jasotzea, pentsa!», aitortu du.

‘Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron’ Miyazakiren lanak irekiko du aurten zinema jaialdia lehiaz kanpo. Irailaren 7an Torontoko zinema jaialdian izan berri da ‘Chihiroren bidaia’ bezalako filma ederren zuzendaria eta Donostiakoa Europako estreinaldia.

‘Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron’ zuzendariak idatzitako istorio originala da. Soinu-banda Joe Hisaishik egin du, Miyazakiren filmetako ohiko konpositoreak, hain zuzen. Udan Japonian estreinatu zen eta arrakasta ikaragarria lortu ere.

Culinary Zinema

Gastronomiarekin lotutako lau film eta telesail batek osatuko dute Culinary Zinema saila −Zinemaldiaren eta Basque Culinary Centerren artean antolatua−. Argentina, Alemania, Txina, Peru edo Estatu frantseseko gastronomien inguruko bost istorio kontatuko ditu aurten.

Mariano Cohn eta Gaston Duprat zuzendarien ‘Nada’ telesail argentinarraren mundu-estreinaldiak emango dio hasiera Culinary Zinema sailari, eta Tran Anh Hung zuzendariaren ‘La passion de Dodin Bouffant’ filmak −Cannesen zuzendari onenaren saria jaso zuenak−, berriz, amaiera. Aurten lehiazkoa ere izango da: lau ekoizpen Culinary Zinema Film Onenaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira (10.000 euro film irabazlearentzat).

Tartean ‘Nan fang nan fang / Back to the South’ Xiao Haiping (Hunan, Txina. 1986) zuzendariaren lehen film luzea, Mariano Carranzaren (Lima, Perú. 1989) ‘Pachacútec, la escuela improbable’, Melanie Liebheit (Münster, Alemania. 1973) eta Gereon Wetzel (Bonn, Alemania. 1972) zuzendarien ‘She Chef’ dokumentala ikusiko dira.

Saileko bost filmekin batera afari tematikoak egingo dira irailaren 25etik 29ra bitartean Basque Culinary Centerren. Sarrerak (emanaldiak eta afariak) irailaren 1ean jarriko dira salgai, 10.00etan, 80 euroren truke, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez.

Hiroshi Teshigahararen atzerabegirakoa

Aurtengo atzerabegirakoan, Hiroshi Teshigahara japoniarrak 1953 eta 1992 bitartean zuzendu zituen hogei titulu —film luzeak, ertainak eta laburrak— erakutsiko dira.

Zinemaldian, guztiz ezagutzen ez dugun zuzendari horren filmografia osoa emango da. Zerrenda osoa, Zinemaldiaren webgunean.

Telesailek hartuko dute Belodromoa

Belodromoko emankizunetarako, telesailen aldeko apustua egin du Zinemaldiak eta, hala, jaialdiko areto jendetsuenak -3000 ikusle jartzen ditu 400 metroko pantaila baten aurrean- ‘Go!azen’-en denboraldi berria eta C. Tangana eta Berto Romeroren telesailen estreinaldiak hartuko ditu.

Irailaren 29an, 18.30ean aurkeztuko da ‘Go!azen’ telesailaren hamargarren denboraldiko lehen atala, baita taldeko kide berriak ere; izan ere, emanaldia hasi aurretik ikuskizun bat eskainiko dute kide berriek. Jabi Elortegik (Bermeo, 1969) eta Itziar Gomezek (Errenteria, 1964) zuzendutako gazteentzako programa da eta ETBn eman diren bederatzi denboraldietan arrakasta handia izan du telesailak. Zorroztasun handiz zuzendutako udaleku bateko gazte talde baten bizipenak kontatzen ditu, musikaren medioz.

Irailaren 24an, aldiz, Berto Romerok sortutako (bera da idazleetako bat eta protagonista nagusia) ‘El otro lado / The Other Side’ aurkeztuko da. Sei atalez osatua, Javier Ruiz Calderak (Viladecans, 1976) eta Alberto de Torok (Bartzelona, 1972) zuzendutako telesail honetan, telebistako komiko ospetsuaren  beldurrezko generoan murgilduko da lehendabizikoz Nachoren istorioarekin. Nacho paranormalean espezializatutako kazetaria da, eta egoera profesional eta pertsonal txarra bizi du. Emanaldira etorriko direla berretsi dute Berto Romerok berak, telesailaren zuzendariek eta Andreu Buenafuente, Nacho Vigalondo, Eva Ugarte eta Maria Botto antzezleek.

Irailaren 28an, azkenik, ‘Esta ambición desmedida / This Excessive Ambition’ telesailaren txanda izango da. Santos Bacanak (Madril, 1991), Cris Trenasek (Madril, 1987) eta Rogelio Gonzalezek (Madril, 1991) zuzendua, hiru zati ditu, C. Tanganaren ‘Sin cantar ni afinar’ musika-bira sortu eta abian jartzeko prozesua aprobetxatzen dutenak artistaren sorkuntza-bidaia pertsonala esploratzeko. Telesailaren estreinaldian abeslari madrildarra eta proiektu dokumentalaren sortzaileak izango dira.

Itsaso Arana, Made In Spain sailean

Bere aldetik, Made in Spain sailak 19 film luze hartuko ditu, horien artean Itsaso Aranaren ‘Las chicas están bien / The Girls Are Alright’. Karlovy Varyko Jaialdian lehiatu zen filma, Itsaso Aranak (Tafalla, 1985) zuzendutako lehen filma da. Aranak Jonas Truebaren filmetan parte hartu izan du aktore gisa. Zuzendari gisa estreinatu duen film honetan, antzezle gisa ere parte hartuko du Aranak, eta Barbara Lennie eta Irene Escolar nabarmentzen dira aktoreen zerrendan; landetxe batean antzezlan bat entseatzeko bilduko diren emakume talde baten rola egin dute.

Zortzi film Klasikoak sailean

Zinemaldiaren 71. edizioan inoiz baino film gehiago hartuko ditu Klasikoak sailak; guztira, zortzi film emango dira Tabakalerako zinema-aretoan.

Yasuzo Masumurak, Liliane de Kermadecek, Francesc Betriuk, Yasujiro Ozuk, Fabian Bielinskyk eta Arturo Ripsteinek zuzendutako lanen kopia zaharberrituak ikusiko dira, argitaratu gabeko bi lanen estreinaldia hartzeaz gain: ‘Festival en las entrañas’, Jose Val del Omarrek zuzendua, eta ‘El realismo socialista / Socialist Realism’, Raul Ruizek eta Valeria Sarmientok.

Zabaltegi-Tabakalera saila

Zabaltegi-Tabakalera sailean 25 filmek hartuko dute parte: hamabost film luzek, zortzi film laburrek eta bi film ertainek.

Sail honek Yui Kiyohara zinemagileak (Tokio, 1982) zuzendutako ‘Subete no Yoru wo Omoidasu / Remembering Every Night’ filmarekin inauguratuko da; Kiyohararen lehen filma ‘Watashitachi no ie / Our House’ (2018; Berlinaleko Forum sailean bildua) izan zen. Sail horretan bertan aurkeztu du aurten bere bigarren film luzea, emakumezko zenbait pertsonaiaren azterketa bat.

Inaugurazio saioan Jean-Luc Godard (Paris, 1930 – Rolle, Suitza. 2022) zuzendariaren hil ondoko film labur bat ere emango da: Film annonce du film qui n'existera jamais: ‘Drôles de Guerres’ / Trailer of the Film That Will Never Exist: ‘Phony Wars’.



Ulises de la Orden (Buenos Aires, Argentina. 1970) dokumental zuzendariak emango dio giltza sailari. ‘El juicio / The Trial’ erakutsiko du, Berlinaleko Panorama sailean estreinatutako ez-fikzio bat, Argentinako diktaduraren batzar militarren aurka 1985ean egindako prozesu judiziala xehetasunez dokumentatzen duena.

Guillermo García Lópezek (Madril, 1985) zuzendutako ‘Aunque es de noche / Even Though it's Night’ filma La Cañada Realeko 6. sektorean kokatuta dago (La Cañada Real legez kanpoko kokaleku bat da eta Madrilgo aldirietan dago).



Izen bereko bere film labur batean oinarritua, ‘Xue yun / Absence’ Wu Langen (Yiyang, Txina. 1991) lehen film luzea da; Berlingo zinema-jaialdiko Encounters sailean izan zen egile txinatarra elkarri lotutako patuak izaten jarraitzen duten bi maitale zaharren kontakizun honekin. Zuzendariak bi lanekin hartuko du parte Zabaltegi-Tabakalera sailean. Izan ere, ‘Absence’ emateko saio berak ‘Duan Pian Gu Shí / Short Story’ film laburraren emanaldia ere barne hartuko du. Veneziako Orizzonti sailean estreinatuko den film horren protagonista gizon bat da, eta aspalditik ikusi ez duen emazteak agur esango diola amets egiten du.

‘El auge del humano / The Human Surge’ (2016) filmarengatik–, Eduardo Williamsek (Buenos Aires, Argentina. 1987) bere bigarren film luzea aurkeztuko du, ‘El auge del humano 3 / The Human Surge 3’, mundu bitxi eta misteriotsu batean girotutako istorio bat, hain justu. 



Berriz bere aita zaharrarekin bizitzera behartutako gizon bat da ‘Gamopituli Khalkhi / We Are The Hollow Men’ film laburreko protagonista. Zuzendaria, Rati Oneli (Tbilisi, Georgia, 1977), ‘Dasatskisi / Beginning’ (Dea Kulumbegashvili, 2020) filmaren ekoizlea, gidoigileetako bat eta aktorea ere bada.



Berlinaleko Encounters saileko film onenaren sariaren irabazlea ‘Here’ izan zen; film horretan, Bas Devosek (Zoersel, Belgika. 1983) erromantze baten aukerak jaioterrirako itzulera atzeratuko dion etorkin baten istorioa kontatzen du.



Damien Manivelek (Brest, Estatu frantsesa. 1981) aipamen berezia lortu zuen FID Marseille jaialdiaren lehiaketa frantziarrean ‘L'Île / The Island’ lanarekin; adiskidetasunari eta heltzeari buruzko istorio bat kontatzen digu Manivelek bere filmean.

Rodrigo Morenok (Buenos Aires, Argentina. 1972) aipamen berezia lortu zuen Horizontes Latinos sailean ‘El custodio’ (2006) lanarekin, eta oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatutako ‘Los delincuentes / The Delinquents’ lanarekin. Moránen eta Románen istorioa kontatzen digu Morenok bere film luze berrian. Bankuko bi langile horien errutina zeharo aldatuko da horietako batek euren sukurtsalean lapurtzen duenean.



Andres Di Tella (Buenos Aires, Argentina. 1958) lan berriarekin itzuliko da: ‘Mixtape La Pampa’ film luzea Argentinaren nortasuna eratzeko funtsezko sinbolismoa duen eremu bateko paisaian barneratzen da.

‘Orlando, mi biografía política / Orlando, My Political Biography’ bere lehen film luzean, Paul B. Preciado idazle, filosofo eta aktibista (Burgos, 1970) Virginia Woolfen eleberritik abiatzen da generoa, gorputz ez-bitarrak eta halako gaiak jorratzeko.



Atsushi Hiraik (Toyama, Japonia. 1989), ‘Oyu’ filmean, gizon batek galdutako objektu baten bila bainu publiko batzuetara egingo duen bisita deskribatzen du.



Ashmita Guha Neogi indiarrak (Delhi, 1991) Nest Saria irabazi zuen ‘CatDog’ filmarengatik, bere lehen film luzea prestatzen ari da gaur egun, eta ‘Sīlan’ aurkeztuko du oraingoan, ama hitzen zaienean berriz harremanetan jartzen diren bi anai-arrebei buruzko film ertaina.



Delphine Girard (Quebec, Kanada. 1990) Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da bere lehen film luzearekin; zehazki, ‘Quitter la nuit / Through the Night’ film luzeak Oscar sarietarako izendaturiko ‘Une soeur / A Sister’ film laburraren ideia garatzen du. Filma, Veneziako Giornate degli autori atalerako hautatua, indarkeriak markatutako hiru pertsonaiaren jarraipena da.



‘Blazh / Grace’ Ilya Povolotskyren (Izhevsk, Errusia. 1987) fikziozko lehen film luzea da. Egileak Quinzaine des Cinéastes atalean hartu zuen parte bi aita-alaben kontakizun samur eta kontenplaziozko horrekin; filmean ikusiko dugu aita-alabek zinema-proiektore batekin bidaiatzen dutela paisaia atsekabegarri batean barrena. 

Shaylee Atary aktore eta zuzendariak (Rishon Lezion, Israel. 1989) bere bigarren film laburra aurkeztuko du, ‘Or panas yachid / Single Light’; Jerusalemgo zinema-jaialdian estreinatua, sexu eraso bat jasan duen emakume bat da filmaren ardatza. Bere lehen film laburrarekin (‘Neurim’) Cannesko Cinéfondation sailean egon zen.



Ez da izango Kohei Igarashik (Shizuoka, Japonia. 1983) ‘Manivel’ ekarriko du, hain zuzen ere, Igarashiri Zabaltegi-Tabakalerara itzultzea ahalbidetu dion lan berriaren ekoizlea; oporrak elkarrekin igarotzen dituzten haurtzaroko bi laguni buruzko ‘Suigyo no majiwari / Two of Us’ film laburraz ari gara.



Hautaketak Estatu espainiarrean ekoitzitako eta jada iragarritako lau lan ere barne hartuko ditu: ‘Antier noche / Nights Gone By’ Alberto Martín Menachoren (Madrid, 1986) lehen film luzea da, Ikusmira Berriak egonaldietarako eta proiektu-garapenerako programan garatua eta Visions du Réel jaialdian estreinatua; An Pham Thienek (Vietnam, 1989) zuzendutako ‘Bén Trong Vo Ken Vang / Inside the Yellow Cocoon Shell’ nazioarteko ekoizpena da, Urrezko Kameraren irabazlea; ‘Mamántula’ Ion de Sosak (Urnieta, 1981) zuzendutako film ertaina da, eta egileak ‘Leyenda dorada / The Golden Legend’ (2019) ere zuzendu du (besteak beste), Berlinalean lehiatu ondoren Zabaltegi-Tabakaleran emandako film laburra; eta, azkenik, ‘Contadores’ Irati Gorostidik (Eguesibar, 1988) zuzendutako film laburra da, Cannesko Semaine de la Critique atalean parte hartu eta Kimuak programaren katalogoan bildu zena.


Fipresci saria

Aki Kaurismäkik zuzendutako ‘Kuollet lehdet / Fallen Leaves’ pelikulak Fipresci Sari Nagusia lortu du Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek 2023ko film onena izendatu ostean. Saria irailaren 22an entregatuko da, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren Inaugurazio Galan. Halaber, eta jada jakinarazi den bezala, filma Perlak sailaren parte ere izango da.

Mundu osoko 669 kritikarik parte hartu dute Fipresci sarien bozketan, eta 2022ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik hautatu dute Finlandia eta Alemaniaren ekoizpen hori. ‘Fallen Leaves’ abenduaren 29an estreinatuko da Estatuan Avalonen eskutik.

‘The Zone of Interest’ filmak inauguratuko du Perlak saila

Urrezko Palma, Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Cannesko Epaimahaiaren Saria, Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Sundance, Venezia eta Toronton hautatutako beste film batzuk lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko irailaren 22tik 30era egingo den Donostiako Zinemaldiko 71. edizioan. Saila ‘The Zone of Interest’ pelikularekin inauguratuko eta Ladj Lyren ‘Bâtiment 5’ film berriarekin amaituko da (lehiaz kanpo)

Maite Alberdi, Nikolaj Arcel, J. A. Bayona, Stephanie Di Giusto, Michel Franco, Matteo Garrone, Craig Gillespie, Jonathan Glazer, Ryûsuke Hamaguchi, Todd Haynes, Aki Kaurismäki, Hirokazu Kore-eda, Christian Petzold, Celine Song, Warwick Thornton, Justine Triet eta Wim Wenders zinemagileek osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Perlak sailaren film-hautaketa.

‘El realismo socialista’ film amaitu gabeak argia ikusiko du

Donostia Zinemaldiako Klasikoak sailak Raul Ruiz zinemagile txiletarraren ‘El realismo socialista / Socialist Realism’ (1973-2023) film amaitu gabearen mundu-estreinaldia hartuko du. Filma Valeria Sarmiento zinemagileak –Ruizen bikote eta lankidea– berreskuratu eta berregin du.

Langile mundua eta lumpena burgesia intelektual txikiaren munduarekin lotzen dira film honetan. Orain dela 50 urte Txilen izandako kolpe zibiko militarraren aurretik Salvador Allende presidenteak gauzatutako prozesuaren –Unidad Popular delakoaren– interpretazio satiriko gisa pentsatu zuen egileak obra.

Horizontes Latinos

Argentinan, Txilen, Mexikon eta Brasilen kokatutako hamabi istoriok osatuko dute Horizontes Latinos saila. Lehiatuko diren lanen hautaketan, halaber, WIP Latamen azken edizioan saritutako bi film –‘El castillo / The Castle’ eta ‘Estranho caminho / A Strange Path’– eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan bildutako lan bat –‘Alemania’– bildu dira.

Paula Hernandezek (Buenos Aires, Argentina; 1969) ‘El viento que arrasa / A Ravaging Wind’ filma estreinatuko du; Selva Almadaren izen bereko eleberriaren egokitzapen zinematografikoa da. Carolina Markowicz (São Paulo, Brasil; 1982) bere bigarren film luzearekin izango da sailean; hala, ‘Pedágio / Toll’ filmak Horizontes Latinos saila itxiko du.

Maria Zanetti (Buenos Aires, Argentina; 1980) zuzendariak ‘Alemania’ aurkeztuko du. Zuzendariak nerabe baten pertsonaia jarri du erdian bere lehen film luzean: protagonistaren ahizpak buruko nahasmendu bat duenez, familiak egoera txarra bizi du.

Dolores Fonzi aktorea (Buenos Aires, Argentina; 1978) ‘Blondi’ filmarekin estreinatu da zuzendari gisa; semearekin harreman berezia duen ama gazte baten istorioa kontatzen digun film horretan, Fonzik berak egin du amaren rola.

Halaber, Camila Fabbri (Buenos Aires, Argentina; 1989) idazle eta aktoreak ere bere lehen film luzea zuzendu du: ‘Clara se pierde en el bosque / Clara Gets Lost in the Woods’ film luzeak bere iraganeko gertakizun traumatiko baten ondorioak bizi dituen emakume bat du protagonista.

Zinema dokumentalaren arloan aritua, Martin Benchimolek (Buenos Aires, Argentina; 1985) bakarka zuzendutako bere lehen film luzea aurkeztuko digu: ‘El castillo / The Castle’. Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean estreinatua, Justinaren –etxe handi bat oinordetzan hartuko duen etxeko langile baten– istorioa kontatzen du filmak.

Tatiana Huezo Horizontes Latinos sailean izango da berriz (San Salvador, El Salvador; 1972). ‘El Eco / The Echo’ filmak –Mexiko iparraldeko herri urrun bateko bizitza dokumentatzen duenak– dokumental onenaren saria eta Encounters saileko zuzendaritza onenaren saria jaso zituen Berlingo zinema jaialdian.

Guto Parentek (Fortaleza, Brasil; 1983) hainbat zinema-jaialditan –hala nola BAFICIn eta Rotterdamgoan– parte hartu izan du, eta aurten Donostia Zinemaldira itzuliko da; zehazki, bere hamargarren film luzea –WIP Latam sailean Projeto Paradiso Lehen Saria irabazi zuena– aurkeztuko du. ‘Estranho caminho / A Strange Path’ filma pandemiaren ondorioz bere aitarekin berriro konektatzen den zinemagile bati buruzkoa da, eta Tribecako zinema jaialdiko nazioarteko lehiaketan lau sari irabazi zituen: film, interpretazio, gidoi eta argazki onenaren sariak, hain justu.

David Zonanak (Mexiko Hiria, 1989) Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen ‘Mano de obra / Workforce’ (2019) estreinako lanarekin, eta aurten Horizontes Latinos sailean erakutsiko du bere bigarren lana, ‘Heroico / Heroic’, Sundancen eta Berlinaleko Panorama sailean izan zena. Zonanak Donostian erakutsiko duen lan berria gerraren aurkako alegatu bat da, etorkizuna hobetzeko asmoz ikastetxe militar batean sartzen den gazte bat protagonista duena.

Felipe Galvezek (Santiago, Txile; 1983) Cannesko Un Certain Regard atalean parte hartu zuen film bat erakutsiko du, westernaren tankerakoa. ‘Los colonos / The Settlers’ filma egilearen lehen lana da, XX. mendearen hasieran girotuta dago, eta Txileko Patagoniako herri indigenen genozidioan jartzen du arreta.

Lucia Puenzo zuzendariak (Buenos Aires, Argentina; 1976) bere bosgarren film luzean –‘Los impactados izenekoan’–, Mariana Di Girolamok antzeztutako emakume baten istorioa kontatzen du: ekaitz batean, tximistak jo ondoren aldaketa fisiko eta psikikoak jasango ditu protagonistak.

Lila Aviles zuzendariak (Mexiko Hiria, 1982) Horizontes Sariko epaimahaikide izan eta bi urtera sail berean erakutsiko du bere bigarren lana, ‘Tótem / Totem’. Aurreko Berlinalean lehiatu zen film horretako protagonista zazpi urteko neskato bat da, bere familiaren zimenduak kolokan ikusiko dituena.

Euskadiko Orkestra

Euskadiko Orkestrak 71. Donostia Zinemaldiaren baitan eskainiko duen kontzertua irailaren 23an izango da, Belodromoan, eta sei filmeren soinu bandak interpretatuko ditu. Emanaldia 12.00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da, Euskadiko Orkestrako, SGAE Fundazioko eta Donostia Zinemaldiko ordezkariek ostegun honetan egindako aurkezpenean iragarri dutenez.

Musika kontzertua klasiko bihurtu da jada Donostia Zinemaldian, finkatuta dago Belodromoko proposamenen artean eta Zinemaldiko eszenatoki gogokoena da, 3.000 lekuko edukierarekin. Aurten Juan Jose Ocon donostiarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna.

Bada, 2023ko ‘Kontzertua & Proiekzioa’ saioa sei filmetarako musikaren egokitzapenek osatuko dute: Ivan Palomaresen ‘Las niñas de cristal’, Victor Reyesen ‘Love gets a room’, Julio de la Rosaren ‘Modelo 77’, Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Callejaren ‘Irati’, Paula Olazen ‘Nora’ eta Fernando Velazquezen ‘Momiak’.

Gainera, Euskadiko Orkestrak Oñatiko Ganbera Abesbatza gonbidatu du kontzerturako, ‘Las niñas de cristal’, ‘Love gets a room’, ‘Modelo 77’ eta ‘Irati’ filmen musikaren ahots interpretaziorako, hain zuzen ere.

Bestalde, aurreko urteetan bezala, kontzertuan elementu bisual bat gehituko da, musika uztartuko baita filmetako eszena muntaketa baten proiekzioarekin 400 metro koadroko pantaila batean; Morgancrea taldeak sortu du muntaketa kontzerturako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.

Emplacement

Donostia
Kursaal
Donostia. Gipuzkoa