Poligrafo Fest jaialdia larunbatean Urretxun
Date
12.04.25 - 12.04.25
Lieu
Gipuzkoa - Urretxu

Larunbatean ospatuko da Urretxuko Nekolalde aparkalekuko karpan Poligrafo Fest jaialdiaren hamargarren eta azken edizioa. Hamar urtez dozenaka izan dira jaialdian parte hartu duten taldeak eta azken edizio honetarako gertuko taldeen aldeko apustua egin dute, betiko lagunak gonbidatzeaz gain, proposamen berriak batuz afitxera.
Musikalki kolore ezberdineko rock koordenadetan dator Zarraparraz kolektibo nekaezinak antolatzen duen musika festa hau, eta azken edizioan ere erritmo beroen aldeko apustua egin dute.
Sarrerak 16 euroko balioa izango du aurrez eskuratuz gero, eta 20 euro ordaindu beharko dira bertan. Elkarteko bazkideek 10 euro euroen truke gozatu ahalko dute emanaldiaz. Arratsaldeko 20.00etan hasiko dira zuzenekoak, eta sarrerak geratzen badira, Karpan bertan eskuratu daitezke emanaldia hasi baino lehen.
Rudiger
Felix Buff musikariak gidatzen duen musika egitasmoa da Rudiger. Willis Drummond taldeko bateria-jotzaile bezala eman zen ezagutara urteak atzera, eta pandemiaren erdian abiatu zuen bakarkako bidea, kasu honetan makilak alde batera utzita, gitarra akustikoa lagun. Etxean kantu soilak egiten hasi zen, eta formatu erdi biluzian kaleratu zuen debuteko diskoa. Gerora etorri zen banda sortzea, eta diskoak modu elektrikoago batean egitearen ideia. Boskote bezala taularatzen da banda, eta emanaldi honetan ‘Wild Cotton Glow’ disko txikia aurkeztuko dute, estudioko hirugarren emaitza dena.
Bidelapurrak
Ander eta Ekaitz dira Bidelapurrak taldeko zutabe nagusiak. Biek abiatu zuten egitasmoa 2014 urtean eta orain disko berria aurkezten ari dira zuzenekoetan banda bat lagun. Folketik abiatzen duten euren proposamena, tartean, bestelako eraginei muzin egin gabe. ‘Inorenak ez diren lurretan’ disko berria aurkeztuko dute emanaldi honetan, azken urte hauetan landu dituzte 12 kantu biltzen dituen CD berria.
Sotomonte
Jokin Salaverria bizkaitar musikariaren ekimenez sortu zen Sotomonte egitasmoa. Musika bide luze bezain oparoa duen musikaria da honakoa, beti ere rock giroetako proposamenetan murgildua. Sotomonte sortzearekin batera, 70eko hamarkadako rock doinuetara egin du bidai, hard rock eta folk psikodelikoan sakonduz ere. Horrela ikusi daiteke argiki taldearen azken diskoa den ‘Decadence & Renaissance’ lanean.
Harria
Bergara aldetik dator Harria proposamena. Aitor Aldanondo musikariak Brigada Criminal, What a Band, Fiacrhas... taldeetan ibili eta gero, bere kantuei bide ematen sortu zuen Harria, beti ere, banda formatuan aritzeko ideiaz. Bidean taldearen izen bera duen iraupen luzeko disko bat kaleratu zuten 2022 urtean, eta musikalki pop eta folk giroetara bideratzen dituzte erritmoak.
Emplacement
Nekolalde
Nekolalde
Urretxu. Gipuzkoa