Ruper Ordorika Diman
Date
29.06.25 - 29.06.25
Lieu
Bizkaia - Dima

Euskal Herriko herri eta auzo asko jaietan erabat murgilduak daude egun hauetan, eta bide horretan festarako musika nagusi da plaza, txosna gune eta kaleetan barna. Rockak bere tokia izaten jarraitzen du gurean, eta indartsu datozen musika berriek ere tarte bat egiten ari dira egitarauetan, hala nola, egungo mexikar doinuak, cumbiak, trapa edo elektronikatik datozen erritmo bortitz eta dantzagarriak. Hala ere, edozein une da egoki edozein musikaz gozatzeko, eta Ruper Ordorikaren emanaldi bat beti da ongi etorria. Izan ere, Bizkaiko Dima herriko San Pedro jaien barnean ariko da musikari txantxikuarra igande gauez, 21.00etan hasiko den emanaldian. Ondoan, bere Mugalariak banda izango du lagun Ordorikak, eta musika bidea errepasatuko dute saioan.
Ruper Ordorika
Ibilbide luzeko musikaria da Ruper Ordorika, eta Euskal Herriko musika liburuetan letra larriz idatzi beharreko izena da berea. Etenik gabeko bidea osatu du Ordorikak, diskoak eta zuzenekoak tartekatuz urte hauetan guztietan. Atzera begira disko eta kantu esanguratsuak utzi ditu bidean, eta egun ere disko berriak eta kantu berriak ere argitaratu ditu. 1980. urtean kaleratu zuen Ruper Ordorikak ‘Hautsi da anphora’ bere lehen lana, eta 2024 urtean ikusi zu argia estudioko azken emaitzak, ‘Bakarka II’ izenpean, non bere musika ibilbideko kantuak grabatu dituen formatu akustiko biluzian, gitarra eta ahotsa soilik lagun.
Dimako emanaldian, ordea, Mugalariak banda izango du alboan, eta rock formatuko kantuak izango dira nagusi zuzeneko zerrendan. Ez dira faltako urte hauetan guztietan Ruperren errepertorioan esanguratsuak izan ziren ‘Herdoilarena’, ‘Ene begiek’, ‘Martin Larralde’, ‘Zaindu maite duzun hori’, ‘Ez da Posible’ edo ‘Berandu dabiltza’ bezalako ereserkiak.
Emplacement
Herriko plaza
Herriko plaza
Dima. Bizkaia