‘Solstizium’, familia osoarentzako murgiltze esperientzia artistikoa

Date

17.12.24 - 19.01.25

Lieu

Bizkaia - Bilbo

‘Solstizium’ ikuskizunaren irudia.
‘Solstizium’ ikuskizunaren irudia. (Asier CAMACHO)

Astelehen honetan aurkeztu da Bilboko BBK Aretoan ‘Solstizium’, familia osoarentzako murgiltze esperientzia artistikoa Bilboko erdiguneko Gran Vian doan gozatu ahal izango dena Gabonetan (abenduaren 17tik urtarrilaren 19ra).

Neguko solstiziotik abiatuta urte amaiera ospatzen duen ‘family experience room’ -a da, negua iritsi aurreko urteko gaurik luzeena. «Ziklo aldaketa ospatzen duen unibertso magiko batean barrena ibiltzera gonbidatzen gaitu», aurreratu du Gorka Martínez BBKko zuzendari nagusiak.

Artisautza, teknologia eta material iraunkorren konbinazioari esker, proiektuak «publiko guztientzako ibilbide onirikoa» aurkezten du, antzinako kondairetan, tradizioetan eta euskal folklorean oinarritua, publikoa «behaketa eta hausnarketara» bultzatuko duena. «Hiriko punturik zalapartatsuenean, Sala BBK artearentzako eta kulturarentzako, familientzako eta topaketarako babeslekua izango da, herritar guztientzako gune irekia eta % 100 irisgarria», Martinezen hitzetan.

Bilboko Gheada arte estudioak sortu du obra, BBK Fundazioaren enkarguz, eta Yolanda Mosquera ilustratzaile amurriotarraren laguntza izan du, baita hamar bat artista eta kolektiborena ere (musika, argiztapena, animazioa, eskultura...), gehienak euskaldunak.

Talde sortzaile honek «bizipen paregabea sortuko duten paisaiak, pertsonaiak eta irudiak sortu ditu. Bizipen horrekin elkarreragin ahal izango dugu, eta, gainera, asteak aurrera joan ahala bilakaera sotila izango du», laburbildu du Rut Briones Gheadako Zuzendari Sortzaileak. Briones Solstiziumeko partaideen ordezkaritza handi batek babestu du gaur goizean: Gheadaren bigarren fundatzailea, Raquel Durán, eta Yolanda Mosquera bera, baita Ibon Belandia, David Alcorta, Tuomas Kuure, Marta Lorenzana Gamez, Maria Altuna Lizarraga, Tomo Estudio (Iagoba Moly eta Jose Astuy) eta Rotor Studio (Roman Torre) ere; «tokiko talentuaren lagin anitza», Martinezen arabera, «BBK-k Bizkaiko sormen-sektoreari emandako babesaren adierazgarri».

Sala BBK erabat berrantolatu da Solstizium hartzeko; izan ere, barruan hainbat gela sortu dira, esperientzian zehar erabiliko diren kutunak emanez abiatuko den ibilbide batean egituratuta. Ibilaldia baso batean hasiko da, lainoak eta naturaren soinuek inguratuko gaituzten baso batean.

Hortik aurrera, «ikusleek arakatzea, eramaten uztea eta esperientzia bizitzea nahi dugu», esan du Brionesek, Solstiziumek ezkutatzen dituen ezustekoak azaldu nahi izan gabe. Ilunpetan dir-dir egiten duten animaliak, maite ditugunentzako mezuak xuxurlatzeko zuhaitza, euskal mitologiako pertsonaiekin bat egiteko putzuak... horiek dira bidean egingo diren geldialdietako batzuk, eta laku batean amaituko da, non amuletoa sarreran utzi beharko den, urte berrirako desio bat formulatzen den bitartean.

Solstizium, azken batean, «bidaia ahaztezina izango da handi eta txikientzat, Gabonetako familia-plan handia izango dela agintzen duena», adierazi du Martinezek. Ekimenak arrakasta izan du, izan ere, hasiera batean erabilgarri zeuden 15.000 plazetatik 14.720 erreserbatu dira (sarrera guztiak agortu dira urtarrilaren 8ra arte).

Sarrera gehiago

Ikusmin handia piztu denez, gaur bertan doako 3.000 gonbidapen berri jarriko dira webgunean. Gainera, antolatzaileek Gabonetan zehar plazak online hartzera animatu dute; izan ere, aukeren arabera, kupo berriak irekiko dira.

‘Solstizium’-ek egunero irekiko du 10.00etatik 20.00etara (igandetan 10.00etatik 19.00etara), baina sartzeko azken txanda 13.30era aurreratuko du abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 19an. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da. Informazio guztia eta doako sarreren erreserba webgunean.

Konposizio musikala Ibon Belandiak sinatu du. Argiztapenaren diseinua David Alcortarena da eta animazioa Tomo Estudio eta Gheadarena. 
Zurgintza, Tuomas Kuurek; 
eskultura, Marta Lorenzana Gámez
ek; eta pintura Maria Altuna Lizarragak-



Emplacement

BBK Aretoa
Gran Via, 19-21
Bilbo. Bizkaia