Sukena, Gasteizen eta Donostian kantu berria aurkezten

Date

07.03.25 - 07.03.25

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Sukena taldeko kideek ’Ahots hura’ abesti berria aurkeztuko dute.
Sukena taldeko kideek ’Ahots hura’ abesti berria aurkeztuko dute. (BIDEAN)

Martxoaren 7an, Donostiako Kutxa Fundazioa Kluba aretoak kontzertu berezi bat hartuko du. Sukena taldeak zuzenean aurkeztuko du berriki kaleratu duen ‘Ahots hura’ abesti berria, dagoeneko plataforma digital guztietan entzungai dagoena. Emanaldia aukera paregabea izango da taldea zuzenean ikusteko, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko 10 euroen truke taldearen webgune ofizialean. Aurretik amaitzen ez badira, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago jarriko dira salgai aretoaren leihatilan 13 euroko prezioan. Egun bat lehenago, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan ariko da banda.

Sukena

Emozioz beteriko proposamen freskoa da Sukena taldea, eta pixkanaka musika eszenan toki bat lortzen ari da, gero eta ikuslego zabalagoa konkistatuz. Giro akustikoetan eman zituzten lehen pausoak egitasmoak Oñatiko Naia eta Eider Herraez ahizpek beraien logelan egindako kantuen bidez, eta taldea handitu den heinean pop rock giroetara bideratu dituzte euren doinuak, beti ere, sustraiak ahantzi gabe.

2023 urteko ‘Guztia gordetzea ezinezkoa da’ diskoa izan zen taldearen debutekoa, eta disko horri esker biko proposamena zena, banda bilakatu zen. ‘Ahots hura’ abesti berriak lehen diskoko norabidean sakontzen du, eta ahots melodiak nagusi diren arren, gitarren presentzia areagotu da Haritz Harreguy estudioetan grabatu den kantuan. Egun entsegu lokalean sortzen ari diren abesti berrien aurrerapena izan daiteke, taldearen norabide berria erakusten duen adibidea.

Aste honetan Gasteizen eta Donostian aritu ondoren, taldeak bere bira jarraituko du, eta dagoeneko zenbait emanaldi hitzartu dituzte Euskal Herrian zehar. Martxoaren 13an Arrasateko gaztetxean ariko da banda, Kooltur Ostegunak musika zikloaren barnean. Egun bat geroago Olaberriko jaietan izango dira gaurko 22.00etatik aurrera, eta  apirilean Bilboko Kafe Antzokian, Berriozarren burutuko den Gazteon Eskutik topagunean, eta Freedom For Aiherra jaialdian ariko dira, Nafarroa Beherean.

Emplacement

Kutxa Fundazioa Kluba
Kutxa Fundazioa Kluba
Donostia. Gipuzkoa

Liens