Ternuara, bakailao arrantzaren garaira, garamatza Mikel Otxotekok San Telmoko erakusketarekin

Date

20.09.23 - 07.01.24

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Kartoizko kaxek osatzen duten irlan daude kokatuta irudiak proiektatzen dituzten pantailak.
Kartoizko kaxek osatzen duten irlan daude kokatuta irudiak proiektatzen dituzten pantailak. (Maialen ANDRES | FOKU)

Umea zenetik ikusi ditu etxean amak Ternuan egindako filmaketak. Eguneroko jarduerari lotutako irudiak dira, 21 urterekin erizain lanetan aritu baitzen Saint-Pierre et Miquelon artxipelagoan Margarita Olazabal. Bakailao arrantzan ari ziren marinelak artatzea zen bere ardura. Arrantzaren krisiarekin, bakailaoa desagertua zen ordurako, lanik ez eta itzuli zen Euskal Herrira.

1975. urteak berebiziko garrantzia izan zuen. «Orduan hasi zen krisia», gogoratu du artistak.

2018an, ama ondoan zuela filmaketak ikusten ari zela dimentsio artistikoa izan zezaketela pentsatu eta lau urtez garatu zen proiektuan murgildu zen Otxoteko. Bi egonaldi egina da Ternuan. Itzuleran hainbat galdera buruan, orain San Telmo Museoan ikuslearekin partekatu nahi dituenak. «Zer gertatu zaie bertako biztanleei (hainbatek euskalduntza du bere burua)? Zein da irlaren egoera ekonomikoa gaur egun (bakailaoa zen diru-iturri nagusia)? Ez du industria gaitasunik eta Frantziak sostengatzen du. Elikadura subirautza oso gai interesgarria da...», azaldu du.

‘Hic sunt dracones (Hemen dragoiak daude)’ antzinako itsas kartografian erabiltzen zen esamoldea da. Honekin, ezezaguna den orok dituen arriskuez ohartarazten zituzten nabigatzaileak. Hala, mapetan, Ternua, ofizialki oraindik ere herensuge ezkatadun bat bezala agertzen zen. Esaldi hauxe hautatu du sortzaileak erakusketaren izenburu gisa.

Ikus-entzunezko materiala, eskulturak, instalazioak, mapak eta dokumentazio historikoa biltzen dituen ikerketa artistiko honek St.Pierre et Miquelonen erabakigarriak izan diren faktoreak aztertu ditu. Otxotekorekin batera astearte honetan egindako aurkezpenean egon dira Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria eta Ane Abalde, Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare zuzendaria.

«Feminismoa eta jasangarritasuna, gaur egun indarrean dituen gaiak landu ditu proiektuan. Errelato txiki batetik abiatu eta errealitate posible bat islatu du», nabarmendu du Abaldek, hizki larriz idazten den historian emakumeen presentzia urria gogoratzearekin batera.

Hunkituta agertu da Otxoteko. «Artistikoki hazi egin naiz, baita pertsona bezala ere. Eta hau ezinbestekoa da artea ulertzeko dudan moduagatik», aitortu du.

Publikoak Ternuaz duen ezagutza historikoa sakontzea eta bisitaria obrek eraman dezaten uztea da bere helburua.

Bokazio antropologikoa

Olazabalek badu bokazio antropologikoa ere. 80ko hamarkadaren hasieran, hainbat euskal antropologok, Teresa del Valle buru zutela, euskal kulturaren eta emakumeen parte- hartzearen historia zabaltzen hasi aurretik, Margarita Olazabal etnografo bihurtu zen, jabetu gabe. Horrela dio Mari Luz Estebanek erakusketaren karietara San Telmok argitaratu duen katalogoan.  

«XVI. mendean, balearen eta bakailaoaren arrantza-industria garatzen hasi zenean, emakumeek askotariko lanak egin zituzten, arrantza bera barne, eta batzuk itsasontzien jabeak izan ziren. Gaur egun dokumentatuta dago emakumeek lurrean izan duten protagonismoa,,. Kontua da, orduan, nola izan ziren kanporatuak ontzietatik eta arrantzari buruzko kontakizun handietatik. Eta hor edozer gauzak balio izan du, sineskerietatik hasi eta gobernu-araudietaraino», gaineratu du.

Manuel Valdes Pizziniren eta Mikel Otxotekoren testuekin osatzen da katalogoa. Lehena Puerto Ricok bakailu arrantzarekin izan duen harreman aztertu du eta horren berri eman dio donostiar artistari. Bakailao gazitua elikagai nagusia izan zen hurrengo mendeetan Karibeko azukre-kanabera plantazioetan aritzen ziren milaka langile esklaboentzat, bereziki Puerto Ricon.

Artea abian izeneko egitasmoaren barruan garatu du Otxotekok proiektua. Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako erakusketa programa honek sorkuntza garaikideari ematen dio  protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez.

Asteazken honetatik 2024ko urtarrilaren 7ra dago zabalik erakusketa, doako sarrerarekin. Sarrera orokorra sei eurokoa da. Online eta leihatilan eskuragarri.

Emplacement

San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa