The Hot Dogs eta Eh, Mertxe!, Urretxuko Motz tabernaren agurrean
Date
18.04.26 - 18.04.26
Lieu
Gipuzkoa - Urretxu

Apirilaren 17an kontzertu berezi bat ospatuko da Urretxun. Motz tabernak ateak itxiko ditu hogei urtez herriko musika giroa aztoratu eta gero. Makina bat izan dira garagardo artean urte hauetan guztietan bertan ospatu diren zuzeneko emanaldiak eta bestelako ekintzak.
Udalaren debekuen gainetik, Motz taberna musikazaleen gotorlekua izan da Urretxun, rock and rolla soinu banda bezala ekimenak sortzeko eta konplizitateak eratzeko lubakia.
Tabernaren azken egunerako egitarau berezia prestatu dute, non herri bazkaria, jokoak eta kontzertuak antolatu diren egun osoko egitarauan. Kontzertuak 19.30etan hasiko dira eta The Hot Dogs eta Eh, Mertxe! taldeak ariko dira zuzenean karpa azpian.
Eh, Mertxe!
Eh, Mertxe! izango da gaueko lehen banda. Gazteak dira, nahiz eta hamabi urteko urte eskarmentua duten bizkar gainean. Errioxako Logroño hiritik dator, eta taldeko kideak Oion, Samaniego eta Baños de Ebro herrietatik datoz.
Musikalki rock and roll bero eta jostaria jorratzen dute, energia biziko riff azkarretan. Musika bidean lau disko kaleratu dituzte, horietako azkena ‘¡Reza al pop!’ izeneko binilo diskoa.
The Hot Dogs
Gaueko protagonista The Hot Dogs talde mitikoa izango da. Urte asko lozorroan izan eta gero emanaldi batzuk egiteko elkartu da Urretxu-Zumarragako banda, eta horietako bat etxean bertan emango dute. Kike Turmix handiaren omenaldirako batu ziren, eta orain, behintzat, beste bi emanaldi eskainiko dituzte gurean.
90. hamarraldian sortu zen banda, eta agertokiak harrotu zituzten hamarkada batez, diskoak eta zuzenekoak tartekatuz, rock and roll giroetan barna. Emanaldi hauetan beraien ibilbidea errepasatuko dute, ‘Rock & Roll Army 69’ lehen disko zoragarritik, ‘Powerhouse’, ‘III’ eta estudioko azkena izan zuten ‘Nothing but a bad day’ diskoraino. Diskoak disko, taldearen indargunea zuzeneko emanaldi bero eta sutsuetan dago, eta hori erakutsiko dute larunbat gauean Urretxun.
Emplacement
Karpa
Karpa
Urretxu. Gipuzkoa