The Lio Tafallan disko berria aurkezten

Date

15.02.25 - 15.02.25

Lieu

Nafarroa - Tafalla

The Lio taldeko kideak ‘Betirako Agur’ bideokliparen grabaketan.
The Lio taldeko kideak ‘Betirako Agur’ bideokliparen grabaketan. (HFMN CREW)

The Lio talde nafarrak disko berria plazaratu du egunotan, eta bide horretan zuzenekoak dituzte jomugan datozen aste eta hilabeteetarako. Otsailaren 15 gauean Tafallan ariko dira zuzenean, 22.00etatik aurrera Gabalzeka pubean eta doako emanaldian. Kontzertua Antigona taldeak zabalduko du, Artaxoa herritik datorren punk banda, hauek ere disko berria aurkeztuz. Aurrera begira, Oñatin, Elorrion, Etxarrin, Larrabetzun, Oreretan edota Gasteizen ariko dira zuzenen disko berria besapean. Gainera, maiatzaren 30 eta 31ean Bergaran ospatuko den Ekinez jaialdian joko dute Euskal Herriko punk rock eta punk oi! eszenaren erakusleku den jaialdi esanguratsuan.

The Lio

‘Itxaropena kontraesan’ izena darama The Lio taldearen estudioko bigarren emaitzak. Berriki ikusi du argia auto-ekoizpen gisara, eta barnean hamar kantu berri batu dituzte, guztiak taldearen sorkuntza, eta denak azken bi urteetan sortuak entsegu lokaleko zuloan. Musikalki punka eta rock & rolla uztartzen ditu bandak euren doinuetan, agertoki gaineko jarrera sutsu eta beroaz. 2021 urtean taldearen izen bera zuen diskoa kaleratu zuen laukoteak, eta debuteko diskoari esker emanaldi asko eskaini zituzten Euskal Herriko luze zabalean.  2022 urteko ‘Iraganaren preso’ lan txikia beste urrats sendo bat izan zen, eta lan berrian, sustraietatik aldegin gabe, ideiak eta norabide argi dituen laukote indartsu bat topatzen da. Disko berria Iruñeako Sound of Sirens estudioetan grabatu da 2024 urtean zehar, eta soinu mahaiaren atzean Julen Urzaiz teknikaria aritu da REC botoia zapaltzen.

Diskoan grabatutakoa Tafallako zuzenekoan defendatuko dute.


Emplacement

Gabalzeka pub
C. Garcés de los Fayos, 1
Tafalla. Nafarroa

Liens