‘Txapelarte’, tradizioa eta artea uztartzen dituen erakusketa ibiltaria
Date
04.08.25 - 08.09.25
Lieu
Gipuzkoa - Donostia

‘Txapelarte’ erakusketa Donostiara heldu da. Barrio San Martin elkartearen ekimenen batean oinarritzen da erakusketa, hainbat artista eta pertsonaia ezaguni euskal txapela pertsonalizatu eta artelan bihurtzeko eskatu baitzitzaien, Minbiziaren Aurkako Elkarteari ekarpena egiteko.
Elkartetik azaldu duten bezala, ‘Txapelarte’ erakusketa ibiltaria da, Bergara eta Altzotik pasa ostean Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretora iritsi dena.
Nabarmendu dutenez, erakusketak euskal nortasunaren ikono bat omentzen du: Txapela. «Euskal kulturan hain errotuta dagoen pieza honen azpian, hainbat diziplinatako artistek Boinas Eloseguiren txapelak eskuz egin dituzte, espresioz, kolorez eta mezuz betetako lan paregabe bihurtuz».
Parte hartu duten artisten artean daude Iñigo Aristegui eskultorea, Elena Arrese artista, Maria Berasarte abeslaria, Martin Berasategui sukaldaria, Mikel Casal ilustratzailea, Charo Casteres bitxigilea, Santiago Egurbide kapelagilea, Amaia Estanga artista plastikoa, Iñigo Manterola artista, Realeko jokalariak edota Isabel Zapardiez diseinatzailea.
Erakusketa hau Kapelaren Ibilbidea programaren parte da, Barrio San Martin elkarteak artearen, modaren eta tradizioaren bidez bere negozioei bizia emateko bultzatutako ekimena. Gainera, ‘Txapelarte’-k helburu solidarioa du: Txapel guztiak enkantean jarriko dira Minbiziaren Aurkako Elkartearen alde, «puntada, marra eta forma bakoitzean artea eta konpromiso soziala batuz».
«Arakatu lan bakoitza, ezagutu bere sortzaileak eta lagun gaitzazu ibilbide artistiko honetan, probintziako hainbat txokotatik bidaiatzen joango dena», eskatu dute.
Erakusketa Donostiako Barrio San Martin elkarteak antolatu du, EHUkultura Gipuzkoaren laguntzarekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan egongo da ikusgai abuztuaren 4tik irailaren 8ra arte. Sarrera librea da. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00ra.
Emplacement
Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoa
Elhuyar plaza, 2
Donostia. Gipuzkoa