Udazken Rock jaialdia Oionen
Date
03.10.26 - 03.10.26
Lieu
Araba - Oion

Urriaren 3an Udazken rock jaialdia ospatuko da Arabar Errioxako Oion herrian, musikalki rock and roll eta Stoner giroetara bideratua. Honakoa jaialdiaren lehen edizioa izango da, eta afitxean zuzeneko bizia duten hiru talde batu dituzte: Niña Coyote eta Chico Tornado, Eh, Mertxe! eta John Dealer And The Coconuts. Kontzertuak gaueko 20.00etan hasiko da herriko Plaza Nagusian eta emanaldia doakoa izango da.
Eh, Mertxe!
Emanaldi berezia izango da Eh, Mertxe! taldearentzako. Beraien zaletuen aurrean ariko dira zuzenean, orain dela hamar urte inguru lehen kontzertua eskaini zuten herri berean. Izan ere, taldekide guztiak Arabar Errioxako herri ezberdinetakoak dira, tartean, Oion, Mañueta edo Samaniego, hala ere entsegu lokala Logroñon du bandak. Larunbatekoa Adrian gitarra-jotzailearen azken emanaldia izango da, hamar urtez taldeko sei sokak jotzen ibili eta gero, taldea utziko du gaualdi honetan, beraz taldearen bidean mugarri izango da emanaldia. Eh, Mertxe! taldeak rock &roll giro beroak lantzen ditu, garage soinura gerturatuz batzuetan eta punk rockaren zikintasunera bestetan, beti ere emanaldi sutsuetan. Berriki 'Reza al Pop' diskoa kaleratu dute, taldearen musika bideko laugarren emaitza, eta disko hori aurkeztuko dute larunbatean, taldeko kantu zaharrekin batera.
Niña Coyote eta Chico Tornado
Koldo Soret (gitarra eta ahots nagusia) eta Ursula Strong (bateria) dira Niña Coyote Eta Chico Tornado. Biko formatuan taularatzen dira, baina banda oso bat jotzen ari dela dirudi taldeak duen intentsitate eta indarra medio. Rock gordina eta desertuko stonerra dituzte oinarri, baino disko bakoitzean zerbait berria proposatu izan dute sarri, beti ere, sustraiak galdu gabe. Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere aritu dira kontzertu biran, eta besteak beste Ameriketako Estatu Batuetan edo Japonian jo dute. 2025 urtean argitaratu zuten estudioko azken disko luzea 'Atea' izenpean, eta berriki zenbait kantu egin dituzte Bala taldearekin elkarlanean.
John Dealer And The Coconuts
Geldiezin dabilen beste talde bat Legazpiko John Dealer & The Coconuts laukotea da. Furgoneta zaharrean errepidea erretzen duen banda da honakoa, rock and roll erritmoetan barna amaigabeko gaualdietan. Estudioko lau disko luze plazaratu ditu bandak, eta dagoeneko lan berria izango dena prestatzen ari dira entsegu lokalean. Kantu zuzen eta elektrikoak lantzen ditu bandak, rock estiloko riff bizkor eta lelo itsaskorrak ardatz hartuta. Eraginen artean Eskandinaviako rock and roll aipatu daiteke, beste eragin klasikoagoen artean. Taldearen azken kantuak 'It’s On' izeneko diskoan kaleratu dira, Andoaingo Garate estudioetan grabatuak Ola Ersfjord suediar soinu teknikariaren eskutik eta Kurt Baker abeslaria produkzioa lanetan. Oionen, diskoetan grabatutakoa zuzeneko bizian taularatuko dute.
Emplacement
Plaza Nagusia
Plaza Nagusia
Oion. Araba