Xare Alvarezen ‘Makurtu’ «ekosistema misteriotsua», San Telmon

Date

24.05.24 - 25.08.24

Lieu

- Donostia

Xare Alvarez, erakusketan.
Xare Alvarez, erakusketan. (Iker AZURMENDI)

Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako Artea Abian erakusketa programaren barruan aurkeztu du Xare Alvarezek ‘Makurtu’ proiektua. Programa honek sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez.

‘Makurtu’ erakusketa hainbat materialekin egindako 14 piezaz osatuta dago (ehunak, aluminio urtua, zeramika, paper gaineko tintak...) eta, San Telmotik adierazi dutenez, «pieza horiek autonomiaz arnasten dute, baina haien artean sortzen diren loturei esker ekosistema misteriotsu bat sortzen da, non piezak organismo bizi bat iragartzen duen mugimendu aldakorraren bidez erlazionatzen diren».

Artistaren beraren lan-metodologiak ere prozesuaren organikotasuna biltzen du, zeinean, geruzen moduan, elkarren jarraian ageri baitira materialen elkartzea, eraldatzea eta osoko irakurketa baterako azken proposamena.

Laborategian izango da zabalik 2024ko maiatzaren 25etik abuztuaren 25era, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.

Xare Álvarez Berakoetxea (Donostia, 1990) Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUn eta École Nationale Supérieure des Beaux Arts-en (Paris). Duela gutxi, hainbat beka eta sari jaso ditu, hala nola INJUVE gazteen sorkuntzarako laguntzak, Guggenheim Museoaren EGINBERRI beka, TBK-CAC La Synagogue de Delme truke-erresidentzia edo Gipuzkoako Artista Berrien Programaren ohorezko aipamena.

Erakusketen artean nabarmentzekoak dira ‘Nudo, Urdimbre, Hilván’, La Taller (Bilbo, 2023); ‘Pulso’, Altxerri Galeria (Donostia, 2022); ‘Baginen bagara’, San Telmo Museoa (Donostia, 2021); ‘Un momento atemporal’,Tabacalera (Madril, 2020); ‘Canon’, Sala Amadís (Madril, 2019); ‘BiDosTwo’, Alondegia (Bilbo, 2018); ‘Eginberri’, Guggenheim Museoa (2017); ‘Orsal’, Bel Ordinaire (Pau, 2017); ‘Guéoir’, Atelier del CAC La Synagogue de Delme (Delme, 2016); eta 15/32,Koldo Mitxelena Kulturunea (Donostia, 2016).

Artea abian proiektua

2019an martxan jarritako ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Bosgarren ediziora iritsi da Artea Abian proiektua, aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak, Kimia Kamvarik eta Mikel Otxotekok bere lanak aurkeztu ondoren.

Emplacement

San Telmo Museoa
Zuloaga plaza
Donostia.