Xiberoots, Markina-Xemein eta Baionan
Date
11.07.25 - 12.07.25
Lieu
Lapurdi - Baiona

Xiberoots taldea topera dabil udara honetan, eta bide horretan asteburu beroa izango du bandak bi emanaldi eskainiz segidan. Maiatzean ikusi zuen argia taldearen ‘Zer agitüko’ lan berriak, eta geroztik, agertokietan da seikote Xiberotarra reggae musika zabalduz Euskal Herrian barna. Ostiralean Markina-Xemeingo jaietan ariko da banda J Martina eta Maruxak taldeekin batera gaueko 22.30etatik aurrera Zelaian. Larunbatean, berriz, Baionako jaietan izango da hitzordua, Espainiako Atean, eta Or Konpon elkarteak antolaturiko musika festan. Arratsaldeko 17.00etan hasiko dira zuzenekoak, eta Mäiru eta Zetkin taldeak izango dituzte agertokian lagun.
Hirugarren diskoa
‘Zer agitüko’ izena darama Mauleko bandaren estudioko disko berrienak. Hamar urteko bidean kaleratzen duten hirugarren lana da honakoa, eta aurrez landutako musika bidean sakontzen du taldeak grabaketa berrian. Sustraietara loturik tinko, reggae giroak dira nagusi disko berrian ere, ohiko dub eta ragga giroak mantenduz, eta era berean melodia poperoetara bideratuz sorkuntza berriak. Izan ere, berriki sarean zintzilikatu duten ‘Gerla’ bideoklipean argi ikusten dira tendentzia berri horiek, musikalki erritmoak pausatuz eta ahots melodiei bestelako bira bat emanez. Kantu berriekin batera taldearen klasiko guztiak entzuteko aukera izango da bi gaualdietan, beraz, dantza eta algara ziurra da Maulemuffinaren erregeekin.
Uda beroa
Asteburu honetan eskainiko dituen bi emanaldiez gain, uztaila beroa izango da Xiberoots taldeko lagunentzako. 18 gauean Portugaleten izango dira, eta 24ean Debako Iturri ondoan joko dute disko berria aurkeztuz. 25ean Lakuntzan ospatuko den Hatortxu Rock festibal berezian ariko dira goizaldeko 04.00 taularatuz Elkartasuna agertokian, eta azkenik, Xiberoko Gotaine herrian joko du bandak uztailaren 26ean. Abuztuan, berriz, Gasteiz, Kanbo, Zizurkil, Bilbo, Itsasi eta Eskiula bisitatuko dituzte. Kontzertuen informazio osoa taldearen atari digitalean eskura daiteke webgunean.
Emplacement
Espainiako plaza
Espainiako plaza
Baiona. Lapurdi