‘Xiberua kantuz loraturik’, kantu tradizionalak eta ikuspegi garaikidea ardatz dituen ikuskizuna

Date

13.03.25

Lieu

Bizkaia - Bilbo

Ikuskizunaren emanaldi baten irudia.
Ikuskizunaren emanaldi baten irudia. (LORALDIA)

‘Xiberua kantuz loraturik’, Loraldiaren ekoizpen propioa, eskainiko dute martxoaren 13an, Arriaga Antzokian 19.30etik aurrera. «2024ko produkzio propiorik handiena izan zen. Iruñean egin zen estreinaldia otsailean eta Euskal Herriko zenbait antzokitan eskaini ondoren, Bilbora helduko da», adierazi dute Loraldia festibaleko arduradunek. 


Bi orduz luzatzen den emanaldia da. «Zuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikidez eszenaratzen duen ikuskaria» bezala definitu dute. «Zuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikidez eszenaratzen du, basa-aireak, kantuak eta irudiak uztartuz. Eszenan, Zuberoako arima eta kantuen indarra sentituko dugu. Musika eta irudien bidez, ikusleek bidaia emozional bat egingo dute, bizitzaren, maitasunaren, itxaropenaren eta umorearen bidez gidatuta», gaineratu dute.

Agertoki gainean Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Julen Achiary, Mitxel Etxekopar eta Ihitz Iriart izango dira. «Artista hauek Zuberoako kantu tradizionalaren aberastasuna eta gaur egungo sorkuntza uztartuko dituzte, baso-aireak, kantuak eta irudiak nahastuz. Zuberoa, euskal lurralde txikiena izanik ere, kantu-memoria luzea eta tradizio oparoa gordetzen duen lurraldea da. Pastoralak, Maskaradak eta bertako kantuen aberastasuna eszenaratuko dira, ikusleak emozio eta oroimen kolektiboaren bidaia batean murgilduz», diote.

Ikuskizunean Itxaro Borda, Joxan Artze eta Pier Paul Berzaitzen
testuak ere entzungo dira, eta «horrek dimentsio poetiko eta sakona emango dio», Loraldiko kideen hitzetan.

«Beñat Achiary, berriz, euskal kulturan aurki daitekeen berritzaitzailerik handienetako bat da: kantari, musikari eta inprobisatzailea. Oso estimatua gure mugetatik at. Tradizioa berrizten egin duen lana izugarria da eta gai da gure bihotzak astintzeko zeharo. Julen Achiary, Beñaten semea, aitaren ezpalari jarraituz bide berritzaileetatik abiatzen da Haratago taldearekin (talde honetako bi musikarik ere ikuskari parte
hartzen dute). Aita eta semea izango dira gidari artistikoak.
Mixel Etxekoparrek bizitza oso bat eman dio Zuberoako tradizioari. Umorez blaitu eta esentzia bilatu du etengabe. Gaurko kultura zuberotaren zutabe bat da. Aipagarria da Isturitzeko hiru zuloko flauta (Europako aztarna arkeologikorik zaharrenetako bat) berreskuratu zuela eta doinua atera diola», gogoratu dute.

Ikuskarian erakutsiko diren argazkiak Eliane Héguiaphal-enak izango dira. «Zuberoan bizi den argazkilari bikain honen irudiak kantaldiaren parte izango dira. Euskal kultura zainetan darama eta gustuko dituen gaiak artzainak eta mendiko unibertsoa dira, batik bat. Goresten ditu zuri-beltzeko argazkiak eta Pirineetako ihauteriak, maskaradak baita pastoralak ere izango dira arte bisualen protagonistak».

«Pierre Vissler Frantziatik etorri zitzaigun Zuberora eta gaur egun euskal kulturaren erreferente bihurtu da. Musikan nahiz teatroan murgilduta izan da azken aldi honetan. Clown eremuan ibilitakoa eta Mixel Etxekoparrekin batera ‘Züek heben, Euskal Herriko atlas geopoetikoa’ lanaren sortzailea da. Bertan Euskal Herriko hainbat bazterretako soinuak grabatu eta sailkatu ditu. Ikuskizun honetan ‘elektroakustikalaria’ izango dela agindu dute. Gutxitan ikus daitekeen funtzio berritzailea. Edozein bazterretan edo sasoitan hartutako Zuberoako doinuak ekitaldi hipnotiko bihurtzen dituen abangoardista», adierazi dute.

Tradiziotik garaikidetasunera

Loraldia festibalaren arduradunen esanten ‘Xiberoa kantuz loraturik’ ez da ohiko ikuskizuna. «Tradizioa oinarri hartuta, gaur egungo kultura garaikide aberatsa esploratzen du, Zuberoako arimaren eta kantuen bidez. Musika eta irudien bidez, ikusleek bidaia emozional bat egingo dute, bizitzaren, maitasunaren, itxaropenaren eta umorearen bidez gidatuta».

EKE Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean aritu da Loraldia iparraldeko sortzaile talde esanguratsu hau bildu ahal izateko. «Euskal kulturaren nortasuna eta arima ospatzen ditu, eta kantua gure arnasa eta gure nortasunaren pasaporte gisa aurkezten du», diote.

Sarrerak hemen salgai.

Emplacement

Arriaga Antzokia
Arriaga Plaza
Bilbo. Bizkaia