Zilibito Records eta Dupla Elizondon
Date
26.07.25 - 26.07.25
Lieu
Nafarroa - Elizondo

Azken garaian bogan diren kaleko doinuak entzun ahalko dira Elizondoko Bestetan. Uztailaren 26 gauean Zilibito Records eta Dupla taldeak herriko plazan ariko dira zuzenean 23.00etatik aurrera. Bi proposamenak indarrean datorren gazte belaunaldi baten parte dira, musikalki giro berrietan datorren korronte baten izebergaren puntetako bat.
Zilibito Records
Lau abeslarik eta bi produktorek osatzen dute Zilibito Records kolektiboa; 2020. urtetik daude martxan. Sortu eta berehala argitaratu zuten demo lanari esker Gaztea Irratiaren maketa lehiaketaren epaimahaiaren saria eskuratzea lortu zuten, eta horrek lehen diskoa grabatzeko aukera eman zion seikoteari. 2024ko neguan Baga Biga diskoetxearen babesean ikusi zuen argia taldearen lehen disko luzeak ‘Deabruen doinuak’ izenpean, non giro elektronikoetatik abiatuta, trapa, technoa, reggaetoia, rapa, edo rock sutsua entzun daitezkeen konplexurik gabeko doinu kokteleran. Taldearen ezaugarrien artean autotunea dago, abeslari guztiek erabiltzen dute, bestelako ahots moldaketarako lanabesekin batera, non errima eta erritmo bizien bidez deabrukeriak aipatzen dituzten disko monografikoan.
Dupla
Dupla taldea ere herriz herri dabil beraien ikuskizuna taularatzen. Beñat Oribe eta Gari Uriarte dira Dupla, bi laguneko banda erraldoia. Kontzertu soil batetik harago, bikotearen emanaldi bakoitza musika esperientzia bat da, non taldeak eta ikuslegoak bat egiten duten festa amaigabean. Berriki Herri Urrats ekimeneko kantua egin dute, eta beste behin, edozein musika eratan murgiltzeko gai direla erakutsi dute, Pantxoa eta Peio abeslariekin batera egindako kantu ederrean. Abesti berriekin batera, taldearen betiko kantuak entzungo dira Elizondoko zuzenekoan.
Emplacement
Herriko plaza
Herriko plaza
Elizondo. Nafarroa