Zinemaldi Alternatiboa, kultura eraldaketa sozialerako

Date

22.09.23 - 30.09.23

Lieu

Gipuzkoa - Donostia

Zinemaldi Alternatiboak prest du aurtengo egitaraua.
Zinemaldi Alternatiboak prest du aurtengo egitaraua. (ZINEMALDI ALTERNATIBOA)

Donostiako Zinemaldi Alternatiboa (San Sebastian Insurrectionary Fandango Festival) bueltan da. Aurten 15. edizioa (10+5) ospatuko du jaialdiak.

2006an Parte Zaharreko Gazte Asanbladarekin batera lehenengo edizioa antolatu zutenetik, erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu izatea bilatu du jaialdiak, zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartuz. Lehen festibalaren ostean, Zinemaldi Alternatiboa antolatu gabe geratu zen hiru urtez, 2010ean Groseko Kortxoenea gaztetxean berreskuratu zuten arte.

«Bost urtez jaso gintuen Kortxoeneak, eta gaztetxeari omenaldia egiten dio ondorengo edizio guztietan egokitu izan dugun ‘+5’ aipuak. Izan ere, Zinemaldi Alternatiboak hiriko gune eta proiektu autogestionatuak lehenetsi ditu proiekzioak egiteko. Eta horrela jardun dugu urtez urte, harik eta Covid-19 birusaren agerraldiak egitasmoa egokitzera behartu gintuen arte. 2021ean, esaterako, zinema kalera atera genuen. Egitarau osoa kalean, aire librean programatu izana mugarria izan zen, aurrera begira aukera berri eta ederrak zabaldu genituelarik», gogoratu dute.

Pentsamendu kritikoa eta elkarlan aktiboa

Zinemaren bidez gogoeta kritikoa sustatzea dute helburu, gizarte gai eta gatazka ezberdinei buruzko lanak proiektatu eta hauek eztabaidan jarriz, pentsamenduak eragin eta arazoei aurre egiteko bitarteko komunak irudikatzea. «Aurtengo edizioan ere proiekzioen gehiengoa gune autogestionatuetan eta kalean izango dira, hiri neoliberal honetan, herritarron harreman espazioak aldarrikatzeko, zinema bitarteko bezala komunitateak josteko eta kultura eraldaketa sozialerako tresna bezala erabiltzeko».

«Donostiako mugimendu sozialekin elkarlanean antolatutako proiekzioak izango dira, bateko eta besteko borrokari ekarpena egin asmoz. Horren adibide dira, besteak beste, Marruma Kulturalak, Herri Kurduaren Aldeko Donostiako ekimena, edo Añorga Kultur taldearekin elkarlanean antolatutako saioak», gaineratu dute.

Aurtengo edizioan berriz, honako bi elkarlan hauek azpimarratu nahi dituzte. Batetik, EHUN mugimenduak etxebizitzaren auziak sortzen dituen arazoak salatzeko irailaren 22tik 24ra Antiguako Sert plazan egingo duen kanpaldia antolatu dute, eta Zinemaldi Alternatiboa bertan egongo da irailaren 23an ‘Habitar la Utopía’ proiekzioarekin. «Gogoratu behar da plaza horretako alokairu sozialeko 522 etxebizitza Black Stone funts putreari saldu dizkiola administrazio publikoak», salatu dute.

Bestetik, «Manteo eta Zemoria parkeen defentsan eta udal gobernuak bertan eraiki asmo duen Gastronomy Open Ecosystem (GOe) proiektuak eragingo duen berdeguneen suntsiketaren aurka, Uliako Auzo Elkarteak abiatu duen ‘Zu gabe, parkeak kentzen dizkigute’ dinamikarekin bat eginez, irailaren 29an antolatu dugun Jainkoak ez dit barkatzen dokumentalaren proiekzioa».

Egitaraua

Irailaren 22an 20.00etan Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko terrazan ‘Salvador Seguí, historia de un anarcosindicalista’ (Gonzalo Mateos, 2023) eskainiko da. «Salvador Seguí i Rubinat, El Noi del Sucre XX. mendeko lehen hamarkadetako anarkismoaren eta anarkosindikalismoaren figura esanguratsuena izan zen. Baina bereziki nabarmentzen dena ezagutza eta errekonozimendua da, berari buruz –horri buruzko anekdota ugari daude– eta bere jarduerez, klase herrikoiek (bereziki, Katalunian) zein beste sektore sozial batzuek zeukatena; baita bere etsai nagusiak ere: patronala eta Estatuaren aparatuak», diote.

Emanaldiaren ondoren solasaldia egingo da Emili Cortavitarte –Salvador Seguí fundazioko lehendakaria– eta Jacobo Riveroren –idazlea eta kazetaria– partehartzearekin.

Irailaren 23an 20.00etan Benta Berriko Sert plazako Akanpadan ‘Habitar la utopía’ (Mariano Agudo, 2014) ikusi ahal izango da. Krisia. Etxebizitza hutsak. Desjabetzeak. Triangelu krudel horren aurrean, talde heterogeneo batek, hainbat belaunalditako emakumeak buru zituela, etxebizitza bat izateko eskubidea egikaritzea erabaki zuen, eta beren jabetzakoa ez zen eraikin huts batean birkokatzea erabaki zuten: La Corrala Utopía. 688 egun eta 36 familia. Argirik gabe. Urik gabe. Beldurrik gabe.

Irailaren 25ean 20.00etan Añorgako Harrobi plazan ‘Peregrino Modernoen oporrak’ eskainiko da. Emanaldiaren ondoren solasaldia izango da Aimar Uribesalgo zuzendariarekin. «Dokumental honek mundu mailako turismoaren gaia jorratzen du, bere ertz historiko, ekonomiko, sozial eta ideologikoak landuaz. Turismoaren inguruan entzuten diren fenomeno arruntenak alde batera utzi (gentrifikazioa, masifikazioa...) eta autoreak modu sakonago batetik heltzen dio gaiari. Dena dela dokumentala Indotxinan zentratuta dagoenez (Vietnam, Laos, Kanboia), penintsula horretako historia hurbilak kontakizuna ardatzen du nolabait, ‘txangozale internazionalen aisia’ aitzakia bikain bilakatuz turismoa parte den jendarte eredu ezberdinen kritika eta autokritika gisako hausnarketak helarazteko».

Irailaren 27an 17.30ean EHUko Arkitektura Eskolan, berriz, ‘Citizen Jane’ (Matt Tyrnauer, 2016) ikusteko aukera izango da. 1960an, Jane Jacobsen ‘The Death and Life of Great American Cities’ liburua aurkikuntza handia izan zen arkitekturarentzat, urbanistek eta arkitekto modernoek hiriak berrantolatzeak izango lituzkeen ondorioak ikertzeagatik. Jacobs aktibista ere izan zen, eragin politiko handia zuen Robert Moses eraikitzaile boteretsuaren plan drakoniarrak geldiarazteko New York hirian sortu ziren mende erdialdeko mugimendu askotan parte hartu zuena. Emanaldiaren ondoren solasaldia Herrerako Auzo Elkartean.

Irailaren 28an 20.00etan Antiguako Txantxarreka gaztetxeko terrazan ‘Berfin’ (Özlem Yaşar, 2019) eskainiko da Herri kurduaren aldeko Donostiako ekimenarekin elkarlanean. Berfin gerran dagoen eskualde kurdu batean hazi ondoren gerrillarekin bat egiten duen neska gazte bat da. Bere historia amen erresistentziari egindako omenaldia da, eta gertuko errealitatea Kurdistango gerrillari gazte askorentzat. Filmak jasotzen duen kontakizunak paralelismo asko ditu pertsonaiei bizia ematen dieten aktoreen bizitzekin.

Irailaren 29an Groseko Manteoko berdegunean –Uliako auzo elkartearekin elkarlanean– ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ (Josu Martinez, 2018) filmaren txanda izango da. «Milaka arma erosi zituen euskal antifaxistentzat. Bere bizia arriskatuz, ehunka pertsonarena salbatu zuen. Franco hil zuen, ia. Lezo Urreiztietak bere bizitza harrigarria kontatzen digu, hil eta 40 urtera».

Azkenik, irailaren 30ean 17.30ean Groseko Marruma Elkartean ‘Bi arnas’ (Jon Mikel Fernandez Elorz, 2022) proiektatuko da Marruma Kulturalak ekimenarekin elkarlanean. «Istorio honetan bi arnasketa kontatzen dira: Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Díazena, Iratxeren amarena. Biek, bakoitzak bere erara, torturak eragiten duen arnasarik eza jasan dute, beste sufrimendu askorekin batera. Torturari buruzko testigantza da Bi arnas, inoiz eskaini ez den injustizia eta elkarrizketaren isla».

Emanaldiaren ondoren solasaldia egingo da Jon Mikel Fernandez zuzendaria eta Imanol Arzuaga ‘Kima’ ekoizlearekin.
 

Emplacement

Letaman gaztetxea
Intxaurrondo Kalea, 55
Donostia. Gipuzkoa