Zumetaren muralaren 50. urteurreneko ospakizunetan bilduko dira usurbildarrak

Date

22.09.23 - 23.09.23

Lieu

Gipuzkoa - Usurbil

Mende erdiko historia du Zumetaren muralak.
Mende erdiko historia du Zumetaren muralak. (Jon URBE | FOKU)

Irailaren 23ko asteburuan, Zumetaren muralaren 50. urteurrena ospatzeko herri jaialdia egingo dute usurbildarrek: herriko hainbat kulturgile eta eragile biltzen dituen Kulturguneak, 650 Usurbil Bizi proiektuak eta Usurbilgo Udalak antolatu dute, elkarlanean.

Bi eguneko egitaraua osatu dute, arte diziplina ugari oinarri izango dituena. Malen Aierbe usurbildarrak egin du jaialdia iragartzeko kartel nagusia. 


Mende erdia

2023an, 50 urte bete dira Jose Luis Zumetaren Usurbilgo murala egiten hasi zenetik (1973an hasi eta 1974an amaitu zuen). Urte hasieran, urteurrena ospatzeko ekimen sorta jarri zuten martxan udalak, Zumeta Arte Estudioak eta herriko hainbat eragile biltzen dituen Usurbilgo Kulturguneak. Kulturgunea da, hain zuzen ere, irailaren 23ko jaialdia antolatzen aritu den eragile nagusia: hamarnaka eragilek parte hartuko dute egun horretako ekintzetan, arte diziplina ugaritan aritzen direnak eta eguneko protagonista izango direnak. 


Bezperan, irailaren 22an, Oskar Alegriak Udalaren enkarguz ondutako ‘Zumeta 23’ film laburra estreinatuko da Zubietan 22.00etatik aurrera. Zuzendaria bertan izango da, besteak beste, filmean kolaboratu duen Koldobika Jauregirekin eta Manex Urtasun eta Maite Ortiz de Mendibil pilotari-margolariekin batera.

Duela mende erdi, Jose Luis Zumeta artistak bere lanik ikonikoena utzi zuen bere herriaren bihotzean: Usurbilgo frontoian. Alegriaren lan berrian, bi pilotari- margolarik kolore festa bat ospatu dute, haren omenez, Zubietako errebote plazan; Koldobika Jauregi eskultorearen kolaborazioa izan du, eta Manex Urtasun eta Maite Ortiz de Mendibil izan dira pilotari-margolariak.

Horren ostean, filmaren musika egin duen Peru Galbeteren emanaldia izango da, Peru Galbete eta Gu izenpean. Egun horren antolaketa nagusia udalaren eta Zubietako Herri Batzarren gain egon da. Peru Galbete eta Gu Peru Galbeteren laugarren diskoa da ‘Beiratu’. Bizitzari begietara begiratu, edo beiratu. Beiratzea ere badelako gauza bati beiraren ezaugarri edo itxura ematea, eder mantendu dadin. Hirukote akustiko formatuan arituko da Peru, Idoia Arizaleta gitarra eta teklatuan eta Santi Etxeberria kontrabaxuan. 

Larunbateko herri jaialdian ere izango da ‘Zumeta 23’ film laburra ikusteko aukera, horretarako propio ezarriko den txokoan: Alegriak berak aurkeztuko du, 12.00etan, Mikel Laboa plazan, Galbeterekin batera. 


Herriko hiru ikastetxeek ere parte hartuko dute jaialdian. Herriko ondarearen transmisioa helburu, ikasturte berriarekin, margolariaren figuran sakonduko dute, haren ibilbidean eta sorkuntzan, eta jaialdiaren apaingarri izango diren eskulanak egingo dituzte. 


Irailaren 23a, larunbata / Usurbilgo kaxkoan

11.00-13.30. Arte plastikoen erakusleiho eta tailerrak herriko sortzaileekin.

12.00. Oskar Alegriak Zumeta 23 film laburra aurkeztuko du, Mikel Laboa plazan, Peru Galbeterekin batera.

18.00. Usurbil Museo Irekia ibilaldi berezia, ezohiko geldialdiekin eta herritarrek girotua. 22.30. XUMETIK ikuskizuna: muralaren gogoetak dantza, antzerki eta musika bidez. Antolatzailea: Usurbilgo Kulturgunea.

Ekitaldietara sarrera librea da.

Emplacement

Mikel Laboa Plaza
Mikel Laboa Plaza
Usurbil. Gipuzkoa