Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Politika egiteko garaia

Ritak ez zuen igandeko hauteskundeetan bozkatu. Hamabi orduz egon zen lanean, hori jasoko duen kontraturik ez badu ere. Dena den, soilik udal hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea du, beste migratzaile askok bezala. Ez du sumatu berarekin inor akordatu denik kanpainan zehar.

Jokinentzat bere lehen hauteskundeak izan behar ziren, baina ez da 18 urte betetzera iritsi. Bi urte dira bere buruaz beste egin zuela, depresioak jota luze egon ostean. Gurasoek ere ez dute bozkatu, haserre daude oraindik semeari muzin egin zion hezkuntza zein osasun sistema publikoarekin.

Laurak ez du bozkatu. Kalean bizi denetik ikusezina bihurtu da gizartearentzat eta arrotz egiten zaizkio berarekin erabat ahaztu diren instituzioak.

Hauteskundeen emaitzek utzi diguten eszenatokia aztertzen gabiltza egunotan. Baina emaitzez haratago, bada bozkatzera joan ez diren horiek utzi dutena. Sekula ez ditugu ezagutuko boto eskubidea izanda joan ez direnen arrazoiak, baina abstentzioa aztertu beharreko faktorea da.

Politika egiteko garaia da, ahal izanda bozkatu ez dutenek politikan parte hartzeko gogoa izan dezaten, eta ezin duten horien eskubideak bermatu daitezen. Horietaz arduratu beharko dira berdin gure instituzioak, berdin aurki berrituko ditugun Europakoak.

Recherche