Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Ez haien izenean, ez eta gurean ere

Martxoaren 8ak utzitako argazkiei ilusioz begiratu diet. Gero eta gehiago dira orain arteko hutsuneak betetzen dituzten emakumeak eta, oraindik prekarizatuen eta egoera ahulenean dauden horien faltan egonda ere, aniztasunak gora egin du.

Hala ere, ez da falta izan ekimenok burgesia zuriaren emakumeon esparru direla esan duenik. Berriz ere guri buruz aritu direlako egun bakar batez ere isildu ezin diren horiek.

Litekeena da urtetan gure feminismo gertuenak emakume denak besapean jaso ez izana. Akaso, ez dugu behar bezalako ahaleginik egin ahots horiek denen bozgorailu izateko. Baina autokritika, autoikaskuntza eta autoeraldaketa zintzoa egin duen mugimendurik izatekotan, feminismoa da hori eta beti izanen da hamaika ezaugarri ezberdinek zeharkatutako ehunka gorputzen babesleku.

Ahots horiek denak gerraren aurkako mezuetan batu dira aurten. Feminismoak hemengo eta hango bizitza denak hobetzea duelako helburu, hain justu kapitalismo heteropatriarkalaren kontrako xedea. Hori baitute komunean gerretara jolasten den autokrata faxistak, neskatilez jositako eskola bati bonba bat jaurtitzen dion genozidak eta herrialde bati petrolioa lapurtu eta gurera ekarrita inguruko herritarren osasuna bost axola dion euskal enpresari eta negozio gizonak.

Recherche