Aste honetako egunen antzeko batean izan zen. Euritsua eta grisa. Gasteiztik Iruñerako bidean gindoazen, askoren aburuz motelak diren tren horietako batean. Nire eserlekutik gertu neska gazte bat eseri zen Cristina Peri Rossiren poesia eskuetan. Etxarri Aranatzera iristen ari ginela liburua itxi eta burua altxatu zuenean jabetu nintzen bere malkoekin. Ondo ahal zegoen galdetzekotan egon nintzen, baina berokia jantzi eta berehala altxatu zen, bere geltokira iristen ari baitzen. Gainera, litekeena da, malko horiek poesiaren ondorio izatea. Idazle uruguaitarraren literaturak sarri eragiten du hauskortasun sentsazioa; samurtasunez irudirik ederrenak sortu bezala, arimak leuntasunez apurtzeko gai izanda.
Trena berriz abiatzen ari zela, neskak eserlekuan ahaztutako euritakoa ikusi nuen. Nasara begiratu nuen eta hor zegoen, etengabeko euripean. Irribarre bat eskapatu zitzaiola iruditu zitzaidan, bere ahanzturak kexuaren ordez barrea eragin balio bezala.
Egun tristeak izaten ari dira eta komeni da gogoratzea hauskortasuna bizitzaren eta existentziaren berezko ezaugarria dela, burua altxatzea eta aurrera egiteko gaitasuna lez. Bien bitartean, Pedro Guerraren kantuak dion bezala, «cuida de mis labios, cuida de mi risa, sin prisa, no maltrates nunca mi fragilidad».
