Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Oinarrizkoak

Pandemiak insomnioa, antsietatea, nekea eta minak eragin dituela onartu den arren, oinarrizko zerbitzu gisa izendatu genituen kutxazainak ez dira lehentasunezkoak eta txertoa noiz jasoko zain egon beharko dute. Horretan ere gehienak emakumeak dira.

Supermerkatuko kutxazainarekin aritu naiz, ilararen erritmoak utzitako une laburrean. Berak eta lankideek igarotakoaz aritu zait etsirik eta «nork egingo digu kasu, baina?» esanez agurtu nau, hurrengo bezeroari lekua uzten niola.

Egunotan «niksinistendizut» edo «yosítecreo» delakoak ikusi ditugu. Hobeto esanda, «yonotecreo» mezua hedatu da nonahi. Olatua eragin duen istorio zehatzaz harago, emakumeon testigantzen zilegitasuna kolokan jarri da berriz ere. Txioak ez dira sententziak, hariak ez dira neurri edo araudiak, baina sare sozialak jendartearen adierazpenik etsigarriena direla ezin uka.

Orain zenbait urte, ospitale bateko zenbait langilek urteak eman zituzten borrokan euren buruko minak produktu kimikoek eraginak zirela frogatu zen arte. Histeriak jota zeudela baieztatu zen lehendabizi. Denak ziren emakumeak.

Pandemiak insomnioa, antsietatea, nekea eta minak eragin dituela onartu den arren, oinarrizko zerbitzu gisa izendatu genituen kutxazainak ez dira lehentasunezkoak eta txertoa noiz jasoko zain egon beharko dute. Horretan ere gehienak emakumeak dira.

Epailetzan edo osasun-sisteman genero-formakuntzarik ez dagoela aitzakia gisa erabiltzeari utzi behar diogu. Jendartea osatzen dugun guztiak kontuan hartzen dituen ikuspegirik ez dagoen bitartean, justizia ez da bidezkoa izango, ezta osasun-sistema unibertsala ere.

Recherche